Descárgate la app
Nafarroako udal ordezkariek Europako erakunde nagusiak ezagutu dituzte Bruselan
2024ko azaroaren 12a
Nafarroako udal ordezkariek Europako erakunde nagusiak ezagutu dituzte Bruselan
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Nafarroako hainbat udaletako ordezkariekin Bruselara egindako bisitan, "herrietatik eta hirietatik hurbilago dagoen Europa baten alde lan egitearen garrantzia” azpimarratu du. Izan ere, "Europako erakundeen funtzionamendua ezagutaraztea eta Europar Batasunaren politika nagusiak toki entitateen ordezkariei hurbiltzea" da, hain zuzen ere, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako ‘Europako Alkatetzak’ misioaren helburua, Departamentuaren ‘Nafarroa Europan’ ardatz estrategikoaren barruan baitago, ebaluazio- eta berritze-fasean.
Ondoko alkateek osatzen dute ordezkaritza: Tafallako ordezkariak (Xabier Alcuaz, alkatea eta NUKFko presidentea, eta Carlos Montoya, zinegotzia), Agoitz (Ángel Martín Unzué), Fustiñana (Sergio Vitas), Cintruénigo (Óscar Bea), Zizur Nagusia (Jon Gondán), Orkoien (Alejandro López), Ribaforada (Tirso Calvo), Lesaka (Ladis Satrustegi) eta Jesús María Rodríguez, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia. Horiek guztiak programa zabal batean parte hartzen ari dira, bisita instituzionalak eta udal intereseko arloei buruzko eduki teknikoagoak dituzten topaketak konbinatzen dituena.
Ana Ollo lehendakariordeak – Sergio Perez Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiarekin batera –azpimarratu du Nafarroako Gobernua zeharka eta modu estrategikoan ari dela lanean tokiko politikak Europako politikekin lerrokatzeko, hala nola trantsizio ekologiko eta digitalean, ingurumenean, gizarte- eta lurralde-kohesioan, despopulazioaren aurkako borrokan edo nekazaritza-garapenean. Politika horiek Foru Gobernuaren Kanpo Ekintzako Planak jasotzen ditu.
Zentzu horretan, Ollok gobernantza hainbat mailatan izatearen aldeko apustua egin du, europar eraikuntza bultzatuko duen eskualdeen Europa baten esparruan, baita tokiko eremutik ere: "hain zuzen ere, herritarrengandik hurbilen dauden espazioak. Demokraziaren eta boterearen deszentralizazioaren printzipioetan oinarritutako Europan parte hartzea bultzatu behar dugu", adierazi du. Izan ere, "Europako proiektuetarako (POCTEFA, Euroeskualdea, etab.) kofinantzaketa-aukerak ezagutzeak eta aukeratzeak duen garrantziaz haratago, Europa behetik eraiki behar dugun etxe komuna da, eta, nazioartean dauden garai zailak ikusita, balio demokratikoen eta giza eskubideen erreserba izan behar du".
Hala, kontseilariak nabarmendu duenez, "Europar Batasuneko kide izatea garapen eta kohesio sozialeko faktore argia izan da Nafarroarentzat, eta Europako eskualde aurreratuenen buruan kokatzen lagundu du. Argi dago gure herritarrek zenbait erronka dituztela gai estrategikoetan, eta erronka horiek ezin dira Estatutik bakarrik jorratu ".
Ollo lehendakariordeak udal ordezkaritzako kideei adierazi dienez, "erronka komun horien aurrean, Europar Batasunak interpelatuta sentitzen gara gure etorkizuna elkarrekin diseinatzeko, eta, zeregin horretan, udalek, kontzejuek eta mankomunitateek ekarpen handia egin behar duzue".
Parlamentua, Eskualdeetako Komitea, Nafarroako Bulegoa Bruselan eta bilera teknikoak
Misioaren programa Nafarroako Gobernuak Europar Batasunaren aurrean duen Bulego Iraunkorra bisitatuz hasi da, eta astearte honetan bildu ditu jarduera gehienak, Nafarroara itzuli aurretik, Europako Eskualdeen Batzordea (353 eskualdek osatutako organo aholku-emailea, tartean Foru Erkidegoa) eta Europako Parlamentua bisitatuz. Erakunde horretan ordezkaritza bat izan du europarlamentari nafarrekin.
Bestalde, alkatetzen ordezkaritza Europako erakundeetako ordezkariekin ere bildu da, gaurkotasuna duten eta toki-administrazioentzat interesgarriak diren gaiak ezagutzeko. Horrela, Nafarroako misioko kideek hainbat eremu ezagutu ahal izan dituzte, hala nola "Europako nekazaritzaren eta NPBren etorkizuna eztabaidagai: erronkak eta aukerak", Ricard Ramón i Sumoyk (DG AGRI, Europako Batzordea) emandako saio batean; edo EBko landa-eremuen epe luzerako ikuspegia, ikuspegi holistikotik, Marina Royok (DG AGRI, Europako Batzordea) eman duena.
Bisitan, halaber, bi gunetako erreferenteekin topaketak egingo dira, eta horiek ere erronka dira udalentzat, mankomunitateentzat eta Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat berarentzat. Horrela, senidetze-programak bultzatzeko Europako politikak eta CERV 2024 TOWN hirien sareak ezagutu ahal izan dituzte.
Bestalde, Project Adviser in European Health and Digital Executive Agency (HaDEA) erakundeko aditu Ignacio Morenok trantsizio digitaleko finantzaketa-aukeren gaia hurbildu die, Nafarroako Gobernuaren beste erronka estrategikoetako bat, non herritarrengandik gertuen dagoen eremuaren, toki-erakundeen, eta Europako esparruaren arteko loturak bila daitezkeen.