2024ko urriaren 14a

Nafarroako Trafikoak kanpaina bat bultzatu du gidatzean distrakzioek dituzten arriskuei buruz kontzientziatzeko

Aurtengo zirkulazio-istripuen %21ek gidatzeko arretarik eza izan dute arrazoi, Foruzaingoak irekitako eginbideen arabera
Irudi galeria

La consejera López presenta una campaña sobre distracciones al volante

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justizia Departamentuak, Nafarroako Trafikoaren bitartez, informazio-kanpaina bat jarri du abian, gidatzean distrakzioek dituzten arriskuez herritarrak kontzientziatzeko eta, horrela, gidatze seguru eta arduratsua sustatzeko.

Bihar martxan jarriko den eta gutxi gorabehera hilabeteko iraupena izango duen kanpaina hau, gaur aurkeztu du Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo Lópezek, José Javier Boulandier Nafarroako Trafiko Zerbitzuko zuzendariarekin batera.

‘Distrakzioak ez dira jolas bat’ lelopean, Lópezek azaldu duen bezala, kanpainaren helburua da “gidariei eta oinezkoei gogoeta eginaraztea edozein detrakzio-motak izan ditzakeen arriskuez, herritarrek jakin dezatela gidatzez kanpoko estimuluei arreta eskaintzeak erreakzio-denbora areagotzen duela, eta ondorioz, baita egiten duzun distantzia ere, istripu bat saihestea lortu ahal izan arte“.

Azken batean, Lópezek azpimarratu duenez, nafarren sentsibilizazio soziala bultzatzeko ekintza bat gehiago da, baita autobabesaren eta prebentzioaren kultura sustatzeko eskaintzat bat ere; izan ere, kanpainan azpimarratzen den bezala, “errepidean, segundo bat segundo bat baino askoz gehiago da”.

Asko dira gidatzearen arreta murrizten duten faktoreak, eta, ondorioz, hain segurua ez izatea eragin dezakete. Gidatzerakoa izaten diren distrakzio ohikoenetako batzuk ibilgailuko beste bidaiari batzuek eragindakoak dira, batez ere atzeko eserlekuetan haurrak daudenean; horren ondorioz, gidariak askotan atzerako ispilutik begiratzen du edo burua biratzen du zer egiten ari diren ikusteko.  

Era berean, ohikoak dira bi eskuak bolantean edukitzea eragozten duten distrakzioak, esaterako ibilgailuaren gailuak manipulatzeak, kasu nabigatzailea edo irratia, edo telefono mugikorra erabiltzeak eragindakoak; sarritan, gainera, berehalako mezularitzako aplikazioak erabiltzen dira, zeinek distrakzio bisuala, fisikoa zein kognitiboa eragiten duten.

Era berean, distrakzio kognitiboak daude, estresak edo gidatzen den bitartean pentsatzen diren kezkek eragindakoak.

Urriaren 7tik 13ra bitartean, Foruzaingoak kanpaina bat garatu du Nafarroako errepideetan gidatzean gertatzen diren distrakzioak zaintzeko.

Kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan zehar, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak adierazi du, aurtengo irailera arte izandako trafiko-istripuei buruz Foruzaingoak irekitako eginbideen arabera, istripuen % 21en arrazoia gidaritzari arretarik ez ematea izan dela.

Zifra horri kontrako erreia inbaditzeak edo segurtasun-distantzia ez errespetatzeak eragiten dutenak gehitzen bazaizkio, zein kasu askotan gidatzeari arretarik ez jartzearen ondorio diren, gidatzean gertatzen diren distrakzioei egotz dakiekeen istripuen ehunekoa % 30 ingururaino handitzen da.

Datu hauek ahalik eta gehien murrizte aldera, Nafarroako Gobernuak ekintza ezberdinak bultzatzen ditu, esaterako, Foruzaingoak trafikoa kontrolatzeko eta zaintzeko egiten dituen kanpaina espezifikoak. Kanpaina hauetako azkena Foruzaingoaren Trafiko eta Bide Segurtasuneko Arloak joan den aste osoan Nafarroako errepideetan egin duena izan da, eta gidatzean gertatzen diren distrakzioak kontrolatzeko eta zaintzeko izan da.

Hedabideetan, autobusetan, markesinetan eta sare sozialetan zabaltzea

Kanpaina, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan garatu dena, komunikabideetan zabalduko da, prentsa digitalaren eta irrati generalisten bidez. Gainera, kanpainak presentzia izango du Iruñako eta Tuterako autobusetan, Tafallako eta Lizarrako markesinetan, Facebook eta Instagram sare sozialetan eta Spotifyn.