2024ko martxoaren 27a

Nafarroako Gobernuak auzo zaintzaile proiektu pilotua bultzatu du Sakanan, adineko pertsonen bakardade arriskuak murrizteko

Taberna lehendakariordeak eta Maeztu kontseilariak Teknoadineko Landalab proiektua aurkeztu dute, inguruko mankomunitate eta udalekin elkarlanean abian jarritako ekimena
videocam Presentación en la Sakana de un proyecto de prevención de la soledad en mayores en el ámbito rural collections Irudi galeria

Presentación en la Sakana de un proyecto de prevención de la soledad en mayores en el ámbito rural

Nafarroako Gobernuak auzo zaintzaile proiektu pilotua bultzatu du Sakanan, adineko pertsonen bakardade arriskua murrizteko. Gizarte-berrikuntzako Teknoadineko Landalab proiektua, inguruko hiru gizarte-zerbitzuetako mankomunitateekin eta udalekin elkarlanean abian jarritakoa, landa-eremuetan gizarte-zerbitzuak indartzeko asmoarekin sortu da, adinekoak beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egon daitezen, behar den bizi-kalitatearekin. Horretarako, modu berritzailean konbinatzen ditu datuak aztertzeko eta geoerreferentziaziorako estrategia teknologikoak, eta gizarte-zerbitzuekin lotutako komunitate-zaintza tradizionaleko dinamikak bultzatzen ditu.

Felix Taberna lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria eta Carmen Maeztu, Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilaria Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan izan dira gaur proiektua aurkezteko, Luis Campos Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Politika Publikoen Ebaluazioko zuzendari nagusiarekin batera.

Teknoadineko Landalab-en pilotajea, zaintza eta lankidetza publiko-komunitarioaren Auzosare ereduaren barruan kokatzen dena, Sakanako bailaran gauzatzen ari da 2023ko apiriletik, berau osatzen duten hiru mankomunitateen eskutik: Altsasu, Olazti eta Ziordiko Mankomunitatea, Etxarri-Aranazko Mankomunitatea hala nola Irurtzungo Mankomunitatea. 2024ko urrian esperientzia pilotua osatzea aurreikusten da.

Proiektu hau Zakan Sozial Nafarroako gizarte-ekimeneko kooperatiba garatzen ari da; Bogan taldeko kidea da, Agintzari, Zabalduz eta Hirube kooperatibekin batera. Diagnostiko komunitarioaren lehen fasearen ondoren, apirila honetan Informazio Sistema Integral bat (SII) hedatzea aurreikusten da, hura osatzen duten eta proiektuan euren borondatez parte hartzeko prest dauden adineko biztanleen analisia erraztuko duena.

Nabarmentzekoa da proiektu hau, Foru Exekutiboak diruz lagundua eta Europar Batasunak– Next Generation EU bidez finantzatua, Nafarroako Hirugarren Sektoreko entitateei landa-eremuaren esparruan gizarte-berrikuntzako proiektuetarako dirulaguntzak emateko 2022ko ekainean eginiko deialditik sortu zela. Gaur egun Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du deialdi hori.

Diagnostiko- eta sentsibilizazio-fasea: lankidetza-hitzarmena eta talde eragilea

Diagnostiko-fasean, bakarrik bizi ohi diren inguruko adinekoen nahiak eta beharrak bilduko dira, eta interesdunei zein gainerako herritarrei galdetu izan zaie. Era berean, proiektuan parte hartzen duten hiru mankomunitateekiko harremana formalizatu da, interakzio-irizpideak arautzen dituen hitzarmen baten bitartez, eta eremu horretako 21 udaletatik 18 formalki atxiki zaizkio.

Horren ondorioz, talde eragile bat eratu da mankomunitate bakoitzean, honako hauekin osatua: Mankomunitateko Lehendakaritza, Gizarte Zerbitzuetako eta osasun-zentroko erreferentziazko gizarte-langileak eta Teknoadineko lantalde teknikoa, udal-ordezkariez gainera.

Talde honen zeregina ekintza komunitarioen jarraipena egitea eta baliozkotzea da, Teknoadineko programaren garapena lurraldean jarraitzeko eta engranatzeko ezinbesteko zutabea baita. Hilean behin egiten dira bilerak.

Azken hilabeteetan zehar, lurraldeko erreferenteak sentsibilizatzeko, erakartzeko eta gaitzeko ekintzak ere egin dira: lidergo naturalak dituzten bizilagunak, errekonozimendua eta inplikazioa dutenak, zeinekin laster abiaraziko diren prestakuntza-ekintzak eta aktibazio-ekintzak, proiektuaren agente laguntzaile gisa dagozkienak.

Informazio-sistema baten ezarpena

Gaur egun, lehentasuna da Informazio Sistema Integrala (SII) antolatzea eta ezartzea mankomunitate bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetan. SII tresna arina da, hainbat dimentsiotan erabakiak hartzeko elementu zehatzak ematen dituena. Alde batetik, maila globalean, zahartzeari eta gehiegizko zahartzeari, feminizazioari, bakarrik dauden adinekoei eta/edo gizarte-isolamendurako arriskuan daudenei buruzko datuak ematen ditu, eta bestetik, maila indibidualean, arriskuan edo gizarte-isolamenduan dauden pertsonak aurretiaz identifikatzen ditu.

SIIa Gizarte Zerbitzuen edo udal-errolden datuez hornitzen da, besteak beste. Horretarako, datu horiek eskuratzea eta tratatzea landu da, arlo horretako arau-esparruek xedatuaren arabera. Apirilean zehar, hiru mankomunitateetan SSI instalatzea aurreikusten da eta, horren ondoren, mankomunitateetako gizarte-langileak trebatuko dira, tresna hori erabiltzeko eta ustiatzeko erreferentziazko figurak baitira.

Horren ostean, lehen baheketa egingo da, informazio-sistema horrek egiten duen aurre-identifikazioan oinarrituta. Sistema horrek bakarrik dauden edo gizarte-isolamendurako arriskuan dauden adinekoak definitzen lagunduko du, eta talde teknikoa haiengana hurbilduko da, euren bizi-ingurunea zuzenean ezagutzeko, dagokien gizarte- eta familia-laguntzaren indarra baloratzeko eta hala dagokionean, proiektuan txerta daitezen eskaintzeko.

Sartzen diren adinekoek, ahal bada euren familiekin batera, erabakiko dute euren inguruneko zein pertsonak egin ditzakeen laguntza-lanak, nork eskainiko dien arreta berezia, atzemandako aldaketa edota arrisku-egoera jakitera eman dezan SII-rekin konektatutako APP baten bidez.

‘Auzozainen’ bidezko bizilagunen inplikazioa

Adinekoak auzokide laguntzailerik identifikatzea lortzen ez badu, lantalde teknikoak Teknoadineko zerbitzuari lotuta izango ditu komunitateko pertsonak, bai profesionalak (medikuak, erizainak, etxez etxeko arreta-zerbitzua, etab.) nahiz zerbitzu eta saltokietakoak (ostalaritza, elikadura, farmazia, etab.) edota bizilagunak, laguntza-lanak bete ditzaketenak.

Kasu guztietan, aldez aurreko prestakuntza jasoko da eta harreman-mota adostuko da, kontaktuaren intentsitateari eta maiztasunari dagokienez, adineko pertsonaren nahietan oinarrituta.

Komunitatearen inplikazioa funtsezkoa da proiektuaren funtzionamendurako, ‘auzozainen’ figura baitu (auzoko zaintzaileak) barne. Bakarrik bizi diren adineko bizilagunekin kontaktuan dauden boluntarioak dira, eta Gizarte Zerbitzuei egoera kezkagarrien edota arriskua ekar dezaketen egoeren berri emateko konpromisoa hartzen dute, betiere arreta hori ematen dioten adinekoarekin borondatez ezarritako harremanaren esparruan.

‘Auzozainak’ izan daitezke adineko pertsonen beharrizanekiko sentikorra den edozein pertsona, merkatarien, osasun-langileen edo bizilagunen artetik. Konpromisoa hartzen dute adineko pertsonaren eguneroko bizitzan gertatzen diren aldaketei arreta emateko, aldaketa horiek haren osasunerako arriskutsuak izan badaitezke, eta gizarte-zerbitzuei informazioa emateko, telefono mugikorraren, telefonoaren edo posta elektronikoaren APP baten bidez. ‘Auzozainak’ diren guztiek Teknoadineko profesional baten laguntza eta babesarekin kontatzen dute.