2024ko irailaren 6a

Nafarroako Gobernuak eta NUPek Europako proiektuei buruzko prestakuntza ikastaroaren edizio berri bati ekin diote

Ana Ollo lehendakariordeak azaroaren amaierara arte luzatuko diren saioei hasiera eman die. Ekimen honetatik 150 pertsona baino gehiago igaro dira
Ollo lehendakariordea aurkezpenean parte hartu duten pertsona batzuekin
Ollo lehendakariordea aurkezpenean parte hartu duten pertsona batzuekin  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Europako Proiektuen Sustapen eta Kudeaketarako Etengabeko Prestakuntza Ikastaroaren bosgarren edizioaren irekiera ofiziala egin du ostegun honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Berarekin batera, Sara Marcelino NUPeko Proiektuen Zuzendaritza Masterraren arduradunak parte hartu du.

Ollo lehendakariorde eta kontseilariak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak oso interesgarritzat jotzen du profesionalen artean (oraingoak zein etorkizunekoak) Europako programei eta deialdiei buruzko informazioa eskuratzeko aukera emango duten sareen eta interes-taldeen ezagutza zehatza indartzea; aliantza estrategikoak garatzeko aukera emango duten nazioarteko partzuergo eta partenariatuetara sartzea; eta proiektu sendoen proposamenak norgehiagoka-deialdietara aurkeztea. Horrela, Foru Gobernuak NUPi espezializazio ikastaro hau emateko hitzarmen bat ezartzea proposatu zion, aurreko lau edizioetan 150 pertsona baino gehiago trebatu dituena.

Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruak interes handiko finantzaketa-aukerak eskaintzen ditu Nafarroako enpresentzat, bai eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileentzat eta Administrazioarentzat berarentzat ere. Lurralde-lankidetzako programetan adituak diren hainbat hizlarik (Horizon Europe, Digital Europe edo Life, besteak beste) prestakuntza teorikoa emango dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola EBk ezarritako irizpideen eta eskakizunen arabera bideratzeko beharrezkoak diren gaitasunak trebatzeko.

Prestakuntza teoriko presentzialeko 30 orduei, irailaren 5etik urriaren 17ra bitartean, beste 30 lan-ordu praktiko gehituko zaizkie, eta parte-hartzaileek, taldeka, beren proiektu-proposamenak prestatuko dituzte. Proposamen horiek azaroaren 21ean eta 22an defendatuko dituzte azken bi saioetan.

Ostegun honetan, irekiera ofizialaren ondoren, lehen prestakuntza-saioa egin dute Sergio Pérez García Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak eta Silvia Ojer Torres Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak. Saioak Nafarroak Europan duen presentzia, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak bertan duen papera eta bere baitan dauden laguntza-tresnak aztertu zituen.