Descárgate la app
Nafarroak Nazio Batuen UNRWA agentzia aintzatetsi du Palestinako biztanleekin egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik
2024ko irailaren 21a
Nafarroak Nazio Batuen UNRWA agentzia aintzatetsi du Palestinako biztanleekin egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik
María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak Foru Gobernuak Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) egiten duen lana aitortu du gaur goizean Tuteran. Lan horrek, nazioarteko tentsio handiko une batean, “iluntasun zabalean” oraindik “Itxaropen-argi txikiak” geratzen direla gogorarazteko balio duela adierazi du.
UNRWA Nazio Batuen Erakundeko agentzia bat da, eta Siria, Libano eta Jordania herrialdeetan eta Gazako eta Zisjordaniako lurraldeetan errefuxiatu palestinarrei hezkuntza, osasuna, laguntza humanitarioa eta gizarte-zerbitzuak ematen zaizkiela bermatzeko lan egiten du. Biztanleria errefuxiatu horrek 5,9 milioi pertsonako komunitatea osatzen du, mundu osoko errefuxiatuen ia laurdena da, eta horri arreta emateko agentziak 1.000 instalazio baino gehiago ditu; horietan 30.000 langile inguru daude (eta horien % 99k errefuxiatu-estatusa dute).
María Chivite izan da Nafarroako Gobernuak bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten duten pertsona edo erakundeei eskerrak emateko urtero antolatzen duen ekitaldi instituzionalaren buru. NBEk Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta sustatutako jardunaldia irailaren 21ean ospatzen da.
Beste urte batzuetan bezala, ekitaldia Tuterako Castel Ruiz kultur etxean egin da. Lehendakariaz gain, Unai Haulde Nafarroako Parlamentuko presidentea; Alicia Echeverría Espainiako Gobernuaren ordezkaria; Alejandro Toquero Tuterako alkatea; Ana Ollo Foru Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; eta beste kontseilari zein agintari batzuk ere izan dira. Ekitaldiaren saria eta diploma Raquel Martí UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboak jaso ditu, Javier Moreno UNRWAko Nafarroako ordezkariarekin batera.
Ekitaldian Tuterako Joaquín Gaztambide abesbatzak ere parte hartu du; Komunitateko ereserkiaz gain, Josu Elberdinen ‘Zatoz’, Mocedadesen ‘Solo era un niño’ eta Mario Benedettiren testua duen Alberto Faveroren ‘Te quiero’ abestiak interpretatu ditu.
Lan eskerga aurretik
Lehendakariak aurtengo Bakearen Egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, “Estatu Batuetako hauteskunde garrantzitsuen, Venezuelako eskubide zibilen umiliazioaren, Mendebaldeko Afrikako gatazken eta lehortearen, Europako bihotzean jazotako eskuin muturraren gorakadaren eta inbasioa hasi zenetik bi urte eta erdi iraun duen Ukrainako gerraren aurrean munduak arnasari eusten dion une honetan”.
Testuinguru kezkagarri hori kontuan hartuta, Lehendakariak UNRWAren lan garrantzitsua eskertu du, bere esanetan “inoiz ez baita erraza izan”. “Aurten, UNRWAko 220 langile hil dira Israelek Gazari eta Zisjordaniari egindako setioan”, nabarmendu du Chivitek. “Gertaerarik odoltsuena duela hamabost egin jazo zen, bi bonba Nazio Batuen eskola batean erori zirenean, non 12.000 pertsona babesten ziren, gehienak emakumeak eta haurrak. UNRWAko sei langile hil ziren”.
Hala, Lehendakariak NBEko agentzia horrek azken 75 urteetan egindako lana baloratu du. “Zailtasun itzelen erdian”, adierazi du, “UNRWA erreferentzia izan da zerbitzurik oinarrizkoenak ez dituen biztanleriarentzat, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloan ematen duen babesa dela eta”.
“Zuen lanari esker, Palestinako errefuxiatuek gaixotasun kutsakor gehienak desagerraraztea lortu zuten”, jarraitu du Lehendakariak. “Bertako haur guztiak txertatuta zeuden, ez zegoen inolako analfabetismorik, eta haien bizi-kalitatearen estandarrak antzeko egoeran zeuden beste pertsona batzuenen gainetik jarri ziren. Eta aditz hauek iraganean idazten ditut, orain Gazatik geratzen den apurrean polioa berriz ere osasun publikoko arazo bat delako eta hezkuntzarako eskubidea gosea eteteko beharrak zanpatu duelako”.
Ildo beretik, Lehendakariak halaber gogorarazi du Gazako zerrendak, eskolak eta ospitaleak berreraikitzeko 40.000 milioi dolar beharko direla, eta 2 milioi errefuxiatu baino gehiagoren osasun fisikoa eta mentala errehabilitatzeko “belaunaldien lana” izango dela. Horrela, gaur emandako saria “egindako bidearen aitzatespen gisa” balio duela zehaztu du, “baina, batez ere, aurretik dagoen lan handiari laguntzeko”.
Laguntza humanitarioaren bizkarrezurra
Raquel Martí UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboak Nafarroako Gobernuaren eta eskualdeko herritarren babesa eskertu du, agentzia 2006an Foru Erkidegoan lanean hasi zenetik. Zehazki, 18 urte hauetan “Siriako gerran izandako larrialdian, Libanoko eta Zisjordaniako garapen proiektuetan eta Gazan Israelgo erasoaldi militarretan” partekatutako lankidetza nabarmendu du”.
Martík nabarmendu du UNRWA “Gazako laguntza humanitarioaren bizkarrezur” bihurtu dela, eta zonaldeko haurrei emandako babesa nabarmendu du. “2023ko urriaren 7az geroztik”, azaldu du, “UNRWAk 40.000 haur eta nerabe baino gehiago babestu ditu bere jarduera ludikoen, inoren kargura ez dauden haurrei laguntzeko saioen eta banakako zein taldeko kontsulta psikosozialen bidez. UNRWAk eta bere bazkideek polioaren aurkako kanpainaren lehen fasea amaitu berri dute Gazan: Agentziak 10 urtetik beherako 558.000 haur baino gehiagori inokulatzea lortu du Zerrenda osoan”.
Hala eta guztiz ere, Martík egiteko dagoen lana azpimarratu nahi izan du, eta inbasioaren kaltetu nagusiak Gazako adingabeak direla adierazi du, inguruko biztanleriaren ia erdia baitira. Gatazkaren gorakadaren hasieratik, zuzendariak azpimarratu duenez, “Gazako Zerrenda osoko 625.000 umeri, UNRWAko 300.000 ikasle barne, hezkuntzarako eskubidea ukatu zaie, eta, horrez gainera, “UNRWAko eskolen ia % 70i eraso egin diete”.
UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboak bere hitzaldia itxi du azpimarratuz Agentziako eraildako 220 langileren oroimenezko saria jasotzen duela, “asko euren lana betetzen ari zirela, eta beste batzuk euren familiekin zeuden bitartean”. Agentziako langileen izenean ere mezu bat helarazi du. Bertan, “Gazan gertatzen ari denarekin ez ohitzeko” eskatu die bertaratutakoei, “onargarri ez bihurtzeko”.
“Ez utzi Gazari buruz hitz egiteari, ez utzi Palestinari buruz hitz egiteari, ez kendu begirada, nahiz eta mingarria gertatu, eta jarraitu laguntzen, bertan euren bizitza ematen ari diren nire lankideak bezalako pertsonei”, esan du amaitzeko Martík.
UNRWA eta Nafarroaren arteko lankidetza
Agentzia ia bere osotasunean NBEko estatu kideen borondatezko ekarpenen bidez finantzatzen da. Halaber, Nafarroaren lankidetzarekin kontatzen du; Lehendakariak ekitaldian adierazi duen bezala, 2007tik Foru Komunitateak 4 milioi eta erdi baino gehiago bideratu ditu errefuxiatuen eskubideen inguruan kontzientziatzera eta, batez ere, haien osasunerako sarbidea bermatzera, hainbat programaren bidez, esaterako Zisjordaniako klinika mugikorrak edo Jenin, Tulkarem eta Hebrongo ama-haurrentzako arreta”.
Zehazki, 2022ko maiatzean, Foru Gobernuak hitzarmen bat izenpetu zuen halaber UNRWArekin, eta, horren bidez, 330.000 euro bideratzea adostu zen Zisjordanian errefuxiatuta dauden palestinarrei osasun-arreta emateko proiektu bat sustatzeko.
Aurreko aintzatespenak
2016. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuak bat egin du Bakearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak aintzatesteko ekitaldi instituzional batekin.
Horrela, orain arte nabarmendu diren beste erakunde eta pertsona ospetsu batzuen artean, Paco Etxeberria mediku eta antropologo forentsea, Federico Mayor Zaragoza botikari eta poeta, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga (WILPF), Staša Zajović aktibista serbiarra, Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroa (CEIPAZ), Guillermo Mugica Munárriz eta “Foro Gogoa” edo “Voces para la Paz” erakundea daude.
Aurreko edizioan, alegia 2023an, +34 Fundazioaren lana aitortu zen. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 2014tik ari da lanean, atzerrian espetxeratuta dauden pertsonei bere egoera juridikoei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzeko, Espainiako Estatuko kartzeletarako lekualdatzeak bizkortu ahal izateko.