Descárgate la app
Mª José Leozek Nafarroako Boluntarioen lehen saria jaso du, Down Sindromea duten pertsonekin egindako lau hamarkadako lan berritzaileagatik
2024ko urriaren 11a
Mª José Leozek Nafarroako Boluntarioen lehen saria jaso du, Down Sindromea duten pertsonekin egindako lau hamarkadako lan berritzaileagatik
Mª José Leoz Telleria kasedarrak Foru Gobernuak ematen duen Nafarroako Boluntarioaren lehen saria jaso du gaur, azken 40 urteetan Down Sindromea duten pertsonen alde egin duen lan berritzailea aitortzeko. Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari Félix Tabernak sari hori eman dio gaur goizean Baluarten egindako ekitaldi batean. Bertan, Leozen boluntariotzaren ibilbidea nabarmendu du, bere semearen ezaugarri genetikoa duten pertsonen bizitza hobetzera eta autonomia bultzatzera bideratua, nazioartean oihartzuna eta aintzatespena izan duten ekintzekin.
Sari hau emateak balio izan du aurten lehen aldiz Baluarten 11:00etatik 20:00etara ospatuko den `Batzen gaituen pultsua’ boluntariotzaren festa inauguratzeko. Bertan, 56 erakusketari egongo dira 3.000 metro kuadroko espazio batean, eta 38 jarduera Nafarroako Gobernuaren ‘Nafarroa, Orotan Lagun’ zerbitzuak Iruñako Udalarekin, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin eta Adacen fundazioarekin lankidetzan antolatutakoak, beste 64 erakunderen babesarekin ere kontatuz. Ekitaldi instituzionalean, Taberna lehen lehendakariordeaz gain, partaide izan dira halaber Aitziber Campión Iruñako Udaleko Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzia eta José Angel Andrés Nafarroako Kutxa Fundazioko presidentea.
Leozek boluntariotzaren arloan egindako ibilbidea 1985ean hasi zen, Down Sindromea zuen bere semea jaio zenean. Leoz andrea Nafarroako Down Sindromearen Elkartearen sorreraren sustatzaileetako bat izan zen 1990an, irabazi-asmorik gabeko erakundea, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko eta haien eskubideak defendatzeko lan egiten duena. Elkarteak berak bere hautagaitzaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, Leoz “bere herrian lurrin-denda bat zuzentzetik, bere semeari ezintasunagatik aukera gutxi dituen gizarte batean ateak irekitzeko borrokan nola lagundu ziezaiokeen asmatzera pasa zen”. Hala, “zugandik zugana” jarduera jarri zuen abian familiekin, eta bere etxean biltzen hasi ziren, seme-alaben beharrei erantzuteko ekintzak bultzatzeko asmoz.
Boluntario gisa egindako ibilbidean, Leoz bere ideia berritzaileengatik nabarmendu da. Ideia horien ondorioz, 2005ean Motxila 21 Rock taldea bultzatu zuen. Talde hori desgaitasunik ez duten boluntarioek eta Down Sindromea duten 15 pertsonek osatzen dute, eta aintzatespen ugari lortu dituzte.
Mª José Leozen proposamena Pertsona Boluntarioaren sarirako aurkeztutako 24 hautagaitzen artean hautatu zen, eta Nafarroako Gobernua aurten hasiko da aintzatesten gizarteko hainbat esparrutan egindako lan desinteresatuagatik nabarmendu izan diren herritarren ibilbidea. Puntuazio handiena lortu zuten hiru hautagaitzak joan den uztailaren 1ean baloratu zituen Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak, eta azkenean Leozena hautatu zuen. Gogoratu behar da Boluntario izendapena Nafarroako III. Boluntariotza Planean jasotako 59 ekintzetako bat dela. Plan horrek datozen lau urteetan Nafarroan boluntariotza bultzatzeko neurriak eta lehentasunak ezartzen ditu.
‘Batzen gaituen pultsua’ jaia
Baluarteko erakusketa aretoan gaur ospatuko den “Batzen gaituen pultsua” boluntariotzaren jaiak hainbat jarduera hartzen ditu barne, sei egunetan banatuta: boluntariotzako erakundeen erakusketarien gunea, emanaldiak egiteko eszenatokia, jarduera ezberdinak programatuko dituen gune nagusia, elkarte eta erakundeekin elkartu eta hitz egiteko gune bat eta beste bi jarduera gure aretoaren goiko aldean eta esparruaren kanpoaldean.
Erakusketarien guneak boluntariotza-erakundeen 56 “stand” ditu barne, eta horietatik beren jardueren berri emango dute eta interesa duten pertsonei beren lankidetza-premiei buruzko informazioa emango diete. Horien arten aurkitzen da ‘Nafarroa, Orotan Lagun’ plataformaren erakuslea dago: bertan, jendeak informazioa jaso, izena eman eta argazkiak atera ahal izango ditu horretarako bereziki prestatuko den gune batean edo ‘photocall’ batean. Pantaila bat ere badago, Foru Komunitateko boluntariotzari buruzko 20 bideo dakartzan karrusela proiektatuko duena.
Agertoki nagusian armeniar jatorriko Charles Aznavour abeslari frantziarraren omenaldia ospatuko da, Fermín Ardanazen eskutik (12:30), gospel kontzertu bat Alaikapelaren eskutik (16:45) eta Down Navarrako Dantza Taldearen emanaldia Noaingo Ardantzeta Taldearekin batera (17:45); ondoren ANFASeko euskal dantza taldea (18:15). YOAR Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak rondalla kontzertua eskainiko du (19:00) eta Nafarroako Medikuen Elkargoko abesbatzak amaiera emango dio jaiari, musika ikuskizun batekin (19:45).
Erdiko gunean aurreikusitako jardueren artean ‘Sembrando Ilusiones’ elkarteko pailazoek egun osorako antolatu dituzten jolasak eta animazioa nabarmentzen dira. Bestalde, Gurutze Gorriko boluntarioek lehen sorospenetako hainbat tailer eskainiko dituzte jardunaldian zehar, zehazki, bihotz-biriketako bizkortzeari, eztarri-trabatzeetan laguntzeari nahiz segurtasuneko albo-posizioari buruzkoak.
ADACEN kalte zerebralaren elkarteak tentsio eta fibrilazio aurikularreko probak egingo ditu, eta iktusaren prebentzioari buruzko informazioa emango du 10:00etatik 14:00etara. Erakunde honek, gainera, errealitate birtuala duen bide-zirkuitu bat eskainiko du, mundua alkoholaren edo drogen eraginpean nola ikusten den erakusteko (17:00), baita globoflexia eta aurpegiak margotzeko saio bat ere haurrentzat (17:30).
Saskiak Gida Mikologikoen Elkarteak egun osoan perretxikoak identifikatzeko moduari buruzko informazioa emango du, eta ONCE Nafarroak ikusmen-urritasun larria duten pertsonen esperientziak azalduko ditu, haiekin elkarreragiteko moduari buruzko informazioa emateaz gainera (11:15 – 12:30).
Bi ginkana ere ospatuko dira, Itaka Escolapios Fundazioak (16:00-17:00) eta Munduko Medikuak elkarteak (18:00-19:30) antolatuta. Jarduera interaktibo eta hezitzaile bat proposatuko dute, emakumeen genitalen mutilazioaren arazoari buruz kontzientzia sortzeko. Medicus Mundik tailer bat egingo du jendeak bere txapak sortzeko aukera izan dezan (17:00-19:00) eta Nafarroako Boluntario Olinpikoen Elkarteak (ASVONA) integraziorako haurrentzako jolas saio bat eskainiko du 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat (17:00-18:00). Amnistia Internazionalak Giza Eskubideei buruzko mahai-joko kolaboratibo bat antolatuko du (17-30-19:30) eta SEI Elkarteak nerabeen migrazioari buruzko jolas hezitzaile bat (17-30-19:30).
‘Fresca’ izenburupean, elkarteekiko topaketa zein elkarrizketa guneak boluntariotzari eta enpleguari buruzko tailer bat egingo du goizean zehar ‘Navarra Nuevo Futuro’ elkartearekin (10:30); Profesional Solidarioen psikologo batek boluntariotzaren balioei buruzko hitzaldi bat eskainiko du (11:45); eta Nafarroako Kutxa Fundazioak ThinkXSocial Navarra saioa antolatu du (13:00).
Arratsaldean zehar, ASVONAko kirolariek kirol boluntariotzari buruzko hitzaldia emango dute (16:00) eta Itaka Escolapios Fundazioak boluntariotza esperientziei buruzko mahai-inguru bat koordinatuko du (17:00). Bestalde, Tximeleta hezkuntza berriztatzeko proiektua sustatzen duten profesionalek, “askatasunean heziz” izenburupean, bere 20 urteko historia eta ibilbidea azalduko dute (18:00); eta Gizakia Helburu Nafarroa Fundazioak pertsona ezezagunen arteko laguntza jarduera bat planteatuko du (12:00etatik 20:00etara).
Erakusketa-guneko hegalean, Aspace Navarrak Boccia eta slalom erakustaldia eskaintzen du gurpildun aulkian (11:15), Centro Río Irati zentroak “Senti ezazu aniztasuna” ipuina kontatzen du Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetzan (12:00), eta ACCU Nafarroak yoga inklusiboko saio ireki bat ematen du (12:30). Arratsaldean, FRIDA Navarra elkarteak fibromialgiari eta neke sindrome kronikoari buruz idatzitako liburua aurkeztuko da (17:00).
Kanpoko espazioan, larrialdiei aurre egiteko boluntarioek euren materialak erakutsiko dituzte, informazioa eskainiko dute eta erakustaldiak egingo dituzte. Horrela, uholdeak prebenitzeko SUREM elkarteko babes zibileko boluntarioek erabiltzen dituzten ekipoak eta horiek saihesteko neurri aktiboak eta pasiboak ezagutu ahal izango dira. Nafarroako suhiltzaile boluntarioek suteen prebentziorako jarraibideak emango dituzte, eta Bilaketarako, Sorospenerako eta Ingurumena Babesteko Taldeak (EBYS) esku hartzeko materialak eta adibideak erakutsiko ditu. Horrez gain, Takonerara bisita gidatu bat egin ahal izango da Garrapo ingurumen-zerbitzuen erakundearen eskutik. Garrapok zientziarekin eta klima-aldaketarekin lotutako hezkuntza- eta boluntariotza-lanak egiten ditu, eta Iruñako Udalaren “yayacletekin” bizikletaz egiten diren ibilaldi terapeutikoak ezagutu ahal izango dira.