Descárgate la app
Lurralde Kohesioak 1,9 milioi eman ditu uraren hiri-zikloa digitalizatzeko laguntzetan, 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeetan
2024ko abuztuaren 2a
Lurralde Kohesioak 1,9 milioi eman ditu uraren hiri-zikloa digitalizatzeko laguntzetan, 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeetan
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeetan uraren hiri-zikloa digitalizatzeko dirulaguntzen deialdia ebatzi du. Guztira, 1.882.140 euroko laguntzak eman dira, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoak (Next Generation EB) finantzatuta.
Diru-laguntza horren helburua da uraren hiri-zikloaren eraginkortasuna eta digitalizazioa hobetzea, ura hartzeko azpiegiturei eta hornidura-sistemari dagokienez; era horretan, sistemaren telekudeaketa eta teleirakurketa sustatuko dira, banaketa-sareak behar bezala sentsorizatzeko eta galerak murrizteko. Halaber, beharrezko komunikazio-tresna guztiak hobetuko dira.
Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da udalerriei eta beste erakunde txiki eta ertainei (hornidura-zerbitzua ematen dutenak) baliabide espezifikoak eskaintzea, herri txikiagoek edateko ura eskura dezaten, oinarrizko eskubide baten hobekuntza bultzatzeko ekintzak burutuz, haien kalitatea hiri-eremu handiagoetan dagoenarekin parekatzearren.
Uraren hiri-zikloa digitalizatzea ezinbestekoa da udalentzat; izan ere, Nafarroako zenbait eremutan, bereziki biztanleria gutxiko landa-eremuetan, ura %60 baino gehiago galtzen dute, eta, ondorioz, kostu ekonomiko handiak dituzte. Hori dela-eta, beharrezkoa da hornidura-azpiegiturak hobetzea, erregistratu gabeko ur-kopurua murrizteko; horixe da Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen funtsezko helburua, Nafarroan arlo hidrikoan klima-aldaketaren kontrako borrokan oinarrizkoa dena.
Erregistratu gabeko ura da, neurketa-sistemarik ez izateagatik, hornidura-sarean dauden ihes edo galerak eta kontrolatu gabeko kontsumoak direla-eta azkenean kontabilizatzen ez den hornidura-ura.
Deialdiaren ezaugarriak
Eskaerak aurkezteko epean zehar, 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeen 24 eskaera erregistratu dira guztira. Aurkeztutako eskaerak organo instruktoreak egiaztatu eta ebaluatu ondoren, 22 onartu dira eta 2 baztertu, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak 2023ko abenduaren 29an emandako Ebazpenaren oinarrietan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Laguntza-deialdi honen xedeko jarduerak berariaz bideratuko ziren hiri-urerako uraren zikloaren digitalizazioko PERTEn ezarritako helburuak lortzera; alegia, udalerri txiki eta ertainetako sareetan galerak murriztea, uraren kontsumoan aurreztea eta/edo horniduraren bermea handitzea. Horien artean sartzen dira, adibidez, edateko ura hornitzeko instalazioetako hartune, putzu, ponpaketa eta biltegien funtzionamendua automatizatzeko ekipoak instalatzea edota kontagailu digitalak eta emariak eta presioak kontrolatzeko ekipoak instalatzea.
Erakunde onuradunak izateko aukera zuten hornidura-zerbitzuak emateko eskumena duten udalerriek edo bestelako toki-erakundeek, 20.000 biztanletik behera badituzte.
Uraren hiri-zikloa digitalizatzeko inbertsioen diru-laguntzaren eskaera bakoitzari gehienez 400.000 euro esleitu ahal izango zitzaizkion, eta egin beharreko inbertsioaren kostuaren %90 finantzatuko zen, BEZ gabe. Beraz, erakunde onuradunaren baterako finantzaketa beharko da.
Toki-erakunde onuradunak
20.000 biztanletik beherako toki-erakunde hauek izan dira diru-laguntzen onuradunak: Uharte Arakil, horniduraren banaketa-sarea digitalizatzeko eta sektorizatzeko, 195.252 euro; Arantza, telekudeaketa, sektorizazioa eta etxeetan kontagailuak instalatzeko, 148.683 euro; Lesaka, uraren kontagailu adimendunak hornitu eta instalatzeko eta telekudeaketa ezartzeko, 350.800 euro; Lekunberri, edateko ura banatzeko sarea sektorizatzeko eta teleirakurketa duten kontagailuak instalatzeko, 231.062 euro; Irunberri, edateko uraren banaketa-sarea sektorizatzeko, 80.126 euro; Esa, banaketa-sarearen telekudeaketa eta sektorizazioa ezartzeko, 88.967 euro; Izarbeibarko Mankomunitatea, 1. Faseko ziklo integrala digitalizatzeko, 372.052 euro; Agoitz, uraren hiri-zikloa digitalizatzeko, 101.649 euro; Arguedas, udalerriko ur-sarearen digitalizaziorako, 185.355 euro; eta Erro, uraren hiri-zikloaren digitalizaziorako, 128.187 euro.
Gobernu Zentralak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) bitartez, jada baieztatu du 1,8 milioi euro jarriko dituela berriro Nafarroarako, datorren ekitaldirako, , uraren zikloa digitalizatzeko PERTE barruko jarduerak burutzeko.
Hornidura-arloan, 61,6 milioi euroko jarduerak
Funts horien bitartez, 2022ko martxoan onartutako Toki Inbertsioen Planaren lerro ezberdinak osatzen dira; bertan, hornidura hobetzeko jarduerak jasotzen dira.
Alde batetik, Inbertsioen Programen atalaren barruan, 35 milioi euro baino gehiago bideratuko dira 2022-2025 denboraldian, altako horniduraren arloan gutxienez 56 jarduera ezartzeko.
Bestetik, toki-programazioko atalaren barruan, hornidura-, saneamendu- eta euri-uren sareak eta zoladura berritzeari dagokionean, 64 jarduera sartu dira 2023-2025 hirurtekorako, 21,5 milioi euroko ekarpenarekin.
Azkenik, udalerri txikiak eta ertainak hornitzeko MRR deialdia ere nabarmendu behar da, 2022ko uztailean ebatzitakoa. Era horretan, 20.000 biztanletik beherako 41 udalerrik jasoko dute 3,1 milioi euroko laguntza.
Hortaz, Nafarroako Gobernuaren eta MRR Funtsen inbertsioa 61,6 milioi eurokoa izango da 2022-2025 denboraldirako.