2024ko martxoaren 27a

Kolon eta ondesteko minbiziaren diziplina anitzeko unitate funtzionalak 1.380 paziente artatu ditu azken 5 urteetan

Kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programari esker, 59 minbizi inbaditzaile diagnostikatu ziren Nafarroan 2023an
Nafarroako Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitate 
Funtzionaleko kideak.
camera_alt Nafarroako Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitate Funtzionaleko kideak.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

2019an abian jarritako Kolon-ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitate Funtzionalak 1.380 paziente artatu ditu jada Nafarroan. Denbora-tarte horretan, espezialistek egiaztatu dute bost urterekin biziraupen-tasa % 70 ingurukoa dela, % 25 eta % 92 bitartekoa tumorearen hasierako hedaduraren arabera, eta datu horiek bat datoz gure inguruko beste zentro batzuek erakutsitakoekin.

Kolon eta ondesteko tumorea da ohikoena Nafarroako biztanleriarengan; zehazki, gehien diagnostikatu ohi den bigarren tumorea da. 2023an, unitatean 324 paziente baloratu ziren tratamendua erabakitzeko, 2022an baino 26 gutxiago. Izan ere, azken urteotan, intzidentzia gutxitzen ari da, neurri handi batean, tumoreen presentzia hasiera fase batean detektatzeko den 2013an Foru Komunitatean ezarritako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programari esker, diagnostiko goiztiar baten bitartez sendaketen ehuneko handi bat lortze aldera.

Detekzio goiztiarreko programan diagnostikatutako minbizi-kasuen %18a

Nafarroan, baheketari esker, 59 kolon-ondesteko minbizi kasu diagnostikatu ziren, kasuen % 18a alegia. Foru Komunitateak programa honetan partaidetza-tasarik handienetako bat du. 2023. urtean, 89.662 pertsona gonbidatu ziren programan parte hartzera. Eginkarietan ezkutatutako odolaren gaineko test bat jaso zuten etxean, eginkarien lagina hartzeko kit bat, osasun-zentroan edo Osasun Publikoko Institutuan entregatu beharrekoa. Jaso zutenen % 74k euren osasun-zentroan entregatu zuten lagina. Parte-hartze handia da; izan ere, kolon-ondesteko baheketaren kalitateari buruzko Europako Gidaren gomendioak kontuan hartuta, maila desiragarritzat jotzen da parte-hartzearen % 65a lortzea.

Programan parte hartu zuten pertsonen % 3,83k emaitza positiboa izan zuten (% 4,52 gizonezkoetan eta % 3,22 emakumezkoetan), positiboen proportzioa handiagoa izanik 60 urtetik gorako gizonezkoetan hala nola 65 urteko emakumezkoetan. Positibo eman ondorengo hurrengo urratsa kolonoskopia sedazioarekin egitea da, ospitaleratu gabe. Guztira eta proba hori egin behar ez zen kasuak baztertu ondoren 2.342 kolonoskopia egin ziren, eta 59 minbizi inbaditzaile baieztatu ziren, hau da, % 2,6. Baieztatutako minbizi-kasu horien % 68 gizonezkoei zegozkien.

Nafarroako Koloneko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren kudeaketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) egiten du, eta bertatik garatzen dira detekzio-prozesuarekin lotutako jarduerak hala nola programa osoaren koordinazio, ebaluazio eta kontrola. Abian jarri zenetik eta gaur arte, 633.000 gonbidapen baino gehiago bidali zaizkie etxez etxe Nafarroan bizi diren eta programa honen herritar jomugak diren 50 eta 69 urte bitarteko gizon-emakumeei.

Diziplina anitzeko unitate bat

Kolon eta ondesteko minbizia duten pertsonak Nafarroako Osasun Zerbitzuaren (Osasunbidea) barruan tratatzen ditu Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitate Funtzionalak; honek azken bost urteetan 1.380 paziente artatu ditu. Bertan, Nafarroako sare publikoko hiru ospitaleetatik (Nafarroako Unibertsitate Ospitalea, Tuterako Sofia Erregina Ospitalea hala nola Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalea) datozen kasuak baloratzen dira, paziente bakoitzari tratamendurik egokiena emateko. Horrela, kasu bakoitza diziplina anitzeko saioan ebaluatzen da. Balorazio horiek diagnostikoaren unean egiten dira, erresekzio kirurgikoaren azterketa patologikoa garatzean, eta tratamendu onkologikoei erantzuna baloratzeko.

Diagnostikoa berresten duen biopsiatik tratamendua erabakitzeko diziplina anitzeko saioan baloratu arteko batez besteko denbora 8,45 egunekoa da, eta tratamendua hasi artekoa berriz, 26,6 egunekoa. Unitateko koordinatzaile Javier Suarez Alecharen arabera, “datu horiek inplikatutako zerbitzuek nahiz kasuak kudeatzen dituen erizainak gaixotasun hori duten pazienteekin konpromiso handia dutela adierazten dute”.

Taldea gaixotasun horren diagnostikoan eta tratamenduan adituak diren pertsonek osatzen dute, eta horien artean daude digestio-zerbitzuetako, erradiologiako, onkologia medikoko, anatomia patologikoko, kirurgia orokorreko hala nola onkologia erradioterapikoko espezialistak, Lehen Arretako, Osasun Publikoko Institutuko espezialistak eta kasuak kudeatzen dituen erizain bat. Anestesia, Geriatria, Barne Medikuntza nahiz Medikuntza Intentsiboa bezalako zerbitzuen inplikazioa ere ezinbestekoa da paziente horiek tratatzeko.

Kasu guztietatik, % 77 HUNean diagnostikatu zen, % 14 HRSn eta % 9 HGOn. Diagnosi uneko batez besteko adina 72 urtekoa izan zen, % 60 gizonezkoak eta % 40 emakumezkoak izanik.

Tratamenduak hobetzeko ikerketa

Asistentzia-lanaz gain, unitatea ikertzen ari da, egungo datuak hobetzea lortzeko. Hainbat azterketa egiten ari dira, besteak beste, bizi-kalitatearekin, 50 urtetik beherako pazienteekin edo tratamendu onkologiko berriekin egindako saiakuntza klinikoekin lotutakoak. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu bat nabarmentzekoa da; honek zerbitzu guztien partaidetza du eta kimioterapia zein erradioterapia bidezko tratamenduari ondesteko minbiziari ematen zaion erantzuna aztertzen du. Halaber, emaitzak hobetze aldera, biomarkatzaileek zuzendutako tratamendu onkologiko berriak txertatu dira, metastasia eta koloneko minbizi aurreratua duten pazienteak tratatzeko.

Unitatea irakaskuntzan ere inplikatuta dago, erizaintzako prestakuntza-ikastaroen bitartez, kolon nahiz ondesteko minbiziaren alderdi zehatzak sakontzeko diren jardunaldiak aldizka antolatuz edota Lehen Mailako Arretarekin lankidetzan arituz.