2024ko urtarrilaren 30a

Hezkuntza Azpiegituren Plan Zuzentzaile berriak 35 milioi euroko jarduerak aurreikusten ditu 2024an

Abartzuzan, Antzinen, Arraiozen, Aiegin, Cadreitan, Cintruenigon, Corellan, Irunberrin, Martzillan, Miranda Argan, Oronozen, Iruñean, Tuteran eta Vianan zentro eta obra berriak eraikitzea barne hartzen du
collections Irudi galeria

Hezkuntzak 2024ko Hezkuntza Azpiegituren Plan Zuzentzailea argitaratu du bere webgunean. Plan horren arabera, aurten 28.132.883 euroko inbertsioa egingo da ikastetxe propioetan, eta 35.504.498 euroko jardueren aurrekontu orokorra egingo da.

Hala iragarri du gaur goizeko prentsaurrekoan Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, zeinek nabarmendu duen plan honen ardatz lehenetsiak direla kalitatezko ikastetxe publiko, inklusibo eta hurbilen alde eginiko sustapena; eskola-azpiegiturak eraiki eta mantentzerakoan ingurumena errespetatzea; landa-inguruneko eskolarekiko babesa; behar bereziko ikasleak dituzten ikastetxe publikoekiko diskriminazio positiboa; 0-3 urteko ikastetxeetan eginiko inbertsioa; eta Lanbide Heziketako ikastetxeen modernizazioa.

Inbertsio aurreikusietan irizpide ezberdinak hartu dira kontuan, esaterako, azpiegiturak epe labur eta ertainerako aurreikusitako matrikulari egokitzea, eraikinak indarrean dagoen arautegiarekin egokitzea, horien irisgarritasuna hobetzea, bilgarrien egokitzapena, azpiegiturak beste metodologia batzuekin egokitzea, eremuen hobekuntza eta optimizazioa, eraikinen hobekuntza estetikoa, besteak beste. 

Prentsaurreko agerraldian Gimeno kontseilariarekin aritu da halaber Departamentuko Azpiegituren Zerbitzuko zuzendari Eneko Ardaiz, zeinen esanetan 2024an 10,4 milioi ikastetxe berrien eraikuntzara eta jadanik dauden haien hedapenera bideratuko direla; 6,4 milioi Lanbide Heziketako ikastetxeak eraiki eta egokitzera; 2,3 milioi existitzen diren ikastetxeetako mantentze-lanetara; 5,3 milioi ikastetxe publikoen garbiketa gastuak estaltzera; milioi bat kontserbazio eta konponketa gastutara; milioi bat energia gastutara; 1,4 milioi euro ekipamenduetara; eta 2,1 milioi beste gastu eta inbertsio batzuetara. 

Horrez gain, toki entitatetarako 1,5 milioi euroko diru-laguntzen aurreikuspena islatzen da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen harira; zifra hori 250.000 eurokoa izango da 0-3 urte tarteko ikastetxeak dituzten udalerrietako diru-laguntzetarako eta 265.000 eurokoa Hezkuntza Departamentuko inbertsiotarako. 

Udal titulartasuneko ikastetxetarako inbertsioak

2024an aurreikusitako inbertsioen harira, udal titulartasuneko ikastetxeetan, Plan Zuzentzaileak bere baitan ditu honako proiektuak: Aiegiko eskola publiko berriaren proiektua, Miranda Argako udalerriko ikastetxe publiko berriaren proiektua, Cadreitako Teresa Beltran de Lis ikastetxearen hedapena, Arraiozko (Baztan) ikastetxe publikoaren hedapena, Ciudad de Corella ikastetxe publikoaren hedapena, Vianako Ricardo Campano ikastetxe publikoaren hedapena, Abartzuzako Zumadia ikastetxe publikoaren hedapena, Cintruénigoko Otero de Navascués ikastetxe publikoaren hedapena eta Antzineko Lokiz ikastetxe publiko berriaren eraikuntza.

Era berean, Planaren baitan hartzen dira Oronozko (Baztan) LHko ikastetxe berria, Batxilergoaren ezarpenerako CI Lumbier ikastetxearen birmoldaketa, Erripagañako 0-3 Egunsenti ikastetxe berria, Martzillako Marqués de Villena BHIren hedapena, Cintruénigoko IESO La Paz ikastetxearen hedapena, Correllako Alhama BHIren hedapena, Tuterako Ostalaritza eta Jatetxe-Arloko graduetarako ETI San Juanen birmoldaketa, Iruñako Osasun Eskolarako (ESTNA) eraikin berriaren proiektuarekiko aldez aurreko jarduketak eta Lanbide Heziketako CI Tutera berriaren proiektuarekiko aldez aurreko jarduketak. 

D Eredua Lodosako Pablo Sarasate BHI-an

Gimeno kontseilariak iragarri du horrez gain 2024 honetan Lodosako Pablo Sarasate BHI hedatzeko obrak egingo direla, ikastetxean D eredua barne hartzeko asmoari jarraiki. Bigarren Hezkuntzan ere, Lehen Hezkuntzan bezala, Hezkuntza eredu hau bermatzeko beharretik eratorritako jarduketak dira; horretarako jada herriko institutuarekin kontatzen dute; “Ezagutza, Hezkuntza eta Aukeren Berdintasuna” lanaren 5 atalean xedatuta dagoen 2023-2027 Nafarroako Gobernu Aurrerakoi eta Plural baterako Akordio Programatikoan barne hartutako jarduketak ditugu hizpide. Gimenok adierazi du akordio honen ondorioz, Nafarroako Eskola Mapa aldaraziko duen hurrengo foru aginduan, Bigarren Hezkuntzako etapari ekitera doan Lehen Hezkuntzako ikasleria hartuko duen Lodosako Pablo Sarasate BHI ikastetxean D eredua barne hartzeko asmoa dagoela. 

Era berean, kontseilariak gogora ekarri ditu Departamentuak Iruñako CI Donibane eta Biurdana BHI ikastetxetan uda sasoian burutuko dituen jarduketak. Lehenengoan, Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza lanbide familiako Neurriko Jantzien eta Ikuskizunetakoen Goi Mailako Teknikaria ziklo berria eskainiko da; horretarako, zentroko eremuen 850 m2-tan obrak garatu beharko dira, barne hartuz jantzigintzako tailer bat, patroigintzarako beste bat,  larrukigintzako eremua eta laborategi berezi bat. Bigarrenean obra txikiagoak egingo dira. 

Gardentasuna eta kontu emateak

Gogoan izan behar da 2019-2023 legegintzaldian eta lehen aldiz, Hezkuntza Departamentuak gardentasuna eman ziola bere Azpiegituren Planari, bere web atarian jarduketen xehetasunak denon aurrean jakitera ematean, amaitu diren eta hasita dauden lanak, jarduketen aurreikuspena eta are 2021eko jatorrizko planean aurreikusita ez zeuden eta hura eguneratzerakoan geroago tartekatu zen lanen zerrenda bat barne hartuz, toki erakundeekin izenpetutako hitzarmenak islatzeaz eta Departamentuko diru-laguntzen deialdi ezberdinak ezagutzera emateaz gainera. 

Gardentasunaren eta kontu ematearen aldeko apustu hau halaber mantendu egin da Hezkuntzako web atarian 2024rako Hezkuntza Azpiegituren Plan Zuzentzailea argitaratzean.