Foru Gobernuak 4,8 milioi eurorekin eguneratuko ditu kudeaketa ekonomiko-finantzarioko eta pertsonaleko sistemak, errendimendua eta gaitasunak hobetzeko
Nafarroako Gobernuak 4,8 milioi euro bideratuko ditu Foru Administrazioak ekonomia- eta finantza-kudeaketarako eta langileen kudeaketarako erabiltzen dituen informazio-sistema zentralak eguneratzera. Horri esker, errendimendua hobetu ahal izango da, gaitasun berriak izango dira eta web sarbidea errazagoa, intuitiboagoa eta malguagoa izango da.
SAP plataforma informatikoaren gainean garatuta dauden kudeaketa-sistema horiek eguneratzeko baimena eman du gaur Gobernuaren bilkurak, eta, beraz, une honetatik aurrera, Telekomunikazioen eta Digitalizazioaren Zuzendaritza Nagusia, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren mendekoa, merkatuan eskuragarri dauden bertsio berriak lizitatzera eta kontratatzera bideratutako lanekin hasi ahal izango da.
Nafarroako Gobernuak SAP plataformaren gainean ezarrita ditu bere informazio-sistema zentraletako batzuk, zehazki, ekonomia-, kontabilitate- eta aurrekontu-kudeaketarako sistema eta langileen kudeaketarako sistema. Horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola Toki Administrazioko Azpiegitura Planak kudeatzeko sistemak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitaleko farmazia-biltegia eta informazioa hartzeko edo sartzeko SAPekin erlazionatzen diren beste batzuk. Laburbilduz, barneko milaka erabiltzaileri eta herritarrei eragiten dien zerbitzu multzo kritiko oso bat.
Gaur egun, kudeaketa-sistema horietarako SAP plataforma informatikoaren S/3 bertsioa instalatuta dago. Enpresa horrek sistema horien oinarri diren produktuak eboluzionatu ditu eta merkatuan S/4 HANA izeneko bertsio berriak ditu eskuragarri.
SAPek 2027tik aurrera S/4 HANA aurreko bertsioei laguntza emateari utziko diola eta horrek dakartzan hobekuntzak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak eboluzio-lanak egitea erabaki du. Ildo horretan, azpimarratu behar da S/4 HANAk hobekuntzak eskaintzen dituela, bai ikuspegi teknologikotik, errendimendua areagotuko duena, bai funtzionaletik, gaitasun berriak eskaintzen baititu, batez ere kontsulten eta txostenen beharrizanei dagokienez, baita web-sarbide errazagoa, intuitiboagoa eta malguagoa ere.
Era berean, S/4 HANA lagungarria izan daiteke administrazio publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko, datuak kudeatzeko eta aztertzeko gaitasun aurreratuak ematen baititu. Erabakiak hartzeko arintasuna, denbora errealean datu-bolumen handiak eskuratzeko aukera ematen baitu; prozesuen optimizazioa, eraginkortasunik ezak ezabatzeko eta produktibitatea hobetzeko; analisi aurreraturako tresna berriak edo hainbat iturritako datuen integrazioa dira bertsio berriak ekar ditzakeen onuretako batzuk.
Bilakaera horrek dakarren lan multzoa burutzeko, Nafarroako Gobernuak 4.837.014 euro (BEZa barne) bideratuko ditu 2024. eta 2027. urteen artean. Zenbateko horiek honela banatuko dira urteka: 1.512.014 euro 2024an, 1.812.500 euro 2025ean, 1.275.000 euro 2026an eta, azkenik, 237.500 euro 2027an.
Migrazioaren zenbateko osoa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Lehendakaritzako, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Herrizaingo Departamenduak eta Ekonomia eta Ogasun Departamenduak finantzatuko dute.
Gauzatzeko epeak eta aurreikusitako lanak
Lanak egiteko epeak aurten bertan hasiko dira, aldez aurreko analisiekin; 2024tik 2027ra, berriz, lanak kontratatuko dira.
Zehazki, SAP S/4 HANArako aurretiazko prestaketa-lanak eta lan lagungarriak lizitatu beharko dira. Lan horien artean, sistema bakoitzaren koordinazio orokorreko, aholkularitzako eta aholkularitza funtzionaleko lanak eta beste prestaketa-jarduera batzuk egongo dira. Lan horiek, migrazioari ez dagozkionak izan arren, osatu egingo dute eta unitate bakoitzak definitutako erabilerarako prestatutako sistemak utziko dituzte. Aldez aurreko prestaketa-lan eta lan lagungarri horietarako 1.449.000 euro erabiliko dira.
Bestalde, zerbitzari-azpiegitura osoa berritu beharko da, SAPen eskakizunak betetzen dituzten zerbitzari berriak lizitatuz eta erosiz. Azpiegitura hori erosteko 698.014 euroko aurrekontua dago.
Guztira, 240.000 euro erabiliko dira lizentzia berriak eskuratzeko eta dagoeneko eskuratutako lizentziak bihurtzeko; 350.000 euro, berriz, lehendik dauden lizentzien eta eskuratzen direnen mantentze-lanen gehikuntza ordaintzeko izango dira. Finantzaketaren zatirik handiena SAP S/4 HANAra migratzeko lan nagusiak izango dira eta 2.100.000 eurokoa izango da.