2023ko martxoaren 10a

Euskarabideak Nafarroari dagozkion azken Inkesta Soziolinguistikoko datuak aurkeztu ditu

“Euskara Nafarroako datu demolinguistikoetan. Iturriak, bilakaera eta egungo egoera” jardunaldian eman ditu ezagutzera
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Mikel Arregi, 
Euskarabideako zuzendari kudeatzailea aurkezpenean.
camera_alt Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendari kudeatzailea aurkezpenean.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Iruñeko Kondestablearen Jauregian antolatu jardunaldian, Euskarabideak datu demolinguistikoen garrantziaren gaineko gogoeta proposatu eta Nafarroako azken datuak, 2021ean egindako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasoak, aurkeztu ditu.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak irekiera hitzaldian nabarmendu duenez, jardunaldiak euskararen ezagutza egun zertan den eta azken hamarkadetan nola bilakatu den erakustea izan da. Kontseilariak bi ideia azpimarratu ditu. Batetik, elkarlanaren garrantzia; izan ere, Nafarroako Gobernua euskararen beste lurralde historikoetako erakunde publikoekin (Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin) lankidetzan ari da euskararen egoeraren datuen gaineko bilketan. Bestetik, Ollo kontseilariak datuen garrantzia nabarmendu du, hizkuntza politika publikoaren eragin edo inpaktu soziala neurtzeko beharrezkoa baita datu demolinguistikoak era sistematikoan jaso eta adierazle egokiak sortzea. Gainera, Euskararen Foru Legeak ezartzen duen betekizuna da Nafarroako Gobernuak aldian-aldian datu soziolinguistikoak jasotzea. Ollok azaldu duenez, datu demolinguistikoak gizartearen eskura jarriko dira.

Jarraian, Iñaki Iurrebaso Soziologian doktore eta EHUko irakasleak “Euskal Herriko hiztunak zenbatzen: iturri demolinguistiko nagusien deskribapena” izeneko hitzaldia eman du eta berriki aurkeztutako doktore tesian jorratu duen arloaren gaineko gogoeta teoriko-metodologikoa egin du eta datu demolinguistikoen biltze sistematikoaren garrantzia nabarmendu.

Ondoren, Paula Kasares, Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak, “VII. Inkesta Soziolinguistikoa: 30 urteko bilakaera (1991 – 2021)” saioan Nafarroan bildu diren azken datu demolinguistikoak aurkeztu ditu eta azken hiru hamarkadetan euskarak Nafarroan izan duen bilakaera azaldu du. VII. Inkesta Soziolinguistikoa (2021) Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak burutu duten eragiketa estatistikoa da, hiru erakunde publikoek euskara sustatzeko sinaturik duten Hiruko ituna protokoloan jasota dena. Hala bada, Inkesta Soziolinguistikoa Nafarroan ez ezik, EAEn eta Iparraldean ere egin da eta Nafarroako datuak dira aurkeztu diren lehendabizikoak. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak ezagutzera eman duenez: 16 urteko eta urte gehiagoko nafarren % 14,1 euskalduna da (euskaraz ongi egiten du) eta beste % 10,6 euskaldun hartzailea (euskaraz zerbait badaki, ongi mintzatzera iristen ez bada ere). Hala bada, lau nafarretik batek euskaraz daki, gutxi-asko. Adinaren arabera, euskararen ezagutzaren ehunekorik altuena nafar gazteen artean daude: % 28 euskalduna eta % 12,2 euskaldun hartzailea. Ehuneko horiek, Nafarroako eskualdeen arabera azterturik nabarmen aldatzen dira: eremu euskaldunean herritarren % 62,3 eta gazteen % 85,9 euskalduna dela. Euskarabideak “VII. Inkesta Soziolinguistikoa, 2021. Nafarroako Foru Komunitatea” txostena argitara eman du:

Hurrengo hitzartzea Sandra Eraso NASTAT-Nafarroako Estatistika Erakundeko Estatistikaren Produkzioaren Ataleko buruarena izan da: “Nafarroako Populazioaren Sistema Integratua. Euskararen ezagutzari aplikatutako metodologia”. Erasok hiru gai nagusi landu ditu: erregistro administratiboak, Nafarroako biztanleen azken 20 urteetako euskararen ezagutza aztertzen duten eragiketa estatistikoen ibilbidearen azterketa eta Nafarroako Populazio Sistema Integratua.

Bukatzeko, Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, “Egoera eta etorkizuneko erronkak, Nafarroako euskararen azken datu demolinguistikoen argitan” saioan egin duen hausnarketaren bidez itxiera eman dio jardunaldiari. Hitzaldian Nafarroako euskararen azken datu demolinguistikoen gaineko balorazioa egin du; zehazki, datuen garrantziaz, euskararen ezagutzaz, erabileraz eta euskara sustatzearen gaineko jarrerez mintzatu da.