2024ko urriaren 24a

Europak irekitzen dituen garapen-aukerei eta mugaz gaindiko lankidetzaren garrantziari buruzko jardunaldia antolatu da Beran

Ollo lehendakariordeak Europako Batzordeak Espainian duen ordezkaritzak antolatutako "Europako plazak" ekitaldian parte hartu du, eta bertan, landa-inguruneak eta herri txikiek Europaren etorkizuna eraikitzeko duten ahalmenaz jardun dira
Ollo lehendakariordea ekitaldian izan diren pertsona batzuekin
Ollo lehendakariordea ekitaldian izan diren pertsona batzuekin  Deskargatu irudia Irudi galeria

Mugaz gaindiko lankidetzaren garrantziari eta Europak Nafarroan irekitzen dituen garapen aukerei buruzko jardunaldia egin da Beran. Lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Europako Batzordeak antolatutako "Europako plazak" ekitaldian parte hartu du. Bertan, kohesio-proiektuen garrantzia nabarmendu da (Interreg, FEDER-POCTEFA edo FSE +), ‘Baserrriberri’, ’La Rhun-E’ edo ‘Uramuga’ bezalako adibideekin. Gainera, inguruko abeltzainekin nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen egoera eztabaidatu da Europaren eraginaren ikuspuntutik.

Ekitaldian Aitor Elexpuru Berako alkateak ere parte hartu du, eta Europako Batzordeak Espainian duen ordezkaritzak ekitaldi honetarako egoitza gisa aukeratu du Bera, "Europaren espirituaren eredu delako, kultura, hizkuntza, ondare artistiko eta natural komunak partekatzen dituen mugaz gaindiko izaera duelako". Ekitaldian, gainera, aipatutako hiru proiektu horiek bultzatu dituzten tokiko eta gizarteko erakundeek parte hartu dute. Europako erakundearen aldetik, Juan González Mellizo egon da, Europako Batzordeak Espainian duen Ordezkaritzako komunikazio-burua.

Ollo lehendakariordeak "Europako plazen" egoitza gisa Bera aukeratzen asmatu izana azpimarratu du, "Bera bezalako mugaz gaindiko tradizio eta bokazio hori hobeto hezurmamituko duten leku gutxi baitaude". Ildo horretan, Ollok gogorarazi duenez, "Nafarroako Gobernua tematuta dago gutxienez hiru legegintzalditan mugak ez daitezen izan komunitateak bereizten dituzten lerroak, baizik eta horiek batzen dituzten espazioak". Europari eta munduari irekitako Nafarroa baten aldeko apustua berriki onartu den 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan, eta beraz, Kanpo Ekintzarako aurrekontu-babes indartua du. Baita Nafarroaren konpromiso instituzional irmoa ere, une honetan Euroeskualdearen burua izanik eta aurrerago Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE-CTP) lehendakaritza hartuko duena.

Sergio Pérezek zuzentzen duen Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren plangintza estrategikoak ere jasotzen du helburu hori, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak bere gain hartutakoa, eta Ollo lehendakariordearen arabera, operatiboa edo teknikoa dena baino haratago doa. "Europa gaur egungo nazioarteko panorama korapilatsuaren aurrean, demokrazia, elkartasuna eta bakea bezalako balio nagusiei eusteko gune gisa bizitzea nahi dugu". Hori guztia "alde batera utzi gabe, ezta gutxiagorik ere, ikuspegi praktikoago bat – esan die udal ordezkariei, enpresaburuei, kolektiboei eta tokiko eta gizarteko beste eragile batzuei –, guztiek Europa aurrera ateratzeko aukera gisa ikus dezagun elkarlanean, auzolanean, beste modu batean inoiz izango ez liratekeen ekimenak eta proiektuak aurrera ateraz".

Aurrekontu-konpromisoa 2025ean, mugaz gaindiko lankidetza indartzeko

Mugaz gaindiko lankidetza mantentzeko eta indartzeko, prestakuntza, informazioa eta finantzaketa behar dira. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren hurrengo ekitaldiko (2025) Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan, Gobernuak sendotu egin ditu mugaz gaindiko lankidetza-ildo nagusiak, hala nola proiektuei, deialdiei eta zabalkunde-jarduerei laguntza; hainbat sare eta erakundetan parte hartzea, hala nola Pirinioetako Lan Erkidegoan (PLE-CTP) eta Nouvelle-Aquitaine – Euskadi - Nafarroa Euroeskualdean. Hain zuzen ere, azken honen buru da gaur egun Nafarroa, eta haren ordezkari gisa Arola Urdangarin zuzendaria ere izan da ekitaldian.

Urdangarinek eta Sergio Pérez Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak Europako laguntzen eta deialdien egitura eta edukiak azaldu dituzte (hala nola kohesio-funtsak, EGEF, FSE+, Interreg, etab.). Ondoren, praktikan, garatzen ari diren eta Euroeskualdearekin zein, bereziki, Berako herriarekin harreman sozial eta geografikoa duten hiru POCTEFA proiekturen sustatzaileen esperientziari heldu zaio. Zehazki, aurretik aipatutako proiektuak dira: ‘Baserriberri’ (baserriak birgaitzeko mugaz gaindiko proiektua), Peio Martikorena Fundazioa buru duena; ‘La Rhun-E’, mugaz gaindiko proiektua, non Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta hainbat udalek parte hartzen duten, horien artean Berakoa; eta ‘Uramuga’, non Nafarroako zati instituzionala Nilsari baitagokio.