2024ko ekainaren 10a

Ekainaren 21ean hasiko da Fiteron Nafarroako 43 herritara iritsiko den Kultur programaren 29. edizioa

Irailaren 28ra arte izango da, eta musika, zirku, magia eta folklore ikuskizunak, jarduera turistikoak eta erakusketa bat izango dira
Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía, eta Turismoko zuzendari 
nagusia, Ana Rivas, Kultur programako parte-hartzaileekin batera.
Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía, eta Turismoko zuzendari nagusia, Ana Rivas, Kultur programako parte-hartzaileekin batera.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programaren 29. edizioa ekainaren 21ean, ostirala, hasiko da Fiteron, eta irailaren 28ra arte izango da Nafarroako 43 herri eta kokagunetan, aurreko edizioekin alderatuta ibilbidea zabalduz.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguiak gaur goizean aurkeztu du programa Kultur Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria den Lorenzo Garbia Echegoyenekin, Maria Jimenez Moreno artistarekin eta Iruñeko Javier Lopez Jaso akordeoi-jotzailearekin batera. Azken horrek itxi du ekitaldia “Frevo” interpretatuta, berak egindako konposizioa, Fiteron ere entzungo dena.

Kultur Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren programa bat da, eta uda osoan zehar garatzen da leku interesgarrietan. Programazioa zabala eta askotarikoa da, eta, besteak beste, honako hauek batzen ditu: tradizioa, folklorea, zirkoa, magia, jazza, flamenkoa, pop hiritarra, sustraiko musika, estilo guztietako bandak, bluesa, rocka, jazza… Gainera, erakusketa-proposamena izango da Bertizen eta beste jarduera osagarri batzuk ere bai.

Programaren helburuak honako hauek dira: kalitatezko eta aniztasuneko eskaintza artistikoa sustatzea eta zabaltzea Nafarroako lurralde osoan zehar; toki-erakundeekin elkarlana egitea artea eta kultura hedatzeko; sektore turistikoaren ezagutza bultzatzea; eta ondare historikoa, artistikoa eta naturala behar bezala baloratzea, musika eta dantza jarduerak programatuz eta urtero berritzen den erakusketa-proposamenaren bidez.

Kulturako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Kultur “gure ondare kulturala, naturala eta historikoa ezagutzeko proposamena da, eta arte eszeniko eta musikal ugari eskaintzen ditu; lurraldetik gertuen dagoen programetako bat da”. Gainera, garrantzitsua dela esan du kultura eta folklorea bisitariengana gerturatzeko; izan ere, “kultura eta turismoa elkartuta egotea bultzatzen du, adin guztietako publikoari eskainitako programa baten programazioa aberasteko”.

Askotariko programazioa

Programazioa ostiraletik igandera eskainiko da ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. Ekitaldi kulturalak inguruneko jarduera turistikoekin osatuko dira, eta horiek Turismoko Zuzendaritza Nagusiak hautatuko ditu. Programaturiko 34 ikuskizun Nafarroako jatorria duten taldeek eta artistek garatuko dituzte.

Kultur ekainaren 21ean, ostirala, hasiko da Fiteron, Javier Lopez Jasoren “Inmarcesible” proposamen artistikoarekin. Eta bi hilabetez kontzertuak eta ikuskizunak eskaini ondoren, irailaren 28an, larunbata, amaituko da Zuñigan, Greasyren emanaldiarekin.

Ekainean, Kultur Fitero, Artaxoa, Gabarderal, San Adrian, Izaba, Martzilla eta Agoitzera iritsiko da. Uztailean, berriz, Lapoblación, Orreaga, Donamaria, Bera, Berbintzana, Erronkari, Etxarri Aranatz, Lizarra, Zugarramurdi eta Lekunberrira. Abuztuan, herri hauetan izango da: Otsagabia, Ribaforada, Elizondo, Garralda, Los Arcos, Gazteluberri, Mendigorria, Tafalla, Corella, Viana, Untzue, Zangoza, Lezaun, Leireko monasterioa eta Lodosa. Azkenik, programa irailean amaituko da, eta kontzertuak eta emanaldiak izango dira Faltzes, Altsasu, Tutera, Leitza, Arguedas, Uxue, Buñuel, Lizaso-Orgi, Gares eta Zuñigan.

Aurten, Lapoblación, Buñuel, Gazteluberri eta Garralda herriak batu dira programara. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen luzeena da KULTUR programa, iraupenaren eta hedaduraren aldetik.

Edizio berri honetan, publiko orokorrari hainbat gertaera, mito, tradizio, legatu eta sinesmen hurbildu nahi dizkion proposamen bat dago, iruditeria kolektiboan sorginaren irudia eraikitzeko garrantzitsuak izan zirenak. Nafarroako Maria Jimenez Morenoren obra da, argazkigintza, marrazkia, instalazioa baina batez ere ehun-eskultura (bereziki, kakorratzez ehundutakoa) lantzen dituen artista da. Materialek zein teknikek eskaintzen dizkioten aukeren eremu zabala ikertzen du.

Era horretan, Bertizko Lorategi Historiko-Artistikoan, Maria Jimenez Moreno artistaren “Basati-Salvaje” erakusketa ikusgai izango da,  Nafarroako sorginen ehizaren testuinguru historikoa, kulturala eta soziala hurbiltzen duena. “Sentsoriala dena indartu nahi dut errealitatearen pertzepzioaren zati moduan, eta erreala eta onirikoa lotzea ere bai, lurralde liriko pertsonala landuz”, nabarmendu du programaren aurkezpenean.

Horrez gain, aurten, proposamen enogastronomikoak izango dira; tartean, ardo dastatzeak Artaxoan, ezti dastatzeak Beran, gazta dastatzea Lezaunen eta Zugarramurdin, olio dastatzea Faltzesen, esnekienak Orreagan, mami dastatzeak Uxuen edo tokiko produktuen dastatzeak Tuteran eta Martzillan. Horrekin batera, etxaldeak bisitatu ahal izango dira Lezaunen. 

Kultur arloko jarduera hori guztia egin ahal izango da parte hartzen duten herriek eskainitako eszenatokiei esker, artisten eta herritarren arteko topaketa erraztuko baitute.

Programazio osoa eta zehatza kontsulta eta deskarga daiteke gaztelaniaz eta euskaraz Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren web orrialdean. www.culturanavarra.es