2023ko otsailaren 17a

DNA Bankuaren bi identifikazio berri Paternaingo hobian

Trenbideetako Antolín Eguiluz Moraza eta Juan Bautista Sansano Laberniarekin dagoeneko zazpi biktima identifikatu dira
Paternaingo hobitik gorpuzkiak ateratzeko lanak.
camera_alt Paternaingo hobitik gorpuzkiak ateratzeko lanak.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Memoriaren Institutuak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuko DNA bankuak Antolín Eguiluz Moraza eta Juan Bautista Sansano Labernia identifikatu zituen iazko uztailean Paternaingo hobitik ateratako gorpuzkinen artean. Antolin Eguiluz Miranda Ebrokoa zen, 1884an jaio zen, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Juan Bautista Sansano 1910ean jaio zen Ulldeconan (Tarragona) eta ezkonduta zegoen. Biak trenbideetakoak ziren eta Iruñeko Norteko Trenbidearen geltokian egiten zuten lan. Horixe da, hain zuzen ere, Paternainen 1936ko abuztuaren amaieran hil zituzten beste sei pertsonekin duten lotura: Gregorio Albo, Julio Butrón, Manuel Serón, Julio Peña, Francisco Velaza eta ezezaguna den geltokiko mutil bat.

Aldez aurretik atxilotuak izan ziren euren helbideetan edo geltokiaren ingurumarietan eta Zizur zendeako udalerri txikira lekualdatu zituzten, atxiloketa zentro bakar batean bere daturik erregistratu izan gabe, eskura dauden iturrietatik jakin izan denari jarraiki. Eguiluzi, gainera, arazketa espedientea ireki zitzaion Espainiako “Caminos de Hierro del Norte” Konpainiako langile bezala eta, beste kide batzuen kasuan bezala, aldeko ebazpenarekin amaitu zen, duela urte batzuk hiltzeagatik ondoriorik izango ez zuela agerikoa izan arren. Edozein kasutan, horrela bere aurka egotzitako salaketen garrantzi eskasa frogatu da, nahiz eta atxilotu zituztenen aburuz bere bizitzekin amaitzeko behar adinakoak izan.

Iazko uztailean Paternainen desobiratuak izan ziren hamar pertsonetatik, Nafarroako Memoriaren Institutuko desobiratze programaren baitan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren ardurapean, dagoeneko zazpi identifikatu dira. Gainerako hiru biktimekin lanean jarraitzen da, bere izenik ez jakitearen zailtasun gehigarriarekin. Oraindaino ez dute jakinarazi Nasertic enpresa publikoaren laborategi genetikoan kontserbatutako laginetako bakar batekin kointziditzen duen emaitzarik. Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak jadanik, totalean, 1936ko kolpe militarraren ondoren matxinatuek inposatutako indarkeriaren 39 biktima identifikatu ditu.

Eta hurrengo astean, 2023ko desobiratze planaren garapenerako lehenengo prospekzio lanak abiaraziko dira, Aranzadi Zientzien Elkartearekin adostutako hitzarmen esparruan. Nafarroako Memoriaren Institutuak eskertzen du ikertzaile, elkarte eta tokiko entitateen elkarlan hertsia, bai lagin genetikoen arabera topa litezkeen senitartekoak lokalizatzeko eta bai desobiratzeko dauden hobi berriak atzemateko.