2024ko ekainaren 11a

DBHko 1.000 ikasle baino gehiago zibersegurtasunean trebatu dira, Nafarroako Gobernuaren programa berri bati esker

Next Generation funtsekin finantzatutako eta 24 ikastetxetan ezarritako ekimenak segurtasun informatikoko erronkei aurre egiteko gaitasuna ematen die ikasleei
Declaraciones de la consejera Fanlo y el consejero Gimeno Irudi galeria

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak Plaza de la Cruz BHI bisitatu dute gaur goizean, Iruñean, zibersegurtasun programa berri baten garapena bertatik bertara ezagutzeko. Programa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko 24 ikastetxetako DBHko 4. mailako 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute.

Next Generation funtsekin finantzaturiko ekimena Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak bultzatu du Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean, eta horren helburua da gazteak funtsezko gaitasun digitaletan trebatzea, segurtasun informatikoko erronkei aurre egin diezaieten bai norberaren bizitzan, bai etorkizuneko lanean.

Bisitan zehar, kontseilariei eta Juan Ramon Aramendia Navarra Cybersecurity Center-eko koordinatzaileari harrera egin die Plaza de la Cruz BHIko irakasleek zein ikasleek.  Prestakuntza-ikastaro honetako unitate ezberdinetan aurrera egin dutela erakutsi diete; tartean, sistema eragileen konfigurazioa eta babesa, ziberiruzurrak saihesteko jardunbide egokiak eta zibermehatxuak identifikatzea bezalako alderdietan.

Fanlo kontseilariak honela nabarmendu du: “zibersegurtasunak etengabeko ikaskuntza-prozesua eskatzen du, eta horretan gizarte osoa inplikatu behar da, babes handiagoa eta garapen digital hobea bermatzeko”. Gainera, ezagutza-arloan Europako funtsak garrantzitsuak direla adierazi du. “Europako laguntzak iristen ari dira, eta, kasu honetan, herritarren artean prestakuntza digitala sustatzeko eta bultzatzeko irisi dira”, gehitu du. Modu horretan, Fanloak azaldu du Nafarroako Gobernuak “talentu teknologikoa sustatzearen eta ikastetxeetan gazteak prestatzearen aldeko apustua egiten du, era honetako ekimenen bidez zibermehatxu horiek prebenitzeko, identifikatzeko eta murrizteko”.

Testuinguru horretan, 2024/2025 ikasturtean, Zibersegurtasunaren lehen master ofiziala martxan jarriko da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). “Apustu honek kualifikazio handiko profesionalen gero eta eskaera handiagoari erantzuten dio, Nafarroako Gobernuak prestakuntza aurreratuaren alde egiten duen apustua indartzearekin batera, gai horretan oso garrantzitsua baita eta guztion inplikazioa behar baitu”, baieztatu du kontseilariak.

Bestalde, Gimeno kontseilariak adierazi du ekimena bat datorrela aurkeztu berri den Hezkuntza Digitalizatzeko IkasNOVA Planaren helburuekin. “Jarduera horrek Nafarroako hezkuntzaren modernizazioarekin nahiz ikasleak XXI. mendeko mundu digitalaren erronka eta arriskuetarako prestatzearekin dugun konpromisoa islatzen du. Digitalizazio Plana ikasleak hezkuntza-prozesuaren erdigunean kokatzeko diseinatu da, teknologia eskuratzeko aukera izatea eta etorkizunerako funtsezkoak diren gaitasun digitalak garatzea ziurtatuz”, adierazi du.

Bestalde, kontseilariak baita ere azpimarratu du Hezkuntza Departamentuak goi-mailako espezializazio-ikastaroa eskaintzen duela (LHko masterra); hots, “Zibersegurtasuna Operazioaren Teknologien Inguruneetan”. Ikastaroa Maria Ana Sanz Zentro Integratuan nahiz Donapea LHIn ematen da, eta aurten 20 ikasle baino gehiagok egin dute. Halaber, “Adimen artifiziala eta Big data” goi-mailako espezializazio-ikastaroa eskaintzen du (LHko masterra), Maria Ana Sanz Zentroan, eta 12 ikaslek egin dute. Era berean, irakasleek gai horri buruzko prestakuntza jasotzen dute INCIBEren bitartez (Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala), eta ikaskuntza hori ikasleengana ere zabaldu da.

Gimeno eta Fanlo kontseilariez gain, ekitaldian parte hartu dute Lanbide Heziketako zuzendari nagusia den Luis Calatayudek eta IKT Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria den Juan Ardaizek.

Zibersegurtasunari buruzko hiru unitate didaktiko

Prestakuntza-programak hiru unitate nagusi ditu. Lehenengoa informazio pertsonala babestean eta nabigazio seguruan oinarritzen da, eta, era horretan, jarraibideak ematen ditu antibirusak aplikatzeko, firewall-ak erabiltzeko, fitxategiak enkriptatzeko eta tokiko sareen segurtasunerako. Bigarren unitatea sistema eragileak mantentzeaz eta eguneratzeaz eta segurtasun-kopiak egiteaz arduratzen da. Azkenik, hirugarren bloke didaktikoak babes-metodoak berrikusten ditu, malware bidez eragindako kalteak minimizatzearren.

Ikaskuntza laguntzeko, ikastaro honek tutorizazio-zerbitzua du, eta ikasleek zalantzak bidali eta tutore espezializatuen erantzun pertsonalizatuak jaso ditzakete.

Proiektua ekainean burutzen ari da Nafarroako 24 ikastetxetan, gaztelaniaz zein euskaraz, eta 1.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Ekimenari esker, Nafarroako Gobernuaren helburua da gazteen gaitasun digitalak indartzea eta segurtasun informatikoaren aldetik gero eta digitalizatuagoa eta konplexuagoa den etorkizun baterako prestatzea.

Kontseilariaren bisitaren bidez, bi Departamentuek hezkuntzarekin eta eraldaketa digitalarekin duten konpromisoa azpimarratu da, Nafarroako ikasleak mundu digitalaren erronkei aurre egiteko ondo ekipatuta egotea nahi baitute.

Navarra Cybersecurity Center

Ikasgeletako prestakuntza-programa berri hori, gainera, bat dator Navarra Cybersecurity Center-en helburuekin. Zentro hori erreferentzia autonomikoa da zibersegurtasunaren arloan, eta NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen du.

Zentroaren helburu nagusia da zibersegurtasunaren inguruko ekimenak bultzatzea, Nafarroako Foru Komunitateko arlo guztietan (herritarrak, enpresa-sarea –batik bat ETEak eta autonomoak- eta administrazio publikoak) ziberresilientzia areagotu dadin, enpresa-ekosistemaren garapena eta zibersegurtasunaren sektorean talentu profesionala sortzea sustatuz.

Zentroa Nafarroako Gobernuaren ekimenez sortu da, CIBERREG lankidetza-proiektuaren barruan. Proiektua Foru Komunitateak koordinatzen du, eta beste 7 autonomia-erkidegok parte hartzen dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsen finantzaketari esker, RETECH (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak) programaren bidez.