Descárgate la app
Ana Ollo lehendakariordeak ‘Baserriberri’ proiektuari balioa eman dio, mugaz haraindiko lankidetzaren adibide gisa
2024ko martxoaren 22a
Ana Ollo lehendakariordeak ‘Baserriberri’ proiektuari balioa eman dio, mugaz haraindiko lankidetzaren adibide gisa
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak ‘Baserriberri’ proiektuaren garrantzia azpimarratu du gaur, mugaz haraindiko lankidetzaren adibide gisa POCTEFA deialdiaren esparruan. Halaber, proiektu hori adierazgarria da, Nafarroako Gobernuak eta ehun sozioekonomikoak bai Europa, bai muga, garapen partekaturako aukeratzat jotzeko egiten duten apustu osoaren barruan.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Urdazubin parte hartu du laneratzeko ekimen horren aurkezpenean. Ekimen horrek baserriak eta zurezko beste eraikin batzuk birgaitzea izanen du ardatz, eta 1,1 milioi euroko finantzaketa lortu du Europar Batasunak sustatutako INTERREG-POCTEFA programaren lehen deialdian.
Proiektuaren helburua da egurrezko lan-tekniketan trebatzeko mugaz haraindiko eskaintza berri bat garatzea, landako eraikin tradizionalak birgaitu ahal izateko. Eskaintza horrek langabeen laneratzea sustatuko du, eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuko du zurezko eraikuntzaren sektorean. Horregatik, honako emaitza nagusi hauek lortu nahi ditu: mugaz haraindiko prestakuntza- eta laneratze-prozesuetarako laguntza-metodologia bat; landako eraikin tradizionalak birgaitzeko zurezko lan-teknikei buruzko prestakuntza-ikastaro teoriko eta praktiko bat; eta 2026-2030 aldirako mugaz haraindiko prestakuntza-polo bat garatzeko ibilbide-orri bat. 1.778.447 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.155.989 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) datoz.
Ekimen horretako bazkide nafarrak Peio Martikorena Fundazioa eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia (Nafarroako Gobernua) dira; beste eskualdeen aldetik, berriz, lehen mailan daude Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetza, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Federation Compagnonnique Regionale Pyrénées Atlantiques eta Mission Locale Pays Basque Pyrénées Atlantiques. Erakunde elkartuei dagokienez, ekimenak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, EAEko Bidasoa LHIIren, EAEko Easo Politeknikoa LHIIren eta San Juan- Donibane LHIIren babesa du.
Gaurko ekitaldiak proiektua bertatik bertara eta zehatzago ezagutzeko balio izan du, eta parte hartzen duten gainerako erakundeen ordezkariek ere hartu dute hitza. Proiektu hori, gainera, mugaren kontzeptuaren inguruko ekimen zabalago eta dimentsioaniztun baten barruan sartzen da; Peio Martikorena guneko enpresaburu garrantzitsua zenaren fundazioa bultzatzen ari da ekimen hori.
Bere hitzaldian, Ana OIlo lehendakariordeak fundazio horren lana nabarmendu du, hitz hauen bidez: “Jakin du muga aukera-iturri bihurtzen, ulertu egin baitu, fundazioaren sortzaileak eta mugaz haraindiko eremu handi horretako herritar askok bezala, muga nahiak eta interesak batzeko gunea dela eta ez jendea bereizteko edo ateak ixteko tokia”.
Aliantzak egitearen eta muga aukera-gunetzat jotzearen garrantzia
“Eta posible izan da –erantsi du Ollok–, beste erakunde bazkide eta elkartu batzuekin indarrak batuz aliantzak ehuntzeko gaitasun horri esker” POCTEFAko kideei zorionak eta esker beroenak eman dizkie, eta aitorpen hori Pirinioetako Lan Elkartearen Interreg-POCTEFA programaren lehen deialdian Europako finantzaketa lortu duten gainerako proiektuen sustatzaileei ere helarazi nahi izan die, besteak beste, Nafarroako eragileei, 35 proiektuetan partaidetza dutenak.
Lehendakariordeak eskerrak eman ditu, kontseilaria eta lehendakariordea den aldetik. “Lehenik eta behin –adierazi du–, horrelako proiektuek nire departamentuaren, hau da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren lana indartzen eta zentzua ematen diotelako. Eta, bigarrenik, lehendakariorde izanda ordezkatzen dudan gobernuari berresten diolako gure apustu estrategiko eta programatikoa, hots, garrantzitsua dela Europa egunez egun, eremuz eremu, ideiaz ideia eta proiektuz proiektu eraikitzea”.
“POCTEFA proiektuak finantzaketa- eta jarduera-funtsak baino zerbait gehiago dira. Izan ere, mugaz haraindiko eremuaren ardatza indartu nahi duen konpromiso instituzional eta politiko baten parte dira eta horien emaitza dira. Konpromiso hori Kanpo Ekintzarako Planean sartua dago, eta Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da, Nafarroako gizarte- eta lurralde-kohesioari begira”.
Eta honela amaitu du: “Mugaz haraindiko eremua aukera-espazio bat da, baina, era berean, eremu kaltebera ere bada, eta, beraz, lurralde-kohesioaren eta landa-garapenaren ikuspegitik babestu behar da. Lankidetzan aritzera behartuta gaude. Gure kokapen geografikoak hala eskatzen digu, eta ez arrazoi ekonomikoengatik bakarrik, baita arrazoi sozialengatik ere, eta “Baserriberri” proiektu baliotsu eta oso hau horren adibide ona da”.
35 Poctefa proiektu
Jakina denez, proiektu hau Poctefaren lehen deialdian hautatu diren eta Nafarroako eragileen parte-hartzea duten 35 proiektuetako bat da. Proiektu horiek, guztira, 17 milioi euroko inbertsioa eginen dute Nafarroan, eta horietatik % 65 (11,07 milioi euro) deialdiko EGEF funtsetatik etorriko da. Hona hemen proiektu horien gaiak: ezagutza eta berrikuntza, balio ekologikoen babesa, prestakuntza eta enplegua, espazio inklusiboak eta sozialki integratuak sortzea, eta turismoa eta kultura sustatzea Pirinioen bi aldeetan.
Onuradunei dagokienez, Nafarroako Gobernuak berak 11 proiektutan hartzen du parte, hainbat departamenturen bitartez. Gainera, 5 sozietate publikok jaso dituzte onurak, eta unibertsitateek 6 proiektutan parte hartzen dute. Halaber, 11 toki erakundek onurak lortu dituzte. Hauek dira: Iruña, Tafalla, Uharte, Bera, Lesaka, Baztan, Urdazubi, Luzaide eta Esteribarko udalak, eta Eugi eta Zubiriko kontzejuak. Nafarroako gainerako onuradunak teknologia- eta ikerketa-zentroak, elkarteak eta enpresa pribatuak dira. Nafarroako bederatzi eragile –adibidez, Martikorena Fundazioa– proiektuen lider edo taldeburu dira.
Europaren finantzaketaren hurrengo deialdiak
POCTEFA 2021-2027 programa da INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren akronimoa. Programa hori lurralde-lankidetzarako Europako programa bat da, eta hiru herrialdeen artean mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortu zen. Batasunaren finantza-laguntzaren seigarren belaunaldia da jada, eremu horretako integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera bideratua. POCTEFAk Pirinioetako bi aldeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako mugaz haraindiko lankidetza-proiektuak finantzatzen ditu, mugaren itsasertzeko eremuak ere barnean hartuta.
Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) da programa kudeatzen duen agintaria. Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez parte hartzen du elkarte horren gobernantzan. Nafarroaz gain, partzuergo horretako kide dira Euskadi, Aragoi eta Katalunia, hegoaldean; Akitania Berria eta Okzitania, iparraldean; eta Andorrako estatua. Lehenengo deialdi horren ondoren, bigarrena prestatzen ari dira, baita beste berrikuntza batzuk ere urtearen bigarren zatirako.
Aurretik, Mendebaldeko Eremu Funtzional berriaren inguruko deialdia dago (Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriko hegoladeko zonaldea Baretous ibarreraino); Euroeskualdeak koordinatuko du, eta Nafarroa honen buru ari da martxotik aurrera. Guztira, 15 milioi euro daude proiektu “egituratzaileetarako”, hau da, lurralde horietan komunikatzea, lekualdatzea edo lan egitea errazten duten proiektuetarako. Mugikortasun iraunkorraren, eleaniztasunaren edo mugaz haraindiko enpleguaren inguruko proiektuak dira.
Beste berrikuntza bat da proiektu txikien deialdia, POCTEFA 2021-2027 programaren esparruan. Haren helburua da finantza-bolumen mugatuko proiektuak babestea, orain arte programan parte hartzeko gaitasunik edo aukerarik izan ez duten eragile berriak inplikatzeko.
Partzuergo osoan 200.000 euro baino gutxiagoko eta 24 hilabeteko edo gutxiagoko proiektuak gauzatu nahi dituzten udalei zuzentzen zaie. Deialdi horrek 4 milioiko zuzkidura izanen du, eta 2024ko amaierarako aurreikusia dago.