2024ko azaroaren 25a

'Etxerik gabekoen Kapilau' Pedro Mecaren omenaldian izan da Ana Ollo lehendakariordea Parisen

'Navarra Siempre' nafar zentroak eta Frantzian Bizi diren Espainiako Familien Gurasoen Elkarteak (APFEERF) XXI. Jardunaldi Solidarioa sustatzen dute etxerik gabeko pertsonentzat, domingotar atarrabiarrak ardura handiz lagundu zituenentzat
Ollo lehendakariordea, ekitaldian izan diren pertsona batzuekin. Bere 
ezkerrean, 'Navarra Siempre' elkarteko presidentea, José María Oliver
Ollo lehendakariordea, ekitaldian izan diren pertsona batzuekin. Bere ezkerrean, 'Navarra Siempre' elkarteko presidentea, José María Oliver  Deskargatu irudia Irudi galeria

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak Pedro Meca Zuazu (Atarrabia 1935- Paris 2015) apaiz domingotarraren omenaldian parte hartu zuen atzo, igandea, Parisen.

Omenaldia 'Navarra Siempre' nafar zentroak, Frantzian bizi diren Espainiako Familien Gurasoen Elkarteak (APFEERF) eta Parisko hainbat elkarte sozialek sustatu dute. Bertan izan ziren Frantzian Espainiako enbaxadore den Victorio Redondo Baldrich, Parisko UNEDeko zuzendari eta Sorbonako irakasle Jesús Dorronsoro, 'Navarra Siempre' elkarteko lehendakari José María Oliver eta Menak sortutako 'La Moquette' erakundeko ordezkariak.

Paris XV.eko alkatetzan egin zen ekitaldi hasieran, minutu bateko isilunea egin zen, urriaren 29an Valentzian eta beste leku batzuetan denboralearen ondorioz hildako 200 lagun baino gehiago eta kaltetuak gogoratzeko eta omentzeko. Ondoren, Pariseko Euskal Etxeko dantzariek aurreskua eta ezpatadantza dantzatu zituzten.

"Pedro Mecaren irudia -esan zuen Ollo lehendakariordeak-, ia ezezaguna da Nafarroan. Eta ez zait bera baino hoberik bururatzen Nafarroa solidario, abegikor horren adibide izateko, identitate-ezaugarritzat gizarte-kohesioa eta ahulenak babestea baititu".

"Pedro Mecak – jarraitu zuen lehendakariordeak- esan zuen inor ez dela alferrikakoa, pertsona osoa artatu behar dela, guztiek baitituzte gizarteari eman beharreko ahalmenak eta aberastasunak".
Ollok Pedro Meca presidente izan zuen "Navarra Siempre" zentroaren lana goraipatu zuen eta fundatzaile eta egungo presidente José María Oliverri zuzendu zitzaion. "Pedro Mecarekin batera, bizi zareten lekura gure lurraldeko onena eramaten duzuen pertsonak zarete. Bizikidetza eta Nafarroako aniztasuna indartu beharreko balioak dira, eta zuen adibideek horretan laguntzen gaituzte".

Amaitzeko, Ollo lehendakariordeak eskerrak eman zituen ekitaldirako gonbidapena luzatzeagatik: "Eskerrik asko gure lurraren alde egindako lanagatik eta baita ahulenei laguntzeagatik ere. Zalantzarik gabe, Nafarroako eredu zein markarik onena zarete".

Pedro Meca, Espainiako gerra zibilean erbesteratutako emakume baten semea, 17 urte zituenetik bizi izan zen Parisen. Apaiz domingotarra eta gizarte-langilea izan zen, eta kalean bizi diren pertsonei laguntzen eman zuen bizitza. 'La Moquette' sortu zuen, Gaueko Lankideen Elkartearen egoitza, etxerik gabeko pertsonei harrera eta entzutea eskaintzen diena. 'Navarra Siempre' zentroan parte hartu zuen bultzatzaile eta lehendakari gisa.