Descárgate la app
Nafarroak eta Kataluniak Memoriaren inguruko konpromisoa eta lankidetza berresten dute
2024ko otsailaren 16a
Nafarroak eta Kataluniak Memoriaren inguruko konpromisoa eta lankidetza berresten dute
Bigarren lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualdek eta Kataluniako Generalitateko Justizia, Zuzenbide eta Memoriaren kontseilari Gemma Ubasart i Gonzálezek, gaur Bartzelonan egindako bileran, bi gobernuek Memoriaren eta Bizikidetzaren politika publikoei eusteko eta politika horiek indartzeko konpromisoa eta apustua dutela berretsi dute, komunitate batzuetan politika horiek ezabatzen ari diren une honetan. Nafarroak eta Kataluniak lankidetza estua izan dute azken urteotan arlo horretan eta biak izan dira aitzindariak Estatuan.
Bi arduradunek bilera hau egin dute indarrean dagoen eta 2020ko abuztuan sinatu zen lankidetza-hitzarmena lau urterako berritzeko. Baita ere, Memorian gaurkotasuna duten gaiei buruzko hausnarketak partekatu dituzte eta, esparru juridiko horren barruan, praktikan Nafarroako Memoriaren Institutuaren eta Memorial Democràtic delakoaren artean garatzen diren ekimen komunak baloratu dituzte, gobernu bakoitzaren aldetik eskumena duten bi erakunde publiko baitira.
Jakina denez, Katalunia izan da frankismoaren biktimen errekuperazioaren eta erreparazioaren arloan ibilbide handiena egin duen erkidegoetako bat, bai erakundeetan, bai gizarte zibilean. Horrela, Euskadirekin batera, erreferentzia bat izan zen Nafarroako Gobernuarentzat 2015ean, memoria-elkarteek eta Parlamentuak adierazpen eta arau-onespenen bidez lantzen zuten erronka hori bere gain hartu zuenean.
Nafarroako kontseilari eta egungo bigarren lehendakariorde Ana Ollok nabarmendu du hitzarmenean jasotako hainbat eremutan azken lau urteotan izan den lankidetza ona, bai eta Gerra Zibilean eta diktadura frankistan desagertutako gorpuzkiei eta pertsonei buruzko informazio-trukea, dibulgazio- eta sentsibilizazio-jarduerak eta abar ere. Zehazki, elkarlana funtsezkoa izan zen Ramón Haro San Kristobaleko gotorlekutik (Ezkaba) ihes egin zuen presoaren gorpuzkiak identifikatzeko, bai eta tesauroei, memoria-espazioei edo sinbologiari buruzko datu-baseekiko hainbat elkarlanerako ere, Oroibidea datu-basea hobetzea ahalbidetu baitute.
Orain berritu eta eguneratu nahi den hitzarmenak aurreikusten duenez, Nafarroako Gobernuak eta Kataluniako Generalitateak beren DNA bankuetako laginak partekatzen dituzte, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan desagertutako pertsonak identifikatzeko. Gainera, memoria sustatzeko eta berreskuratzeko helburu komunetik abiatuta, bi erakundeek sinergiak bilatu dituzte erakusketetan eta errepresio frankistaren biktimak erreparatzeko, duintzeko eta aitortzeko beste ekintza batzuetan.
Bileran, lankidetza hori zabaltzeko eta zehazteko hainbat ildo planteatu dira, testu berriari begira, Nafarroako erbesteratze errepublikanoaren eta Frantziarako exodoaren inguruko ekintzekin lotuta; datu-baseen kudeaketan tresna teknologiko berriak aplikatzea, batez ere adimen artifizialak ematen dituen aukerekin; eta, azkenik, espazio publikoen demokratizazioaren inguruko ekimenak bateratu dira, sinbologia frankistari eta abarri dagokienez, indarrean dagoen legeria betez.
Kataluniako Generalitatearen aldetik, Gemma Ubasart, Justizia, Eskubide eta Memoriaren kontseilaria; Jordi Martino, Departamentuko idazkari nagusia; eta Jordi Font, Memorial Democràtic-eko zuzendaria izan dira bileran. Nafarroako ordezkaritzan berriz, Ana Ollo lehendakariordea izan da buru, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari José Miguel Gastónekin batera.
Ana Ollo lehendakariordea eta Gemma Ubasart i González kontseilaria beren talde teknikoek akordio instituzional berri bat amaitzearen alde agertu dira. Horrela, Ana Ollok Generalitateko kontseilariari garrantzitsua dela "memoriaren arloko politika publiko anbiziotsuak bultzatzen jarraitzea – are gehiago estatuko eta nazioarteko egungo testuinguruan –, frankismoaren, askatasunaren, berdintasunaren, justiziaren, ekitatearen, elkartasunaren edo giza eskubideen biktimak errepresaliatzeko erabili ziren balioak berrezartzeko” adierazi dio.
Ollok gogorarazi du Nafarroak Kataluniarekin partekatzen duela "biktimen memoriarekiko benetako konpromiso irmoa", eta, beraz, “bi lurraldeok bultzatzen ari garen lana are gehiago aberastu dezaketen esperientziak ematen jarraitzeko prest gaude, gertatutakoa zehatz-mehatz ezagutze aldera. Belaunaldi berriek Memoria duten Eskolen bitartez izan behar duten ezagutza, gizarte berri bat eraikitzea bada, desmemoriatik ihes egiten duen gizartea, gizarte bidezkoagoa, etikoagoa eta demokratikoagoa ", adierazi du.
Bartzelonako alkate Jaume Collbonirekin eta Mathausengo Amicalekin bilera
Bartzelonara egindako bisita instituzional horren esparruan, Ollo presidenteordeak ere bi bilera egin zituen Generalitatearekin bildu aurretik. Lehenengoa Memoria Historikoaren esparruarekin lotuta; izan ere, Amical de Mathausen elkarteko ordezkariarekin aurrerapausoak eman ziren hurrengo hilabeteetan kontzentrazio-esparru horretan plaka bat jartzeko, nazien kontzentrazio-esparruen sarean amaitu zuten ia ehunka nafarren oroimenez. Gai hori Memoria Historikoari buruzko Foru Legean jasota dago eta memoria-elkarteek edo Parlamentuak berak ere eskatu dute, bat datorrena Gurs-eko esparruan egindako antzeko ekintzarekin, baita Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren ildo estrategikoekin ere.
Bestalde, ostegunean bilera bat egin zen Bartzelonako alkate Jaume Collbonirekin, bizikidetzari eta memoria historikoari buruzko hainbat arloren inguruko proiektuak eta esperientziak partekatzeko (bereziki bizikidetzari dagokionez, sozialki gero eta anitzagoak diren erkidegoak baitira Nafarroa eta Katalunia) edo Kanpo Ekintzari buruzkoak, zentzu bikoitzean. Alde batetik, Kanpo Ekintzako ikuspegitik, bi erakundeek dituzten ekintzak bateratu ziren, nazioarteko elkartasuna eta giza eskubideen errespetua oinarri hartuta. Bestetik, Kataluniako hiriburuan bizi diren nafarren komunitatearekin lotutako lankidetza-puntuak areagotzeko ideia jorratu zen. Azken hau Ollok zuzendutako departamentuak Estatuko eta nazioartean dauden nafar erakunde eta etxeekin duen lan-ildo estrategikoaren esparruan.
Horien artean Bartzelonako Casa de los Navarros - Nafarren Etxea dago, Koldo Larrea buru duena. Atzo, Jorge Bentué diruzainarekin batera, presidenteordeari lagundu zion Collboni alkatearekin izandako bileran. Bartzelonako Udalaren aldetik, harreran parte hartu zuten ere Maria Eugenia Gay alkateordeak eta Sara Bellbeida herritarren harremanetarako eta kultura- eta erlijio-aniztasunerako komisarioak.