Descárgate la app
300 ikasle baino gehiago GR225a egiten ari dira "Askatasunaren botilak" martxan
2024ko ekainaren 12a
300 ikasle baino gehiago GR225a egiten ari dira "Askatasunaren botilak" martxan
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok harrera egin die Olaben "Askatasunaren botilak" martxaren lehen eguneko parte-hartzaileei. Edizio honetan sei ikastetxetako 300 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte, eta ekainaren 12an eta 13an GR-225aren bi zati zeharkatuko dituzte, 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekutik ihes egindako presoen urratsak jarraitzen dituen mendi-ibilbidea hain zuzen ere. "Askatasunaren botilak" ekimenaren seigarren edizioa da aurtengoa, eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatzen duen "Memoria duten eskolak" programaren kurtsoa itxiko da ekintza honekin.
IES Mendillorri BHI, IES Navarro Villoslada eta IES Julio Caro Baroja BHI Iruñako ikastetxeek parte hartu dute edizio honetako lehen jardunaldian. GR-225aren lehen etapa egin dute, San Kristobalgo gotorlekutik Olabeko hobiraino. Martxaren hasieran, San Kristobal gotorlekuaren kanpoaldean, Ezkaba mendian, Fermin Ezkieta ikertzaileak gotorlekuaren eta ihesaren testuinguru historikoa azaldu du.
Ondoren, parte hartu duten ikastetxeetako ikasleek "askatasunaren botilak" jaso dituzte, Urepel arteko martxa osoan daramaten sinboloa, presoen testigantzak eta argazkiak barruan daramatzatenak, baita ikasleek eskaini dizkieten idatziak ere. Ibilbidean zehar, ihesa zeharkatuz joan zen parajeei buruzko xehetasun gehiago azaldu dira, batez ere atxiloketak eta hilketak izan ziren tokietan. Basozainak ere bertan izan dira.
Etapa Olaben amaitu da, 2016an atxilotu eta hurrengo egunean epaiketarik gabe hil zituzten 16 preso iheslariren gorpuzkiak lurpetik atera zituzten hobian. Orain arte, Mendabiako Francisco Lecea eta Gasteizen bizi zen Máximo Sainz baino ezin izan dira identifikatu. Nafarroako Memoria Historikoaren Leku honetan, omenaldi-ekitaldi xume bat egin da, parte hartu duten ikastetxeek prestatutako jarduerekin. Ekitaldi horretan, Cintruenigoko Manuel Martínez Estradaren senideak egon dira, San Kristobal gotorlekutik ihes egin ondoren eraila. Haren gorpuzkiak oraindik ez dira berreskuratu.
Ollo lehendakariordeak jarduera honetan parte hartu duten ikasleen aurrean adierazi duenez, "benetako protagonistak zuek zarete, hain bidegabeak eta ez duinak diren gertaerak ezagutzeko eta ahazten ez uzteko interesa baituzue".
"Nafarroako Gobernuaren ustez, memoria ez da iragana, etorkizuna baizik. Horregatik, horrelako ekimenak lantzen ditugu erakundeok. Duela 86 urte hemen gertatu zenaren lekuko eginez, horrelako gertaerak ez ahaztea lortzeaz gain, inoiz ez errepikatzea lortzeko lanean ari gara".
Sorogaindik Urepelera
Ekainaren 13an, osteguna, hasiko da Sorogainen "Askatasunaren botilak" martxaren bigarren etapa, GR-225aren azken zatia zeharkatuko duena. Oraingo honetan, Iruñeko Iturrama BHIko, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako eta IESO Garralda DBHIko ikasleek eramango dituzte Ezkabatik Urepeleraino abiatu ziren botilak. Bidearen azken zatian, Urepeleko Oinarrizko Eskolako haurren laguntza izango dute, Jovino Fernández ihesaldia arrakastaz burutu zuten hiru iheslarietako bat iritsi zen herriko gazteak hain zuzen ere.
Pasa den maiatzaren 18an Jovino Fernandezen eta San Cristobalgo espetxetik igaro ziren preso guztien omenezko eskultura inauguratu zen tokian amaituko da etapa. Bertan, Ana Fernández, Jovinoren alaba, bertaratutako 200 neska-mutilei hitz batzuk esango dizkie. Gainera, Xole Aire Urepeleko alkateari Ezkabatik eraman dituzten askatasunaren botilak emango dizkiote ikasleek. Bertan, Nafarroa Garaiko ikasleek eta Urepeleko eskolako haurrek oroimen ekitaldi batean parte hartuko dute.