Descárgate la app
Larrialdietarako 112 telefonoaren bidez, 700.000 dei inguru artatu eta 330.000 gorabehera baino gehiago kudeatu ziren 2023an Foru Komunitatean
2024ko otsailaren 16a
Larrialdietarako 112 telefonoaren bidez, 700.000 dei inguru artatu eta 330.000 gorabehera baino gehiago kudeatu ziren 2023an Foru Komunitatean
Nafarroako Gobernuak Larrialdietarako 112 Telefono bakarraren Europako Eguna ospatu du gaur eguerdian, otsailaren 11n izaten baita. Ekitaldian, Nafarroako hiru elkarteren lana aintzatetsi da, SOS Nafarroa 112 zerbitzuarekiko lankidetzarengatik. Iaz, 698.921 dei artatu eta guztira 331.325 gorabehera kudeatu zituen.
Ekitaldia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (INAP) Pio Baroja Aretoan ospatu da eta foru Exekutiboko Barneko Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo Lopez izan du buru, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendari Jose Javier Boulandierren presentziarekin kontatuz.
Erantzun eraginkorra larrialdiaren aurrean
Bere mintzaldian, Lopez kontseilariak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu honen garrantzia azpimarratu du, izan ere, Nafarroa “larrialdiari erantzun eraginkorra emateko prest dagoen komunitate segurutzat jotzen du”. Esker ona adierazi du inplikatutako agente guztien jardueragatik, bereziki “Babes Zibileko eta Larrialdietako langileenagatik eta 112ko Aretoko operadoreenagatik, izan ere, egoera zail edo sentikorretan erantzuten duten dei bakoitzean bere aldetik onena ematen dute”.
Kontseilariak, bestalde, deien “bolumen izugarria” nabarmendu du, eguneko 1.914 batez beste, zein “modu partikular eta pertsonalizatuan” erantzuten diren, beharrezkoa denean “sortutako egoerari ahalik eta erantzun onena emateko baliabideak mobilizatzeko engranaje bat” martxan jarriz.
Aintzatespenak
Ekitaldian hiru sari banatu dira, bi ASORNA eta EUNATE entzumen-urritasuna duten pertsonen elkarteentzat, eta beste bat Laringektomizatuen Nafarroako Elkartearentzat (ANL). Entitateak aintzatetsiak izan dira 112 larrialdietarako telefonoarekin lankidetzan aritzen direlako zerbitzua desgaitasuna duten pertsonekin egokitzeko.
Zehazki, ANLko Josetxo Fernandezek, ASORNAko Sofia de Estebanek eta Jesus Maria Zapatak eta EUNATEko Mariluz Sanzek jaso dute saria.
698.921 dei 2023an
Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendari Jose Javier Boulandierrek Nafarroako 112 SOS Larrialdiak Kudeatzeko Zentroaren 2023ko datuak zehaztu ditu. Zerbitzuak 698.921 dei jaso zituen, 2022an baino ia % 2 gehiago, ekitaldi horretan 685.548 dei erregistratu baitziren. Bestalde, gora egin du ibilgailuen segurtasunerako ‘e-call’ gailuekin lotutako deien kopuruak ere; elementu horri esker, automobilak bere kabuz markatzen du 112 zenbakia eta larrialdi zerbitzuak eska ditzake istripua gertatuz gero. Nafarroan, dei horiek ia 1.000 izan dira 2023an.
Dei gehien jaso dituen eremu geografikoa Foru Komunitateko hiriburu den Iruñari eta bere eskualdeari dagokio, izan ere, bertatik deien % 50 inguru jaso dira eta joera gorantz doa. Bestalde, solasaldirako batez besteko denbora dei bakoitzeko 95 segundokoa omen da.
330.000 gertakaritik gora kudeatu dira, % 83 osasun-larrialdikoak
331.235 gertakari kudeatu ziren, 2022ko 344.494 datuarekiko zertxobait gutxiago. Horietatik, kudeatu ziren kasuen % 83,08ak osasun-larrialdiak, osasun-zentroetako edo etxeko arreta medikoa eta telefono-kontsultak hartu zituen barne.
Jose Javier Boulandierrek adierazi duen bezala, baliabide mobilizatuen artean, % 50 baino gehiago Medikuntzako eta Lehen Mailako Arretako Erizaintzako profesionalak daude.
Bestalde, adierazi du SOS Nafarroako plantilla egonkortu egin zela urteko lehen hiruhilekoan, eta koordinaziorako 20 operadore sartu zirela; ondorioz, funtzionarioek betetako plaza finkoen ehunekoa % 95 ingurukoa da.
Triptiko berria ikasleentzat
Bestalde, Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako ikastetxeetan banatuko den ikasleentzako triptiko berria aurkeztu du. Dokumentuak larrialdietako zenbakia erraz gogoratzeko modu bat (aho 1, sudur 1 eta 2 begi, 112) eta SOS Nafarroako zerbitzua eraginkortasunez emateko beharrezkoak diren datu nagusiak (non dagoen, zer gertatu den, deia nork egin duen eta zain mantendu beharra) erakusten dizkie haurrei.