2022ko apirilaren 13a

Nafarroako Gobernuak Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko Erantzun Foru Plana onartu du

Krisi energetikoari aurre egiteko salbuespen bereziak eta zerga-kenkariak, energia berriztagarrien instalazioak baimentzeko izapideak arintzeko neurriak eta Europako funtsen laguntzak jasotzen ditu, besteak beste
collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Foru Lege Dekretu bat onartu du gaurko bilkuran, Errusiaren inbasioak Ukrainan izan dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzen dituena, gehien kaltetutako enpresa-sektoreei, familiei eta herritar guztiei laguntzeko.

Foru Exekutiboak onartutako Erantzun Foru Plana gehien kaltetutako sektoreetako ordezkariekin hainbat bilera egin ondoren burutu da; horien artean aurkitzen dira enpresa-elkarteak (CEN, UPTA eta ATA), nekazaritza-erakundeak (UAGN, EHNE, UCAN) eta garraio sektorekoak (ANET eta TRADISNA eta HIRU). Planaren helburua da herritarrentzat eta enpresentzat energiaren prezioak jaistea bultzatzea, gehien kaltetutako sektoreei eta kolektibo kalteberenei laguntzea eta prezioen egonkortasuna indartzea. 

Era berean, gasaren prezioaren igoeraren ondorioz kostu ekonomikoak eta sozialak mugatu nahi ditu, inflazio-prozesua eten  eta Nafarroako ekonomia aldi baterako egoera honetara egokitzea erraztu, aldi berean susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren sorreraren oinarriak indartu ahal izateko.

Planaren barruan sartzen dira ohiz kanpoko salbuespenak eta zerga-kenkariak krisi ekonomikoari aurre egiteko, energia berriztagarrien instalazioak eta Europako proiektuak baimentzeko izapideak arintzeko neurriak, alokairuko etxebizitzaren prezioaren aurreko mugak, kontratu publikoetan prezioak berrikustea, e.a., besteak beste.

Erantzun Foru Planaren asmoa da estatuan eta Europan jada hartutako neurriak osatzea, eta Nafarroako Gobernuak dagoeneko abian jarritako beste neurri batzuei batzen zaie.

Neurri fiskalak

Zerga-arloan, zenbait neurri ezarri dira egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintze aldera, zerga-betebeharrak behar bezala betetzea zailtzen baitute. Hain zuzen ere, shock energetikoak gehien kaltetutako sektoreei zuzendutako ekimenak dira, eta Nafarroako Gobernuak haiekin bildu ondoren onartu dira.

Neurri horien helburuak bi dira: batetik, zailtasunak izan ditzaketen enpresa, ete edo autonomoei berehalako likidezia ematea eta, bestetik, beste neurri batzuk ezartzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan 2022an hasitako zergaldian ondorioak izateko.

Lehen helburuari dagokionean, salbuespenezko beste atzerapen bat ezartzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta 2022ko lehen hiruhileko eta 2022ko martxoko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioei dagozkien zerga-zorrentzat.

Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak salbuetsi egingo dira 2022ko bigarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egiteko betebeharretik, jarduera ekonomikoak egiten dituztenei zuzenduta.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ezarritako epea urtebetez luzatuko da aparteko mozkinen berrinbertsioagatiko salbuespenari heltzeko, berrinbertsio-epea 2022an amaitzen zaien zergadunentzat, eta 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko da inbertsioetarako Erreserba berezirako jarritako zenbatekoa gauzatzeko epea, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarteko epea duten zergadunentzat.

Neurri horiek balioko dute 2022an aurreikusita zituzten inbertsioak egiteko zailtasunak dituzten zergadunei kalterik ez egiteko, aipatu epeak betetzearren.

Bitartean, zerga-arloan onartutako bigarren neurri-blokeari dagokionez, lehenik eta behin, salbuetsita egongo dira 6/2022 Errege Lege Dekretuaren babesean emandako laguntzak; horren bitartez, premiazko neurriak hartu dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan.

Orobat, enpresa-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek eta mikroenpresek aparteko kenkari bat aplikatu ahal izango dute, energiaren krisitik eratorritako inpaktu ekonomikoa leuntzearren. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, subjektu pasiboaren errendimendu garbi positiboaren %3koa izango da kenkaria, hala badagokio, zuzeneko estimazio sinplifikatuan edo zuzeneko estimazio berezian etekin garbia zehazteko eskubidea duten murrizketa aplikatu ondoren. Muga 3.000 eurokoa izango da.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, 2022an negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten zergadunek aplikatuko dute kenkaria. Ezingo dute kenkaria aplikatu ondare-erakundeek. Aplikatu beharreko kenkaria zerga-oinarri positiboaren %3koa izango da, 3.000 euroko mugarekin. Kenkari horrek gutxieneko tributazioaren zenbatekoa gutxitu ahal izango du, eta Sozietateen gaineko Zergaren pizgarrien gaineko kenkariak baino lehen aplikatu ahal izango da.

Azkenik, 200.000 eurokoa izango da eragiketa-bolumenaren atalasea, zuzeneko estimazioko erregimen bereziko enpresa-jardueren errendimendu garbia zehaztu ahal izateko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.

Alokairuaren prezioa etxebizitza babestura ere mugatzen du

Etxebizitza-arloan, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalean, etxebizitzen errentamendu-kontratuen errentaren urteko eguneraketaren aparteko muga ezartzen du jada. Erantzun Foru Planak neurri hori eramaten du baita ere Nafarroan etxebizitza babestuen errentamendu-kontratuetara, nahiz eta kontratu horiek beren erregulazioak arautu. Horrela, kalteberatasun handieneko egoeran dauden familiei eragiten die.

Etxebizitza-arloan, babestu daitezkeen jardueretan haztatutako familia-sarreren zenbaketatik kanpo geratzen dira alokairu-sistema publikoaren barruan dauden etxebizitzen errentamendu bidezko diru-laguntzak.

Energia berriztagarrien instalazioa sinplifikatzea eta arintzea

Gainera, energiarekiko dagoen mendekotasuna kontuan hartuta eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakiekin bat etorriz, zenbait neurri hartu dira energia berriztagarrien zenbait instalazio ezartzeko prozedurak sinplifikatu eta arintzeko.

Energia berriztagarrien proiektuak prozedura horretara biltzeko irizpide orokor bezala ezarri dira haien aireko lineak sartuta ez egotea ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. Eranskinean, 75 MW-ko potentziako edo gutxiagoko proiektu eolikoak izatea edo 150 MW-ko potentziako edo gutxiagoko eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuak izatea, eta itsas ingurunean edo Natura 2000 Sareko gainazaletan egon gabe, sentsibilitate baxu eta ertaineko eremuetan erabat kokatuta egotea, «Energia berriztagarriak ezartzeko ingurumen-zonifikazioaren» arabera; hau da, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako erreminta.

Europako laguntzak eta proiektuak arintzea

Halaber, Europako Berreskuratze Instrumentutik datozen Europako Funtsekin finantza daitezkeen jarduerak kudeatzeko eta gauzatzeko arintze-neurriak ezartzen dira, kasu batzuetan Gobernuaren aurretiko baimena kenduta, diru-laguntza jakin batzuk emateko. Gainera, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin finantzatuko diren kontratuetan aurretiko baimenaren salbuespena jasotzen da, Plan horretan sartutako jarduerei dagokienez urte anitzeko gastu-konpromisoak hartzearekin batera.

Kontratu publikoetan prezioak berrikustea

Kontratazio publikoei dagokienean, eta horien azpian dagoen interes publikoa arriskuan ez jartzearren, kasu jakin batzuetan kontratuaren prezioak berrikusi ahal izango dira salbuespen gisa, pleguetan ezarritako araubideari erreparatu gabe.

Jada indarrean diren neurriak

Nafarroako Gobernuak onartutako laguntza-sorta hau azken hilabeteetan hartutako eta oraindik indarrean jarraitzen duen beste neurri sorta bati gehitu behar zaio.

Urtarrilaren 1az geroztik indarrean da familien presio fiskala arintzeko neurri fiskalen sorta bat, Nafarroako Gobernuak zenbatutakoaren arabera, ia 57 milioi eurokoa. Tartean nabarmentzekoa da PFEZaren tarifaren %2ko deflaktazioa, bigarren urtez jarraian egina, lan-errenten zergetan inflazioak dituen ondorioak arintzen dituena. Gainera, norberaren eta familiaren oinarrizko beharrak betetzeko, zergak ordaintzen ez dituen errentaren zatia %5 igo zen tarte guztietarako eta beste 100 euro gehiago 30.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsonentzat.

Halaber, indarrean jarraitzen du Ekoizpen Elektrikoaren Balioaren gaineko Zergaren aldi baterako kentzeak, argiaren BEZa %21etik %10era jaisteak edo Elektrizitatearen gaineko Zerga Bereziaren zerga-tasa jaisteak. Hiru neurri horiei dagokienean, Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren 30era arte luzatzea onartu du. Neurri horiek 2021eko bigarren seihilekoan abian jarri zirenetik izango duten kostua 51 milioi euro ingurukoa da.

Nafarroan jada aplikatzekoa da, baita ere, Hidrokarburoen gaineko Zerga hilero itzultzeko neurria, ordaindua edo jasandakoa, erabilera profesionaleko gasolioari dagokionez. Horrela, aldaketa gertatu da orain arte indarrean egon den hiruhilekoko aldizkakotasunarekin alderatuta.

Bestalde, Nafarroako herritarrei erregaiaren prezioan 20 zentimoko hobaria aplikatzen jarraitzen zaie, eta, aldi berean, horiek jasotzeko baldintzak betetzen dituzten gasolina-zerbitzuguneetako titularrek eskatutako aurrerakin ekonomikoak ordaintzen ari da Foru Gobernua. 

Neurri horrek Nafarroako 390.000 gidariri mesede egiten die, eta 47.94 milioi euro inguru aurreztea aurreikusten da. 

Foru Ogasunak 9.3 milioi euro ordaindu dizkie gasolina-zerbitzuguneetako 112 titularri, aurrerakin gisa; hots, osoaren %75.
 
Gogorarazi behar da kolektibo kalteberek %40ra bitarteko deskontua dutela argiaren, uraren eta gasaren fakturetan. Bonu energetikoa deiturikoa 16.978 hartzailerengana iritsi da Nafarroan.
Gainera, Nafarroako Gobernuak enpresentzako premiazko finantzaketa-lerroa eratu du, 30 milioi eurokoa, Ukrainako gerraren eragina arintze aldera.