Nafarroako Gobernuak Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean jardungo du goi mailako ikastaroak euskaraz emateko

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak hitzarmen bat sinatu du erakundearekin, 30.000 euro inguruko prestakuntza-jarduerak finantzatzeko
2022ko martxoaren 18a

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu du Udako Euskal Unibertsitatearekin, euskaraz ematen diren kalitatezko eta goi-mailako prestakuntza-jarduerak finantzatzeko, 29.999,88 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Askotariko gaiez osatutako eta hezkuntza esparruarekin edota Garapen Jasangarriaren Helburuekin lerrokatutako prestakuntza eskaintza hau eskura jarriko da online eta aurrez aurreko modalitatetan.

Horrela, 2022rako aurreikusitako ikastaroetan Haur eta Lehen Hezkuntzako (STEM) zientzia-teknologia gaitasunak, pertsonan oinarritutako osasuna, hizkuntzen tratamendu integratua, feminismoa, indarkeria matxistaren kontrako laguntzak, haur eta gazteekiko sexu abusuak edo eskolako ko-heziketa bezalako gaiak landuko dira.

Gehienbat unibertsitateko ikasleengana baina halaber oro har herritarrengana zuzentzen diren ikastaro hauetarako inskripzioa, UEUko webgunea erabiliz egingo dira, matrikula doakoa izanik.

Nafarroako Gobernuaren asmoa da, 2017tik urtero formalizatzen den hitzarmen honen bidez euskarazko heziketa eskaintza sustatzea, bermatuz posible den neurrian eskaintza hori lerrokatzea Garapen Jasangarriaren Helburuekin (GJH), 2030 Agendako edukiekin eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

Hitzarmenaren arabera, aurrez aurreko modalitateko jardueretan osasun segurtasunaren eskakizunak betetzen direla bermatu behar da, hau da, eskumeneko agintariek COVID-19aren ondorioz une orotan ezartzen eta gomendatzen dituztenak. Era berean, ikastaroek erraztu beharko dituzte, ahal den neurrian, jarduera hauen hartzaile den jendearentzako irisgarritasun baldintza gorenenak.

Aurreikusitako aurrez aurreko eta online ikastaroak

Martxoa eta ekaina artean emango diren aurrez aurreko ikastaroak dira: indarkeria matxistak kasuen arretan eta esku-hartzean begirada feminista; pertsonarengan eta komunikazio klinikoan zentratutako osasungintza – Arreta integrala eta Komunikazio klinikoa; adikzioak ezagutuz, ekin. Osasun Zientzietako ikasle eta profesionalentzat prestakuntza; oinarrizko zeinu hizkuntza; aniztasuna gure eskoletan: behar anizkoitzean aurreko estrategiak; Irakurketa erraza; Gaitasun zientifiko-teknologikoak (STEAM) LHn eta DBHn lantzeko proiektuak; flipped classroom: gela hankaz gora!

Bestalde, online ikastaroen eskaintza garatuko da apiriletik azarora artean, eta eskura jarriko dira honako prestakuntzak: haurren eta gazteen kontrako sexu abusuak; gure eskola hezkidetzen; ikusmira aldatzeko feminismotik zelatan; hizkuntzaren erabilera integratua: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza modu integratuan lantzen; ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak; sexu hezkuntza lantzen Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Udako Euskal Unibertsitatea

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da eta bere lan-ildo nagusiak euskera eta unibertsitatea artean topaketa-zubiak sortzea, komunitate zientifiko-intelektual euskalduna biltzea eta gizartearen eskura jartzeko unibertsitateko diziplinak ekoiztea da.