Nafarroako Gobernuak NA-170 errepidean uholdeek kaltetutako ezponda egonkortuko du Leitzan

Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak eta Leitzako alkate Mikel Zabaletak errepide gainean lur-jausiak izan diren zonaldea bisitatu dute
2022ko otsailaren 22a
Bernardo Ciriza, Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Mikel Zabaleta, 
Leitza alkatea, kaltetutako ezpondara eginiko bisitan.
camera_alt Bernardo Ciriza, Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Mikel Zabaleta, Leitza alkatea, kaltetutako ezpondara eginiko bisitan.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak NA-170 errepidearen eskuinaldean, Leitza parean, dagoen ezponda egonkortuko du. Gogoratu behar da abenduan eta urtarrilean izandako uholdeek ezponda horri eragin ziotela.

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Mikel Zabaleta Leitzako alkateak errepide gainean lur-jausiak izan diren zonaldea bisitatu dute.

Ezpondaren goiko aldea Plazaolako bide berdearekin mugakide da, eta haren oina errepide horretako harri-lubetazko horman bermatuta dago. 30 metroko lur-jausi bat eta beste material batzuk erregistratu zituen. Harri-lubeta gainditu ondoren, lubeta hautsi eta errepidera erori ziren, eta, ondorioz, errepidea aldi baterako itxi zuten.

Lehen jarduketa batean, garbiketarekin eta materialak errepidetik kentzearekin lotutako arazoak konpondu ziren. Gaur egun, mendi-mazelaren zati bat jaisten ari da, lerradura osora iritsi gabe; beraz, azkar samar jardun behar da.

Egonkortzeko irtenbide posibleen artean, ezpondak jasaten duen pisua murrizteko materiala kentzea eta higaduraren aurkako sare fin bat eta lurrari pikotxekin ainguratutako metalezko sare bat jartzea daude, lur-jausi berri bat saihesteko.