2022ko apirilaren 13a

Nafarroako Gobernuak 9,4 milioirekin birgaituko du Iruñeko Marqués de Rozalejo Jauregia

XVIII. mendeko eraikin honek Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza hartuko du

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, hainbat urtetarako 9.414.179,36 euroko gastu-konpromisoa hartzeko baimena emateko erabakia hartu du, Iruñeko Marqués de Rozalejo Jauregia Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egoitza gisa egokitzeko.

Nabarreria kaleko 17. zenbakian dagoen jauregia 2022tik 2024ra bitartean eraberrituko da, europako Next Generation funtsak erabiliz, eta espazio berean kokatuko dira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaritza eta Nafarroako Memoriaren Institutua Herritarrekiko Harremanen Departamentuari atxikia. Horrela, memoria-politika guztiak espazio berean bilduko dira, “elkarrizketaren eta bakearen kulturan oinarritutako bizikidetza bidezkoagoa eraikitzeko erreferentziazko lekua izanik”.

Nafarroako Gobernuak 2005ean erosi zuen XVIII. mendeko eraikin batean egindako esku-hartze bat da, ondare, historia eta arte balio handia duena, eta Nafarroako hiriburuko Udal Planari jarraituz beharrizan berrietara egokituko dena.

Aurreikuspenen arabera, Nafarroako Memoriaren Institutuko Liburutegia eta Dokumentazio Zentroa hartuko ditu eraikinak, ikertzaileek zein gainerako herritarrek erabiltzeko, bai eta memoria-elkarteentzako gelak eta Memoriaren Eskoletarako prestakuntza-gelak ere.

Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak 2014. urtean estalkia zaharberritzeko lanak egin zituela, eta 2019ko azaroan Tabuenca & Leache arkitektoen estudioari esleitu ziola Jauregia birgaitzeko proiektuaren idazketa, 139.150 eurotan (BEZa barne).