Nafarroako Gobernuak 5,2 milioi euro bideratuko ditu Ubarmin klinikako beheko solairuko estalkia berritzeko lanetarako

2014-2020 EGEF Programa Operatiboko REACT EB baliabideekin batera finantzatuta, aurreikusita dago jarduerak 2023an egitea, bederatzi hilabeteko gauzatze-epearekin  
2022ko martxoaren 30a
collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak erabaki du, gaurko bilkuran, 5.221.770 euro (BEZa barne) Ubarmin Klinikako (Nafarroako Unibertsitate Ospitalea -HUN-) beheko solairuko estalkia eraberritzeko, klinika Iruñetik gertu dago Elkano herrian. Aurreikuspenen arabera, obrak 2023an egingo dira eta bederatzi hilabete inguruko epea izango dute.

Ubarmin Klinikaren estalkia berrituta, bertako energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduera REACT EB baliabideekin batera finantzaturiko jardueretan sartu da, “REACT-EB 4. Ekonomia berde baterako trantsizioa bultzatzen duten inbertsioetarako laguntza” Helburu Espezifikoaren bitartez, Nafarroako 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren barnean, Europar Batasunak COVID-19aren pandemiari erantzuteko zati gisa. Jarduerak 2.842.350 euroko diru-laguntza duenez, obrak osatzeko gainerako beharrezko inbertsioa Nafarroako Gobernuaren Aurrekontu Orokorren kargura egin beharko da.

Jardueraren xedeko estalkia 1452 sabai-lehiok osatzen dute, eta, egun, soilik horien herenak (472) argia ematen du. Inauguratu zenetik, eraikinak kondenatutako argizuloak zituen, ziurrenik horien azpian egiten ziren jarduerekin bateragarriak ez izateagatik. Ematen duten argitasuna ukaezina da, baina itsualdiaz gain bero-iturri garrantzitsua dira.

Galera energetikoa

Egungo estalkiaren arazoetako bat ura sartzea da, hautsitako kupula eta oinarrietatik, deskonektatutako hustubideetatik, PVC xafletatik askatutako junturetatik, materialen dilatazio-tentsioaren ondorioz sortutako deformazio eta pitzaduretatik, e.a. Beste arazoetako bat, berriz, barrualdean eguzki gehiegi sartzea eta energia izugarri galtzea da, estalkia isolatu gabe dagoelako eta kupulak zaharrak direlako.

Klinikako behe solairuko estalkian egin nahi diren esku-hartzeen helburuen arteko bat dauden patologiak ezabatzea da, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzeko asmoarekin, eta beste bat barrualdean erosotasuna lortzea, termikoa eta argi-mailakoa, ahal dela eraikinaren izaera eta balio arkitektonikoa errespetatuta.

Lan nagusiak

Modu horretan, batetik, sabai-leihoetako kupulen ordez, polikarbonato bibalbozko kupula berriak jarriko dira, irekita geratuko direnak, prestazio termiko hobeekin eta sutearen aurrean babesteko prestazioekin. Poliesterrezko oinarriak bere horretan mantenduko dira, egoera txarrean daudelako aldatu behar ez badira, behintzat.

Bestetik, argizulo itxiak ordezkatuko dira (poliester-oinarria eta kupula), eta deck motako estalki tradizionala jarriko da; hau da, xafla profilatu bat, isolamendu termikoko bi jeruza, horietako bat maldekin, eta PVC xafla bat. Estalkiaren gainean metalezko azpiegitura bat jarriko da, horren gainean beste kupula berri batzuk jartzeko eta, era horretan, argizulo orijinalak simulatu eta eraikinaren izaera arkitektonikoari eusteko.

Halaber, maldak osatzeko geruza bat jarriko da, isolamendu termikoaren azken geruzaren bitartez (dentsitate handiko arroka-artilezko panel zurrun mekanizatua), lodiera aldakorrekoa, eta xafla iragazgaitzaren ordez, PVC xafla berri bat jarriko da.

Ubarmin, arkitektura modernoa eta berezia

Ubarmin Klinikaren eraikina 1968– 1974 urteetan eraiki zen. Nafarroako Fernando Redon Huici arkitektoak diseinatu zuen, eta Nafarroako XX. mendeko arkitekturaren pieza berezienetariko bat da.

Duen berezitasuna eta balio arkitektonikoa medio, 2019ko udazkenean, nazioartean Mugimendu Modernoko arkitektura nabarmentzeaz arduratzen den DOCOMOMO erakundearen katalogoan sartu zuten. Era berean, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak bere inbentarioan sartu du. Nahiz eta horrek eraikinari lege-babesik ez eman, arkitektura nolabait nabarmentzeko eta babesteko kezka azpimarratzen du.

Sortu zenetik, klinikaren xedea traumatologia- eta asistentzia-zentroa izatea zen. Horrela, bi bolumen bereizten dira bolumetrikoki eta kontzeptualki: dorrea eta beheko gorputza (jarduera honen xedea). Kontrapuntu hori muturreraino eraman du Redonek, eta dorre-eraikinari izaera itxia eta astuna eman dio, gotorleku bat balitz bezala (haren arkitekturan hainbeste aldiz erabilia); beheko gorputzari, berriz, itxura arina eman dio, zeharrargia, estalki osoa estaltzen duen kupula «itsasoarekin».