Descárgate la app
Nafarroak eta Euskadik bi erkidegoen arteko Lankidetzaren Protokolo Orokorra zabaldu eta eguneratu dute
2021ko abenduaren 10a
Nafarroak eta Euskadik bi erkidegoen arteko Lankidetzaren Protokolo Orokorra zabaldu eta eguneratu dute
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Lankidetzaren Protokolo Orokorra berritzea sinatu dute, eta, horrela, bi erkidegoen arteko lankidetza eguneratuko da.
Chivite Lehendakariak Euskadirekin lankidetzan eta lanean jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du, “leialtasun instituzionaletik eta herritarrei zerbitzu hobeak eskaini eta lankidetza gure erkidegoen garapen eta aurrerapenerako aukera bilakatzearren”. “Gaur, lankidetza-mailako konpromisoa berresten dugu herritarren onerako eta sinesten dugun lan-eredua finkatzeko. Nafarroako Gobernuak adimen kolektiboa eta administrazioen arteko lankidetza aurrera egiteko modu egin nahi ditu, ekimen pribatuaren bidez, eta hori guztiontzat onuragarria izango da, gure ustez”, adierazi du.
Bestalde, Urkullu Lehendakariak nabarmendu du bi erkidegoen arteko “harremana berezia dela”, “kidetasun historiko, linguistiko eta sozio-ekonomikoan oinarritua”. Urkulluren arabera, Nafarroaren eta Euskadiren arteko lankidetza-hitzarmenak “bizikidetza-harremanak ulertzeko modu bat dira”. “Bizi dugun pandemiak ondo erakusten du erronkak globalak direla. Beharrezkoa da esperientziak partekatzea eta trukatzea, elkarrekin ikastea, lankidetzatik erantzutearren. Hau ikasi dugun irakasgai bat da, eta partekatu egiten dugu”, esan du.
Akordioaren bidez, bi erkidegoek 2016an sinaturikoa handitu eta eguneratuko da, eta, bertan, bost eremutako 29 arlotan bi erkidegoek lankidetza jorratzeko oinarriak finkatzen dira: ekonomia, gizartea eta kultura, administrazioa, azpiegiturak eta teknologia.
Protokoloaren testuan adierazten denaren arabera, erkidegoen arteko lankidetzaren helburua da bi erkidegoen “interes komunak asetzea”, “hedabideen arrazionaltasunaren, sinpletasunaren, gardentasunaren eta ekonomiaren aldetik”.
Berrikuntza nagusiak
Gaur sinatutako agirian, lankidetzarako arlo berriak sartzeaz gain, lehendik zeuden beste batzuk eguneratu egin dira neurri berriekin.
Arlo berriei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen arloan atal bat eskaini zaie migrazio-politikei, eta esaten da bi erkidegoek bat datozela “haien lurraldera iristen diren migratzaile guztiei harrera egoki bat emateko” helburuarekin; modu horretan, “kulturarteko bizikidetza hobetzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko mekanismoak” sustatuko dituzte.
Protokoloari gehitutako beste arlo berri bat da Aniztasunarekiko Errespetua; bertan, “LGTBI+ kolektiboetako pertsonen eskubideak bermatzeko” konpromisoa nabarmentzen da batez ere, esperientzia eta jardunbide egokien trukean eta sentsibilizazio-kanpainetan lagunduaz.
Halaber, berrikuntzaren arloa gehitu da dokumentu berri honetan, eta bi erkidegoen arteko lankidetza jasotzen da bereziki “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planari dagokionean”. Era berean, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Plan Osagarrien inguruko lankidetza bultzatuko da: Energia eta hidrogeno berdea, bioaniztasuna eta bioteknologia.
Protokolo berrian, Kanpo Ekintza eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren arloa sartu da, eta Euskadik eta Nafarroak konpromisoa hartu dute “eskualde arteko erakundeetan lankidetza bultzatzeko; hala nola, Pirinioez bestaldeko Konferentzia Atlantikoa (PKA) edo Pirinioetako Lan Komunitatea (PLK), Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboaren (Interreg IVA – POCTEFA) Kudeaketa Aginte gisa duen eginkizuna indartuz”. Gainera, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdearen lankidetza bultzatuko dute.
Horrez gain, 2030 Agendak eta Garapen Iraunkorreko Helburuek beste arlo bat betetzen dute protokoloaren barnean, eta bertan esaten da bi erkidegoek bat egiten dutela horiek beren gain hartzeko eta politika publikoak diseinatzerakoan bultzatzeko “erabakitasun irmoarekin”, honako hau bezalako ekimenekin: “informazioa, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea ekimen bultzatzaileen dibulgazio-, gobernantza-, ebaluazio- edo garapen-arloetan”, besteak beste.
Beste arlo batzuetako eguneratzeak
Era berean, dokumentuaren barruan, bi administrazioek 2016an sinaturiko Protokoloarekiko beste eremu batzuk eguneratu dira.
Gizarte Zerbitzuei dagokienean, Mendekotasunaren eta Haurtzaroaren barruan, bi erkidegoek erabaki dute “akordio bat bultzatzea mugakide diren eremuetan bizi diren mendeko pertsonek ondoko beste autonomia-erkidegoko itundutako zerbitzuetara edo zerbitzuari lotutako prestazioa dutenetara jotzeko aukera izan dezaten, erroldatu beharrik izan gabe”.
Berdintasunaren, ahalduntzearen eta emakumeen aurkako indarkeriaren atalean, Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen dute “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea, indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko lan-esparru egoki moduan”. Besteak beste, jarduera-protokolo bat diseinatzea proposatzen dute, Harrera Baliabideak, Arreta Integraleko Zerbitzuak eta emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak artatzen dituzten beste batzuk bideratzeko prozedurak koordinatzeko edota jarduera-arlo horri dagozkion gaiei buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak egitea.
Gazteria-arloan, bi Administrazioek “gazteak emantzipatzeko politikei lehentasuna eman behar zaiela nabarmendu dute”, haien ustez, “ funtsezko faktorea baita erronka demografikoari aurre egiteko”.
Babes Zibilari eta Segurtasun Publikoari erreparatuta, lankidetza-protokoloa zabaldu da “Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako larrialdi-zerbitzuek SAFER eta Alert proiektuekin garatutako mugaz gaindiko koordinazioa indartzeko (bertan Gipuzkoak ere parte hartzen du)”. Halaber, “mugan zehar, sorospen-zentroak konektatzea” aurreikusi da.
Turismoaren arloan, bi Gobernuek konpromisoa hartu dute, beste ekintza batzuen artean, Iruña – Gasteiz bizikleta-ibilbide berria sustatzeko, Hemingway-ko Ibilbidea garatzeko produktu turistiko gisa, eta Europar Batasunaren Next Generation funtsetan lankidetzan aritzeko.
Topaketa sektorialak
Nafarroako Jauregiko Areto Berdean Lankidetza Protokoloa sinatu aurretik, Chivite eta Urkullu lehendakariek bilera egin dute. Horrez gain, lau bilera sektorial egin dira. Horietako batean, lehen lehendakariorde eta Nafarroako Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirez, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua den Josu Erkoreka eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi bildu dira. Bigarren bilera batean, berriz, bigarren lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Jose Mª Aierdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujo eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua den Arantxa Tapia bildu dira.
Era berean, Eskubide Sozialetako kontseilaria, Carmen Maeztu, bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburua den Idoia Mendiarekin bildu da.
Azkenik, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa, eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarraitzekin eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artozabalekin bildu dira.
Protokoloa sinatu ondoren, Chivite eta Urkullu prentsaurrekoan agertu dira Erabilera Anitzeko Aretoan, eta streaming bidez jarraitu ahal izan da.
Bost eremutako 29 arlo
Lankidetza Protokoloan 29 jarduera-arlo aurreikusten dira bost eremutan.
Arlo sozialean, honako atal hauetan zehazten dira ekintzak: gizarte-zerbitzuak; diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemak; etxebizitza; berdintasuna, ahalduntzea eta emakumeen aurkako indarkeria; aniztasunarekiko errespetua; osasuna; kontsumoa; gazteria; jarduera fisikoa eta kirola; hezkuntza; kultura; hizkuntza-politika; bakea, memoria, bizikidetza eta giza eskubideak; babes zibila eta segurtasun publikoa; eta 2030 agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak.
Arlo ekonomikoan, jarduerak arlo hauetan definitu dira: enplegua; ingurumena, klima-aldaketa eta lurraldearen antolamendua; turismoa; nekazaritza- eta landa-garapena; espezializazio adimentsuaren estrategia; garapen ekonomikoaren faktoreak; eta ogasuna eta finantza-politika.
Bestalde, administrazioan, lankidetza azpimarratu da Toki Administrazioan; Funtzio Publikoan; Justizia Administrazioan; eta Kanpo Ekintzan eta Mugaz Haraindiko lankidetzan.
Azpiegituren arloan, ikus-entzunezko komunikazioari eta komunikazio eta garraioei buruzko jarduerak zehaztu dira.
Azkenik, teknologiaren aldetik, administrazio digitalari eta berrikuntzari buruzko ekintzak zehaztu dira.