Lurralde-kohesioak 1,8 milioi euroko laguntzak eman dizkie toki-erakundeei bizikleta-bideak eraikitzeko

Udal, kontzeju eta mankomunitateek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdia NAOn argitaratzen denetik aurrera
2022ko martxoaren 28a
videocam Ayudas por valor de 1,8 millones a entidades locales para la construcción de vías ciclables collections Irudi galeria

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraioko eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, prentsaurrekoan iragarri du 1.820.000 euroko diru-laguntzak emango zaizkiela toki entitateei bizikleta-bideak eraikitzeko. Udal, kontzeju eta mankomunitateek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Deialdiaren helburua da toki-erakundeek beren herrietako hiri eta hiriarteko eremuetan bizikleta-azpiegiturak jartzea eta, era horretan, mugikortasun iraunkorra sustatzea.
Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusia den Berta Mirandak honela nabarmendu du bere hitzaldian: “esparru honetan, Nafarroako Gobernua Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailea lantzen ari da, bizikletaren erabilera bultzatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean bizikleta-bideen sare bat garatzeko, bizikleta hiriko eta hiriarteko joan-etorrietarako garraiobide erabilgarri eta seguru bihur dadin; izan ere, automobila baino lehiakorragoa izan daiteke konektibitate-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ziurtatzen badira”.

Prentsaurrekoan izan da, halaber, Ikuskaritza, Kudeaketa, Garraioen Antolamendu eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Santi Aleman.

2023ko urria baino lehen gauzatu beharreko jarduerak

Laguntzak Nafarroako toki-erakundeentzat dira; hala nola, Udalak, kontzejuak eta mankomunitateak, bizikleta-azpiegituren proiektu bat osorik gauzatzeko nahiz proiektu bakar bateko fase bat edo gehiago egiteko. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak 2022an lizitatu beharko dira eta 2023ko irailaren 30a baino lehen amaitu. Gastuen %85era bitarteko diru-laguntza emango da, gehienez 400.000 euro eskaera bakoitzeko. Toki-erakundeek, berriz, hilabete bateko epea izango dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera (apirilean edo aurreikusten da).
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira bizikleta-azpiegiturak egiteko finantzaketa lortuko duten toki-erakundeak, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren lurralde-eremuan sartuta daudenak, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Diru-laguntza izan dezaketen gastutzat hartuko dira proiektu teknikoak eta baloratutako memoriak idazteari dagozkionak, obren zuzendaritza fakultatiboa, segurtasuna eta osasuna eta obrak egikaritzea. Era berean, diru-laguntzaren eskaera Nafarroako bi toki-erakundek edo gehiagok batera egin ahal izango dute proiektu bera gauzatzeko.

Eskaerak hainbat irizpideren arabera baloratuko dira; hala nola, beste ibilbide, herri, poligono edo hezkuntza-zentro batzuekiko konektibitatea; herriaren tamaina, herriak gutxi gorabehera 5.000 biztanle dituen kontuan hartuta; hiriarteko garraio publikoaren geltokiekin konektatzeko intermodalitatea; proposamenaren kalitatea, trafikoaren bereizketan eta trazaduraren ezaugarrietan oinarrituta; proiektuaren heldutasuna, obra-proiektua edo baloratutako memoria duen kontuan hartuta; eta iraunkortasun, ingurumena edo erakarpen turistikoa bezalako arloetan balio erantsirik baduen, besteak beste. Ebazpena eman eta toki-erakundeei jakinaraziko zaie gehienez hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

Bizikletan ibiltzeko bide berriak Nafarroan

Gogorarazi behar da Lurralde Kohesiorako Departamentua, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritzaren bitartez, ekintza mordoa burutzen ari dela mugikortasun iraunkorra sustatzearren. Lerroetako bat Nafarroako bizikleta-azpiegiturak hobetzea da. Hori erakusten dute hainbat bizikleta-bidetan hobetzeko egiten ari diren lanek.
Eraikitzeko lanen artean, berriz, nabarmentzekoa da Tutera Fontellasekin konektatuko duen 3 kilometrotik gorako bizikleta-erreia; gainera, ingurunean kirol- eta aisia-jarduera gehitu egin denez, zerbitzua eman ahal izango dio oinez nahiz bizikletaz zirkulatzen duen pertsona-kopuru handiari.

Era berean, Lesakan, bizikleta-bidea eraikitzen ari dira, kilometro 1etik gorako luzerakoa, herriaren eta Eurovelo bizikleta-bideen Europako sarearen artean. Zehazki, bide horrek Lesaka Eurovelo 1 ibilbidearekin lotuko du, Atlantikoko Kostako ibilbidea bezala ezagutzen dena; ibilbide hori Ipar Lurmuturrean hasi eta Caminhan amaitzen da.

Bestalde, aurten, Beasoain-Egillor kontzejua, Ollo Haranean, eta Asiain, Oltza Zendean, lotzen dituen bizikleta eta oinezko bidea egin da, 2,3 kilometrokoa, eta kontzejuko 120 biztanleri aukera ematen die autobus-zerbitzu publikora jotzeko Asiain bitartez.
Gainera, iaz, hiriarteko bizikleta-bidea estreinatu zen Metauten eta Zuñigan, ibilgailu motordunarekiko mendekotasuna murriztu eta, horrela, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko. Ibilbide horrek, halaber, bi herriak lotzen ditu Vasco-Navarro Trenbidearen bide berdeko hogeita hamar bat udalerrirekin.

Mugikortasun iraunkorra sustatzeko beste ekintza batzuk

Lurralde Kohesiorako Departamentuak ekonomia zirkularra ere bultzatu du bizikleta erabiltzea eta bizikletak konpontzea eta berrerabiltzea sustatzeko kanpainen bitartez. Bi laguntza-deialdi izan dira bizikletak konpontzeko eta mantentzeko, guztira 150.000 euroko inbertsioarekin, erabiltzen ez diren bizikletei bizia emateko, eta, era horretan, berrerabiltzeko politika sustatzeko erosketaren aurretik.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak “Suspertu zure bizikleta” kanpainaren bi edizio atera ditu, bizikleta egunero erabiltzea bultzatzeko helburuarekin, garraiobide osasungarriagoa eta iraunkorragoa izateagatik eta ingurumena babesten laguntzeagatik.

Azkenik, nabarmendu behar da Nafarroak 12 milioi eurotik gora jasoko dituela Europako Next Generation funtsen esparruan, mugikortasun iraunkorreko proiektuak bultzatzearren; hala nola, bizikleta-erreiak egitea eta hobetzea, oinezkoentzako ibilbideak eta disuasio-aparkalekuak eta 50.000 biztanletik gorako inguruneetan garraio publikoa lehenestea.