Descárgate la app
NABI eta Foruzaingoa elkarlanean ari dira emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean arreta eta babesa eskaintzeko
2022ko martxoaren 17a
NABI eta Foruzaingoa elkarlanean ari dira emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean arreta eta babesa eskaintzeko
Gaur goizean prentsaurreko bat egin da, Foruzaingoak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak babestu, artatu eta zaintzeko elkarrekin egindako lana aurkezteko. Bertan parte hartu dute Eva Istúriz NABIko zuzendari kudeatzaileak, Eduardo Sainz de Murieta Foruzaingoko ikerketa kriminaleko arloko buruak eta Cristina Eseverri Foruzaingoko Laguntza Brigadako ikuskatzaileak.
Prentsaurrekoan zehar, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta biktimak eta haien seme-alabak babesteko eta haiei laguntza emateko Nafarroako Gobernuaren barruan egindako lan koordinatuaren eta diziplina anitzekoaren berri eman dute. Isturiz zuzendari kudeatzaileak gogoratu du “arreta-sistema oso bat dagoela eta hainbat mekanismo eta tresna aktibatzen direla indarkeria matxistaren kasuaren berri izaten den une berean”.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurreko Koordinaziorako Erakunde arteko III. Akordioaren helburua da erakunde artean ahalik eta koordinazio eta lankidetza handi eta onena lortzea emakumeen aurkako indarkeria jorratzerakoan, arreta kalitatezkoa izan dadin osasun-arloan, hezkuntzan, arlo sozialean, polizialean, juridikoan eta judizialean. Epe luzera, lan hori hezkuntza-arloan garatzen da SKOLAE bezalako hezkidetzako programen bidez.
Era berean, Isturizek laguntza-mezu bat bidali die edozein indarkeria-mota jasaten ari diren emakumeei: “beste aldean gaude zuei laguntzeko”, esan du. NABIren web orrialdean dauden zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazio baliagarria eskura daiteke.
Bestalde, Sainz de Murieta kezkatuta agertu da Nafarroako gazteek emakumeenganako dituzten jokabideen inguruan, erlazionatzeko moduari eta emakumeen aurkako indarkeriarekiko duten pertzepzioari dagokienean. “Ezin dugu ulertu XXI. mende betean, genero-desberdintasunen gainean sentsibilizatuta ez dauden gazteak edo asmakizun ideologiko bat dela uste dutenak oraindik ere nola egon daitezkeen”, adierazi du.
Eseverri ikuskatzaileak azaldu du Foruzaingoak esku hartzen duela genero-indarkeriaren kasua detektatzean, eta, behin arriskua minimizatuta, “gure lehentasuna biktima eta haren seme-alabei arreta espezializatua eta kalitatezkoa eskaintzea” dela esan du. Lehen une horretan, biktimak entzutea, ulertua izatea eta guk konfiantza eta laguntza ematea behar du”, aipatu du.
Biktimentzako Arreta Integralaren Taldeak, salaketa beharrik gabe
NABIri dagokionean, Institutuak arlo sozial, juridiko, psikologiko eta hezkuntza-arloko laguntza eskaintzen die indarkeria matxistaren Biktimei eta haien seme-alabei Arreta Integraleko Taldeen bitartez.
2021ean, talde horiek 1.085 emakume eta haien 68 seme-alaba artatu dituzte. Horietatik 126 Larrialdietako zentroetara bideratu dira, 11 harrera-etxeetara eta 7 egoitza-pisuetara, haien seme-alabekin batera (guztira, 135 adin txikiko). 2020an baino %8,39 emakume gehiago izan dira.
Isturiz zuzendari kudeatzaileak gogorarazi du laguntza horretara jotzeko ez dela beharrezkoa salaketarik izatea; izan ere, “jakin badakigu emakume askorentzat oso zaila dela urrats hori ematea. Hala ere, salaketa da emakumeen aurkako indarkeria-delituak zigorrik gabe ez geratzeko dagoen erreminta”, aipatu du.
Poliziak erregistratutako salaketei dagokienean, 2021ean 1.639 salaketa izan dira; hau da, aurreko urtean baino %5,81 gehiago. Egunean lau baino gehiago izan dira eta hilabetean 135 inguru. Horietan emakumeen aurkako era askotako indarkeria jasotzen da: fisikoa, psikologikoa, sexuala edota ekonomikoa. 2021eko kopuru osotik, emakumeen aurkako indarkeriaren 667 salaketa jaso zituen Foruzaingoak.
Babesa Laguntza Brigadaren bitartez
Foruzaingoak emakumeen aurkako indarkeriaren salaketak erregistratzen ditu hiru eremu ezberdinetan: genero-indarkeria, askatasun sexuala eta etxeko indarkeria. Salaketa guztien %76,31 lehen kategoriakoak dira; hots, emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoak, eta erasotzailea bikotea edo bikote ohia izaten da.
Ondoren, askatasun sexualeko delituak daude: erasoak eta abusuak, adingabeen eta desgaitasuna duten pertsonen galbideratzea eta erakustaldi lizuna); %14,69. Bestalde, etxeko indarkeria-delituak salaketen %9ra iristen dira.
Delitu horiek bideratzeko erreferentziazko Polizia Judizialeko unitate espezializatua Foruzaingoaren Laguntza Brigada da. Izaera zentrala du, eta, gaur egun, delinkuentzia-mota horretan eta, bereziki, emakume biktimen arretan, zaintzan eta babesean espezializaturiko 18 polizia-agentek osatzen dute.
Nafarroan, egun, Genero Indarkeriaren 346 kasu aktibo daude, eta horietatik 2 muturreko arriskukoak dira eta 7 arrisku handikoak; hau da, egoera horietan, poliziaren babesa behar da 24 ordutan, eta horretaz Laguntza Brigada arduratzen da Agintaritzak Babesteko Brigadarekin batera.
Balorazio hori Viogen sistemaren bidez esleitzen da; sistema horrek arrisku-mailak sailkatzen ditu: “muturrekoa”, “handia”, “ertaina”, “txikia” eta “bereizi gabea”, eta aldizka berriz ebaluatzen dira. Arrisku-maila bakoitzarekin polizia-neurri batzuk lotzen dira, biktimen babes eta segurtasunerako, eta neurri horiek aplikatzea derrigorrezkoa eta berehalakoa da, betiere banaka eta modu pertsonalizatuan.
Laguntza Brigadaren jarduera polizia-zona bakoitzean balorazio, segimendu eta babes arloan egiten den lanarekin osatzen da; era horretan, espezializaturiko 48 agentek osatutako sare bat dago, lurraldean dauden zazpi Komisarietan banatuta.
Biktimak entzutea eta haiei arreta eskaintzea
Foruzaingoaren Laguntza Brigadako ikuskatzailea den Cristina Eseverrik emakume biktimei eta haien seme-alabei genero-indarkeriaren delituaren berri izatean (baliabideak aktibatzen diren unea) eskaintzen zaien laguntzan duen esperientziaren berri eman du.
Kasu horietan, salaketa-unea prozesuaren zati garrantzitsua da, eta hiruzpalau orduz luza daiteke. Eseverrik adierazi duen moduan, “une hori zailtasun handiko unea da biktimarentzat, indarkeria-egoerek emakumearengan duten inpaktu bereziarengatik. Hori dela-eta, biktima artatzen duten agenteek zenbait premisa kontuan izan behar dituzte harekin erlazionatzerakoan”.
Beste jarrera batzuen artean, Eseverrik honako hauek nabarmendu ditu: entzute arretatsua eta iritzirik gabea izatea, enpatia, gorputz-hizkuntza zaintzea, bizipenak baliozkotzea eta intimitatea eta konfidentzialtasuna zaintzen duen giroa ahalbidetzea, biktimaren erabakiak errespetatzearekin batera.
Poliziaren babes-neurriak hobetzeko ildo berean, jarri berria den Zero Protokoloa aurkitzen da; hau da, salaketa jartzeko zailtasunak dituzten biktimekin lehen harreman poliziala izateko jarraibide batzuk ezartzen dituena. Horren helburua da, gertaeren lekuan bertan, indarkeriaren adierazleak identifikatzea, biktimaren adierazpenik ez dagoenean, arrisku-balorazioen kalitatea areagotzeko aukera ematen baitu informazio horrek, eta, ondorioz, babes-protokolo egokiak aktibatu ahal izatea.
Intzidentzia adingabeengan eta alkoholaren presentzia
Bestalde, Foruzaingoaren ikerketa kriminalaren arloko burua den Eduardo Sainz de Murietak Nafarroako emakumeen aurkako azken urteetako indarkeria aztertu du, askatasun sexualeko delituetan oinarrituta. Nafarroan 2018an, 2019an eta 2020an izandako delitu horien errealitatea sakon aztertu ondoren Foruzaingoak ateratako ondorioen arabera, eraso gehienetan erasotzailea biktimaren ingurunekoa da, izan familiakoa edo ingurune sozialekoa. Azterketa UNEDekin lankidetzan burutu da.
Bestalde, eraso-kopuru handi batean alkoholaren kontsumoa nabarmentzen da. Halaber, Eduardo Sainz de Murietak zehaztu du, kasu askotan, biktimak adingabeak direla, eta, haurtzaroan edo nerabezaroan behin eta berriz sexu-erasoak jaso ondoren, hurbileko ingurunearen eta laguntza-baliabideen laguntzarekin salaketa jartzeko urratsa ematen dutela azkenik.
Biktimak Babesteko Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutuna
Aurkezpenean, Sainz de Murietak gogora ekarri ditu, baita ere, Biktimak Babesteko Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutunean jasotako funtzioak, misioa, ikuspegia eta balioak. Gutuna 2021eko urrian onartu zen Foru Aginduaren bidez.
Gutun horren esparruan, jardunaldi bat egin zen 2021eko azaroan, Segurtasun eta Larrialdien Eskolan (NSLE), eta, bertan, askatasun sexualaren aurkako delituak aztertu zituzten hainbat espezialistak, ikuspegi ezberdinetatik. 2022an, beste prestakuntza-jardunaldi bat egingo da berriro, Nafarroako polizia-kidego guztientzat, eta, bereziki, Nafarroako nerabe eta gazteen aurkako indarkeria izango dute aztergai.
Gainera, NSLEren ikastaroen barnean, bai sartzeko bai mailaz igotzeko ikastaroetan, NABIk genero-indarkeriari buruzko prestakuntza eskaintzen du. Zehazki, “Genero-berdintasuna” gaia ematen da eta genero-indarkeriarekin loturiko delituei buruzko prestakuntza “Polizia Judizialaren eta ikerketa-arlokoa” gaian. Era berean, “diziplina arteko jardunbideak” irakasgaia dago, eta, bertan, genero-indarkeriaren kasu batean poliziaren jarduerari buruzko 6 orduko praktika egiten da. 2021ean zehar, “Emakumeenganako indarkeriari eta Adingabeen babesari” buruzko eguneratze-ikastaro bat egin zen.