Guztira 183 udalerrik Nafarroako birziklatze lehiaketarik handienean parte hartuko dute, ingurumenari kalte gehien egiten dioten hondakinak murrizteko

Bernardo Ciriza kontseilariak, Asier Martinez eta Nerea Bermejo hesilariekin batera, eman dio hasiera ekimen honi, eta helburua da Nafarroan azken urtean jasotako 150.000 tona hondar gutxitzea
2022ko apirilaren 29a
Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza, udal arteko birziklatze 
txapelketako partaideekin.
camera_alt Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza, udal arteko birziklatze txapelketako partaideekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako 180 herri baino gehiagok parte hartuko dute Foru Gobernuak eta Hondakinen Partzuergoak bultzatutako udal arteko birziklatze txapelketan. Foru Komunitatean egiten den birziklatze-lehiaketarik handiena da, eta aurten jauzi kualitatibo bat ematen du, parte-hartzaileak bikoiztuz eta gainerakoetan arreta jarriz, hondakindegian lurperatuta amaitzen duten eta ingurumenari kalte larrienak eragiten dizkioten hondakinak baitira. Foru Erkidegoan bakarrik 150.000 tona hondar ekoitzi ziren 2021ean.

Edizio honetan, ‘Hondakina-Nafarroako Kopa’ izena izango du ekimenak, eta maiatzaren 2tik uztailaren 2ra bitartean egingo da. Hain zuzen ere, Mankomunitate bakoitzean, hondakin-zatiki gutxien sortzen duten herriak sarituko dira, eta, beraz, birziklagarriak diren gainerako elementu guztien igoera eta bilketa-kalitatea sustatuko dira.

Irabazleek, sari gisa, birziklatutako hondakinekin egindako hiri-altzariak edo ekitaldi iraunkorrak sustatzeko materiala jasoko dituzte; horrela, ekonomia zirkularraren prozesua osatuko da.

Sarerik gabeko jauzia

Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoko lehendakaria den Bernardo Cirizak lehiaketa hau aurkeztu du Iruñeko Larrabide estadioan, eta harekin batera izan dira Asier Martinez eta Nerea Bermejo hesilariak, haien entrenatzailea den François Beoringyanez gain.

Cirizak nabarmendu du Nafarroako Hondakinen Planak (NHP) 2027rako ezartzen duela etxeko hondakinen %25 gehienez zabortegira bidaltzea; Foru Komunitatean, batez bestekoa %53koa da, 2020ko datuen arabera. “Herritarren inplikazioa eta ohitura jasangarriak hartzea bultzada erabakigarriak izango dira sarerik gabeko jauzi hau egiteko. Izan ere, ez dago ez sarerik, ez B planetarik; hemen, gure seme-alabei eta bilobei utziko diegun lurra daukagu jokoan”, zehaztu du kontseilariak. Harekin batera egon dira, halaber, Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusia den Jesus Mª Rodriguez eta NILSAko kudeatzaile Fernando Mendoza.

Martinezek seigarren postua eskuratu zuen Tokioko 2020ko Joko Olinpikoetako 110 metro hesiren lehiaketan; Bermejok hainbat foru-errekor ditu, eta Espainiako txapelduna da pista estaliko 200 metrotan; Beoringyan entrenatzailea, berriz, Espainiako Atletismo Federazioak saritu berria du figura emergenteen entrenatzaile onena gisa. Hirurak birziklatzearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoarekin lotuta egindako ahaleginaren eta sakrifizioaren kirol-balioak partekatu dituzte.

Aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, kanpaina honekin bat egindako mankomunitate ezberdinetako ordezkariek. Parte hartutako herriak hondakinak kudeatzeko 14 erakunde arduradunetan banatzen dira, dagokien zonan: Alto Araxes, Bidausi, Bortziriak, Esca Salazar, Irati, Mairaga, Malerreka, Mendialdea, Jurramendi, Erribera, Goi Erribera, Zangozako eskualdea eta Izarbeibarko Mankomunitateak eta Baztango Udala. Era berean, ekintza-maila zabalduz, kanpainarekin bat egin dute Berako Toki Ona ikastetxeak, Almandozko Eskolak eta Elizondoko Eskolak.

Berreskuratzeko zailak diren 225 kilo hondakin pertsona bakoitzeko

2021. urtean, 150.000 tona hondakin-zatiki sortu ziren Nafarroan; hau da, 225 kilo zabor baino gehiago biztanle bakoitzeko, berreskuratzeko zaila dena. Hain zuzen ere, nahastutako hondakinak dira, neurri handi batean aprobetxatu ezin direnak eta zabortegian lurperatuta amaitzen dutenak, likido lixibiatuak eta gas metanoa sortuz, berotegi-efektuaren sorreran garrantzitsuena.

Hortaz, hondakin-zatikien edukiontzietan, Mankomunitate bakoitzaren arabera berdeak edo grisak izan ohi direnak, soilik utzi behar dira aprobetxatzeko zailak edo ezinezkoak diren hondakinak: zelulosa-hondakinak (konpresak, pixoihalak, makillajea kentzekoak, e.a.), garbiketa-produktuak (paper-zapiak, kotoi-zotzak, depilatzeko edo bizarra kentzeko xaflak, hortzetako eskuilak, e.a.), etxeko sendaketak egiteko materiala (gasak, bendak, esparatrapuak eta bestelakoak), COVIDaren aurka babesteko materiala (maskarak, antigenoak edo eskularruak), ekortze-hondarrak, animalien gorotzak, platerak, kopak, kristalezko edo zeramikazko edalontziak edo tabako-zigarrokinak.

Birziklatzen ez diren hondakinak minimizatze aldera, gogorarazi behar da Hondakinei buruzko Foru Legeak gaur egun zigortu egiten dituela zabortegian amaitzen duten hondakinak, tona bakoitzeko 20 euroko kargarekin, eta ekonomia zirkular baterako hondakinei eta kutsatutako zoruei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Lege onartu berriak 40 eurora igotzen duela karga tona bakoitzeko.

Lehiaketaren arauak

‘Hondakina-Nafarroako Kopa’ lehiaketaren funtzionamenduari dagokionean, 14 erakunde parte-hartzaileak arduratuko dira edukiontzietan utzitako hondakin-zatikia pisatzeaz, eta biztanle bakoitzeko hondakin-kilo kopuru bat lortuko da batez beste. Erakunde bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, zona batzuetan parte-hartzea udalerrien elkarteen, bilketa-ibilbideen edo eskolen bidez antolatuko baita.

Bilketari buruzko datuak publikoki eskainiko dira eta gutxienez astean behin, erakunde bakoitzaren web gune ezberdinetan nahiz Nafarroako Hondakinen Prebentziorako Bulegoaren web gunean.

Kanpainaren denboraldian jasotakoaren arabera, biztanle bakoitzeko batez besteko kilo kopurua lortuko da. Datu horri esker eta hondakinen banaketa egokiari erreparatuta, garaipena eman ahal izango zaie mankomunitate bakoitzeko herri bati edo gehiagori.

Sari gisa, balorizatzeko zailak diren hondakinekin egindako hiri-altzariak izango dira (Nafarroako mankomunitate ezberdinetako plastikoak, Tuterako Culebreteko tratamendu-instalazioan prozesatuak; edo Izarbeibarko Mankomunitatean bereizita jasotako kafe-kapsulak). Material horrekin, loreontziak, eserlekuak, hesiak, paperontziak, konpostagailuak, e.a. egingo dira, eta udalerriarentzat eta bertako biztanleentzat onura soziala ekarriko duen proiektu iraunkor baterako erabili beharko dira. Sari guztiak Nafarroako Hondakinen Funtsaren ekarpenaren bidez gauzatuko dira.

Aurten, sari moduan, ekitaldi iraunkorrak egiteko materialak izateko aukera ere eskainiko da; hala nola, tresneria berrerabilgarria edo hornidura-sarera konektatutako ur-tabernak. Halaber, sari berezi bat izango da, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak emango diona lehiaketaren bi hilabeteetan biztanle bakoitzeko hondakin-zatiki kilo gutxien sortzen dituen herriari.