Descárgate la app
Foru Gobernuak obrak hasi ditu Aezkoa eta Agoitz EuroVelo bizikleta sarearekin batuko dituen 57 kilometroko zatian
2022ko martxoaren 15a
Foru Gobernuak obrak hasi ditu Aezkoa eta Agoitz EuroVelo bizikleta sarearekin batuko dituen 57 kilometroko zatian
Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko titularrak iragarri duenez, Foru Erkidegoa udaberri honetan lotuko da, landa-eremuan kokatutako bizikleta-bide berri baten bidez, EuroVelo bizikleta-ibilbide handiekin, Aezkoako haranaren eta Agoitzen arteko 57 kilometroko zatia egokitzeko lanak amaitu ondoren. EuroVelo bidearen Nafarroako trazadura aztertu eta definitu ondoren, hau da Lursarea, Lurraldearean eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziak, Nasuvinsari atxikiak, antzinako landa-bideak lotuz diseinatu dituen 200 kilometro inguruko ibilbideari (Iratiko bidea barne) egiten zaion lehen jarduketa.
Aierdi lehendakariordeak obren hasierako ekitaldi ofizialean parte hartu du gaur, Auritzeko Kultur Etxean, eta honela adierazi du: “bizikleta-ibilbide honen garapenak EuroVelo 3 ibilbidearen gure hirigintza-plangintzara egokitzea ahalbidetzen du, mugikortasun iraunkorraren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspegitik; gainera, jarduera ekonomiko eta sozialaren faktore dinamizatzailea izango da, eta enplegua sortzen lagunduko du, landa-turismoari eta tokiko produktuei balioa emanez, despopulazioak bereziki kalteturiko ingurunean”.
“EuroVelora konektatuta, Nafarroak bat egiten du Europan egituratzeko, lurralde-kohesiorako eta landa-inguruneetan tokiko garapen iraunkorra sustatzeko ardatz gisa diseinatzen ari diren bizikleta-ibilbide handiekin”, adierazi du Aierdik ekitaldian zehar; bertan, hitza hartu dute baita ere Alberto Bayonak, Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari kudeatzaileak; Jose Irigarayk, Auritzeko alkateak; eta Micaela Garciak, Lursareako teknikariak, Bicimugi proiektuari atxikiak. Azken horrek egokitzeko dagoeneko hasitako lanen xehetasunen berri eman du.
Halaber, bertaratuen artean egon dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia den Maitena Ezkutari, alkateak eta Bicimugi proiektura elkartutako erakundeetako ordezkariak (Luzaide, Aezkoako Batzarra, Orreaga, Auritzberriko kontzejua, Erro, Artzi, Longida eta Agoitz). Baita ere bertan izan dira honako hauen ordezkariak: Orreagako Kolegiata, Iruñerriko Mankomunitatea, Cederna Garalur, Aranzadi Zientzia Elkartea, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoa, Eraikuntzako Lan Fundazioa eta REAM-ingurumenaren berreskuratzea, nahiz tokiko ekintzako hainbat taldetako ordezkariak eta sektoreko beste eragile batzuk.
Mugikortasun iraunkorra landa-eremuan
Nasuvinsa sozietate publikoak Aezkoa eta Agoitz arteko EuroVelo 3 ibilbidea eraikitzeko eta hobetzeko obrak Xego 17, SL-Obras y Canalizaciones JFG, S.L. enpresari esleitu dizkio guztira 658.547 €-ren truke (BEZ sartu gabe). Proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lanak LKS- KREAN S. COOP enpresak egingo ditu. Obrak datorren maiatzaren erdi aldera amaitzea aurreikusten da.
Aurreikusitako ibilbidearen zati handiena lehendik dauden bideetan zehar igarotzen da, eta bide horiek egokitu, seinaleztatu eta egokitu egingo dira lehengo erabilerak lurraldearen txirrindularitza-ikuspegi berriarekin bateragarri egiteko; modu horretan, lurraldea kohesionatu egingo da gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko ikuspegi iraunkorretik.
Obra horiei esker, Nafarroako Foru Komunitatean bizikletan ibiltzeko dauden ibilbideei beste 200 km gehituko zaizkie, eta, era horretan, lurraldean mugikortasun iraunkorra erraztuko da, batez ere landa-eremuetan.
Aezkoa eta Agoitz artean egokituko den bizikleta-zatia Nasuvinsa- Lursareak diseinatu du Aezkoa, Orreaga, Auritz, Erro, Artze, Longida eta Agoitz herrietako toki-erakundeekin lankidetza estuan.
Bere garaian sinatutako hitzarmenaren arabera, Nasuvinsa sozietate publikoak egokitzeko lanak egingo ditu, eta tokiko erakundeak arduratuko dira bidea mantentzeaz eta sustatzeaz datorren urteetan zehar.
Bidea egokitzeko, batez ere, gaur egun dagoen zorua hobetuko da, zagor oinarri bat botata, behar diren lekuan Kanadako pasabideak eraikita abeltzaintzako atakak saihesteko, drainadurak jarrita urak husteko beharrezkotzat jotako lekuetan, e.a. Bestalde, jarri beharreko seinaleak diseinatu dira, EuroVeloren irizpideak kontuan hartuta.
Nafarroako bide-zatia
Bicimugin zortzi bazkidek hartzen dute parte; hau da, Nafarroako bik, Pirinio Atlantikoetako frantses departamentuko bostek eta European Ciclist Federationek (ECF), landa-ingurunean bizikleta bidezko mugikortasun iraunkorra sustatzeko helburuarekin.
POCTEFA 2014-2020 programan sartzen da, hiru herrialdeen arteko mugako lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko sortutako INTERREG V-A Espainia- Frantzia-Andorra Programaren akronimoa.
Bicimugiren ekintzen artean nabarmendu behar da bizikletaz egiteko bizkarrezurra garatuko dela, lurralde horiek batzeko Europako EuroVelo 3 (EV3) ibilbidearen zati bezala, “erromesen bidea” deitua. Hain zuzen ere, Norvegiatik abiatzen da, eta zazpi herrialde zeharkatzen ditu, harik eta Galiziara iritsi arte. Guztira, 5.300 km ditu.
Nafarroako iparraldeko muturrean, EV3 Azpegi gainetik sartzen da, Aezkoan, eta Orreagara bitarte lehendik dauden bideetan igarotzen da –Luzaideko sarreraren kasuan, transfer zerbitzuaren bidezko konexio-adar bat aurreikusten da-; handik, Auritzeraino jarraitzen du. Artze eta Longida haranetatik jarraituko du Agoitzen Iratiko Bide Berdearekin bat egin arte, Iruñera bidean. Azkenik, Nafarroako hiriburuan, EV3 EV1ekin lotzen da (Atlantikoko Kostako bidea), eta Vianara iritsi eta Errioxan sartuko da.
Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, aldi berean, bidearen garapena eta EV3 seinaleztatzeko lanak koordinatuko ditu Urt-etik Ezterenzubiraino. Halaber, Puyoô -Mauléon trenbide zaharraren zatiak bide berde bihurtuko ditu Escos, Abitain, Autevielle eta Arbouet udalerrietan. Saint-Palais herriak bere hirigunea txirrindularitza-ibilbideen bidez lotzeko asmoa du EV3ren egitura erabilita. Bestalde, Europako Txirrindularien Federazioak (ECF) bere bazkideen eskura jarriko ditu landa-eremuetako bizikleta-mugikortasunaren arloan duen esperientzia eta Europako Ziurtapen Araudiaren (ECS) irizpideak betetzeko kalitatezko bizikleta-ibilbideen garapenean duen esperientzia.
Lankidetza eta ekonomia zirkularra
Bicimugik sinergiak ezarri ditu ekonomia zirkularraren mugaz gaindiko RCdiGREEN proiektuarekin (POCTEFA 2014-2020 programa berekoa); proiektu hori Eraikuntzaren Lan Fundazioak zuzentzen du, eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketak eta REAMek bertan parte hartzen dute. Proiektuaren helburua da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzea, klima-aldaketara egokitzeko estrategia gisa.
RCdiGREEN proiektuak BiCimugi proiektuko lanen zati bat gauzatzeko agregakin birziklatua hornitzea aurreikusi du, ekonomia zirkularraren eta Nafarroako lurraldeko ekimen ezberdinen arteko lankidetzaren aldeko apustu garbia eginez. Gainera, estrategia iraunkor horrekin konprometituta daudenez, Bicimugiren zati osoan erabili beharreko agregakin guztia Nafarroan hondakinak kudeatzeko baimendutako instalazioetatik etorriko da, lehengai berriak erabili ordez.
Nafarroan sortutako hondakin guztien %60 eraikuntzako eta eraispeneko hondakinek osatzen dute. Era horretako hondakinei balioa ematea funtsezkoa da lehengai berrien etengabeko kontsumoa saihesteko eta 2020rako ezarritako balorizazioaren legezko helburuak betetzeko; hau da, %70 eraikuntzako hondakinentzat eta %90 indusketa-lurretarako.