Gobernuak 1,1 milioi euroko gastua baimendu du Allozko urtegiaren ingurua birsortzeko

Obrak udazkenaren amaiera aldera hastea, urtebeteko epean egitea eta Allozko urtegia inguratuko duten baso-eraztun bat eta bizikletan ibili ahal izateko bidezidor bat eginda amaitzea aurreikusten da
2022ko urriaren 11a
videocam El proyecto “Alloz sostenible. Soluciones naturales a los problemas de degradación de riberas del embalse de Alloz” realizará una restauración hidrológica-forestal. collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 1.166.000 euroko  gastua baimentzea erabaki du, “Alloz iraunkorra. Allozko urtegiaren ibai-ertzen degradazio-arazoentzako irtenbide naturalak” proiektuaren hurrengo lizitaziorako.

Urtegiaren inguruko ur- eta baso-lehengoratzea aparteko neurri moduan sartu da “REACT-UE 4, ekonomia berde baterantz aldatzen laguntzeko inbertsioetarako laguntza” helburu espezifikoaren barruan, Nafarroako 2014-2020 EGEF Programa Operatibokoa, Europar Batasunak COVID-19aren pandemiari emandako erantzunaren zati gisa, guztira 1.438.00 euroko aurrekontuarekin.

Aurretik, proiektua idazteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako zerbitzuen kontratua ekainean esleitu zitzaion talde tekniko bati 201.586 euroren truke, BEZ barne. Aipatu taldea CIMA Ingenieros SLUko Benito Sada Lacallek, bide, ubide eta portuetako ingeniariak, eta Aitor Silgado Goicoechea arkitektoak osatzen dute.

Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratzen den Batzorde Mistoa honako hauek osatzen dute: Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia, Deierriko Udala, Gesalazko Udala eta Estenotz, Irurre, Muetz, Hiriberri Deierri, Ugar, Allotz eta Errezuko Kontzejuak. Bada, abuztuaren 26an, Batzorde Misto horrek «Allotz iraunkorra. Allozko urtegiaren ibai-ertzen degradazio-arazoentzako irtenbide naturalak» proiektua onartu zuen; hau da, aurreproiektuak ezarritako hasierako mugak gainditzen dituen proiektua, baso berritutako azalerako 24 hektarea eta bizikletan ibiltzeko 19 kilometroko luzerako bidezidorra.

40,5 hektareako baso-eraztuna

Modu horretan, onartutako proiektuaren arabera, baso-eraztun bat egin nahi da Allozko urtegiaren inguruan, 40,5 hektareara bitarteko baso-berritze azalerarekin. Baso-berritzea jabari publiko hidraulikoko lursailetan eta ingurumen- eta paisaia-narriadura nabarmeneko tokiko erakundeen herri-lurretan egingo da.

Inguruko ekologia aldatzen doa urtegiaren eta ibaien ertzetan Mediterraneoko erriberako ingurunetik erkametz, karraskal eta artadi sailetaraino, ur-xaflaren eraginetik urruntzen doan heinean; beraz, 11 zuhaitz-espezie (Populus nigra, Fraxinus angustifolia, Quercus Ilex, Quercus Faginea, etc.)  eta 5 zuhaixka-espezie hautatu dira unada mistoetan baso berritzeko. Baso berritze plana guztira 19.181 landare-unitatek osatzen dute: 16.916 zuhaitz eta 2.265 zuhaixka.

29,9 kilometroko ibilbideak

Proiektuan, bizikletan ibiltzeko bidezidor bat jarriko da Allozko urtegiaren ingurune osoan, 21 kilometroko ibilbidekoa, eta zeharkako ibilbideak izango ditu inguruko herrietara eta hainbat interesgunetara sartzeko, guztira 29,9 kilometrorekin. Zehazki, zuzenean herri hauekin lotuko da: Allotz, Ugar, Deierri, Errezu, Muetz, Estenotz, Lerate eta Irurre, ibilbidean zehar banatutako lau paisaia-begiratoki eta Lerateko Badia hondartza eta Ugarko hondartza.

Ibilbidearen luzera osotik 19,4 kilometro lehendik dauden bide edo errepidetakoak dira, eta ibilbidearen seinaleak behar izateaz gain, 4,4 kilometrotan zoruaren gainazala egokitu beharra dago eta gainerako 6,1 kilometrotan, bidearen sekzioa erabat berritu behar da. Obrak egiteko materialen artean, agregakin birziklatuetatik eratorritako zagor artifizialak egongo dira.

Obrak bi fasetan egitea aurreikusten da. Hasteko, baso-berritzeen lau loteak egingo dira, landareen hurrengo atsedenaldia aprobetxatzeko; hau da, udazkenaren amaieratik 2023ko udaberriaren hasierara bitarte. Ondoren, bizikletan ibiltzeko bidezidorren bi loteekin jarraituko da, 2023ko udaren amaiera aldera arte.