2022ko apirilaren 21a

Eskubide Sozialetako Departamentuak egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak prestatzeko 825.000 euro bideratuko ditu

Deialdiaren helburua da egoitzetako, hirugarren adinekoen zentroetako eta udalen etxeko laguntza zerbitzuetako langileak pertsonarengan zentratutako arreta-ereduan profesionalki birkualifikatzea

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, diru-laguntzen deialdi bat onartu du, sistema soziosanitario osoan ezarri nahi den pertsonarengan zentratutako arreta-eredu berrian lanean ari direnei prestakuntza emateko. Horretarako, Nafarroako Gobernuak REACT funtsetatik datorren 825.000 euroko aurrekontua bideratuko du.

Nafarroako sare soziosanitario osoan eskaini nahi den arreta-eredu berri horrek aldaketa kulturala dakar gizarte-laguntzaren eremuan, pertsonek arreta handia jasotzen duten sistema batetik, haien iritzia eta premiak kontuan hartzen dituen beste batera igarotzen baita, modu indibidualizatuan. Aldaketa hori ezinezkoa da sektore horretako profesionalen prestakuntza egokirik gabe.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak profesional kualifikatuz hornitu nahi ditu zerbitzu horiek, Foru Komunitateko gizarte zahartuan gero eta handiagoa den gizarte-eskaerari erantzuteko. Horretarako, prestakuntza-eskaintza bat garatu du, arreta-sistema pertsonalizatuagoa ezarri ahal izateko.

Ildo horretan, deialdi honen helburua da,   adinekoen egoitzetako eta zentroetako langileak zein udalen etxeko arreta-zerbitzuetan beren etxeetan bizitzen jarraitzea erabakitzen duten mendeko adinekoak eta mendekoak ez direnak artatzen dituzten langileak profesionalki birkualifikatzea. Hala, gutxienez 40 ikastaro egin nahi dira, eta 600 pertsona baino gehiago trebatuko dira.

Erakunde onuradunak eta eskabideen aurkezpena

Deialdia prestakuntza-erakunde publiko edo pribatuei zuzenduta dago, baita titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuei ere. Prestakuntza-entitateen elkarteek ere parte har dezakete. 

Eskabideak maiatzaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira Nafarroako Atariko fitxaren bidez. Bertan, entitate bakoitzak prestakuntza-programa bakarra aurkeztu dezake, eskualdeko programetarako diru-laguntza eskatzen denean izan ezik, hau da, enplegu-agentziei esleitutako udalerrietan osorik ematen diren programetarako: Agoitz, Altsasu eta Doneztebe; Lizarraldea, Lodosa, Tafalla eta Tuterako eskualdea.