2022ko martxoaren 8a

Cocemfe Navarrak Berdinna Saria jaso du desgaitasunaren arloan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egindako lanagatik

Chivite Lehendakariak erakunde horri eman dio gaur saria, erreferente handia eta lan serio, zeharkako zein konprometituaren adibidea delako
La Presidenta destaca “el compromiso con la igualdad de oportunidades” de COCEMFE Navarra. Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak COCEMFE Navarrakemakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekiko duen konpromisoa azpimarratu du gaur, asteartea. Erakundeak Berdinna Saria jaso du, eta golardo honekin Nafarroako Gobernuak erakundearen 16 urteko ibilbidea aitortzen du berdintasunaren alde egindako lanagatik, bereziki desgaitasunaren arloan.

Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan egin den ekitaldian, Chivite Lehendakariak sari honen balioa nabarmendu du, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko erakundeek eta partikularrek egiten duten lana ezagutzera emateko modu gisa.

“Gizarte bezala, berdintasunak proposatu beharreko helburua izan behar du, erakundeetatik hasita. Helburu ukigarria, neurgarria eta benetakoa, aipatu du Lehendakariak. “Iraupeneko lasterketa bat denez, egunez egun, pausoz pausa, atsedenik gabe, lanean jarraitu behar dugu, benetako berdintasuna lortu arte”, esan du.

Eragozpenak ezabatzeari dagokionean, batez ere desgaitasunaren arloan, COCEMFE Nafarroak funtsezko zeregina betetzen du, Nafarroan 2006. urtean sortu zenetik. Chivitek nabarmendu du desgaitasuna duten pertsonen eskubideak defendatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko nahiz, bereziki, desgaitasuna duten emakumeak ahalduntzeko 45 langilek egiten duten lana.

Lehendakariak gogoratu duen moduan, “emakumeek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna jasateaz gain, lan-prekarietate handiagoa eta enplegua lortzeko zailtasun gehiago ere badituzte”.

Zenbat eta aldagai gehiago batera izan (genero-desberdintasuna eta desgaitasuna), orduan eta handiagoa da genero-indarkeriaren nagusitasuna, eta, indarkeria gertatzen bada, hori intentsoagoa izan ohi da eta iraupen luzeagokoa. Ondorio horren berri eman zen COCEMFE Nafarroak egindako “Desgaitasuna duten Iruñeko emakumeen aurka gauzatutako indarkeriaren diagnostikoa” lanean, arlo horretan aitzindaria izanik.

Hori dela-eta, Chivitek adierazi du COCEMFE Nafarroa “erreferente handia dela eta lan serio, zeharkako eta konprometituaren adibidea”; era horretan, adibide moduan aipatu ditu erakundeak burutzen dituen “ahalduntze-tailerrak edo indarkeria detektatzen laguntzen eta prestakuntza edo ikerketa bultzatzen dutenak”.

Bestalde, Remirez lehendakariordeak nabarmendu du berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko politika publikoak bultzatzearen aldeko apustua egiten dutela, “emakumeen eskubideak finkatzen jarraitu ahal izateko, haien ahalduntzera bideratuta, neurri eraldatzaileak abian jartzeaz gain. Ziur gaude abian jarri ditugun berdintasun-politika publikoek emakumeen bizitzari eta, oro har, herritarrei onurak ekarri dizkietela azken urteotan”.

“Genero-arrakala iraunkorrak gainditu ahal izateko modu bakarra politika feministen aldeko apustua egiten jarraitzea da; izan ere, horri esker, arau-esparru bat, egiturak eta baliabideak lortu ditugu berdintasuna zeharkakotasunetik lantzeko, emakumeen presentzia espazio guztietan bultzatzeko helburuarekin”, adierazi du.

Desgaitasuna duten emakumeak saritzea

COCEMFE Nafarroako lehendakaria den Cristina Mondragonek jaso du saria erakundearen izenean, eta “COCEMFE Nafarroako profesionalen taldearen lanaren onarpena dela esan du. Gure begien aurrean errealitate ikusezin bat ikusarazteko eta jorratzeko erronkari heldu zioten, hautematen ez zen errealitatea; esate baterako, desgaitasuna duten emakumeek jasaten dituzten indarkeria-indize altuak. Modu horretan, ahalduntzeko tailerrak, ikerketa sozialak, aldarrikapen-kanpainak, sentsibilizazio-bideoak, profesionalentzako prestakuntza, e.a. abian jarri zituzten”, azaldu du ekitaldira gonbidatutako pertsonen aurrean.

Saria, gainera, aipatu duen moduan, “desgaitasuna duten Nafarroako emakume guztientzat da. Ahanzturari, diskriminazioari eta indarkeriari aurre egiten jarraitzen duten emakumeak eta neskatoak. Eta jada gurekin ez dauden emakume horiek guztiak, erailak izan direnak, ahaztu gabe; sari hau haientzat ere bada”.

Lehendakariarekin batera, saria jasotzen Goretti Gallego izan da, COCEMFE Nafarroako erabiltzailea, emakumeak ahalduntzeko tailerretako parte-hartzailea. Gorettik kide askoren hitzak bildu ditu, berak bezala Federazioaren zerbitzua eskertzen dutenenak: “COCEMFE Nafarroari esker, hemen gaude, bizirik eta partekatzen”; “ahalduntze-tailerrek gure burua onartzen eta baliotsu sentiarazten laguntzen digute, arazoak izan arren”; “lan honek guztiak jada ikusezinak ez izaten laguntzen du”.

Sari-banaketan izan dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Nafarroako Gobernuko ordezkaria, Jose Luis Arasti; Javier Remirez eta Jose Mª Aierdi lehendakariordeak; Iruñeko alkatea, Enrique Maya; Migrazio Politika eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos; Hezkuntza kontseilaria, Carlos Gimeno; Eskubide Sozialetako kontseilaria, Mari Carmen Maeztu; Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo; Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gomez; Kultura eta Kirol kontseilaria, Rebeca Esnaola; Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria, Juan Carlos Castillo; eta Nafarroako Berdintasunaren Institutuko zuzendaria, Eva Isturiz.

COCEMFE Nafarroaren izenean, lehendakariarekin batera izan dira Juantxo Remon lehendakariordea, Yolanda Fonseca idazkaria eta Edurne Jauregui kudeatzailea.

COCEMFE Nafarroaren ibilbidea

COCEMFE Nafarroa 2006an sortu zen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, aukera-berdintasuna bermatzeko eta giza eskubideak betetzeko helburuarekin, eta hori bere zerbitzuen bitartez eta federatutako elkarteen ordezkaritzarekin egiten du. 17 erakunde biltzen ditu, eta 6.000 bazkide inguru ditu, denak Nafarroakoak.

Gaur egun, 45 langile ditu: 17 langile teknikariak dira, tartean gizarte-langileak, terapeuta okupazionalak, administrazio eta komunikaziokoak; beste 28 laguntzaile pertsonalak dira.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek federazioak berdintasunaren arloan egiten duen lana nabarmendu du. COCEMFE Nafarroak arlo espezifikoa du gai horretan, eta desgaitasuna duten emakumeei zuzeneko arretako zerbitzuak eskaintzen dizkie, ahalduntzeko tailerren eta indarkeria detektatzeko lanaren bitartez, modu deszentralizatuan eta Nafarroako puntu ezberdinetan. Gainera, NABIrekin eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako arreta integraleko taldeekin lankidetza estua du.

Halaber, langileak prestatzen ditu genero-ikuspegia kontuan izateko proiektuak sortzen diren unetik. Plantillaren %35ak berdintasun-arloko prestakuntza jaso du, eta beste erakunde batzuetako eta administrazio publikoetako profesionalei ere irakasten die.

Sentsibilizazioaren arloan paper garrantzitsua betetzeaz gain (Amadas film dokumentala aipatu behar da), COCEMFE Nafarroak politikaren arloan ere lan egin du; hala nola, parlamentuko agerraldiak eta egun indarrean diren foru-legeetarako ekarpenak.

Berdinna saria, bost urte

3.000 euroko sari hau Nafarroako Gobernuak sortu zuen 2018an, Nafarroan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan pertsonen eta erakundeen jarduera publikoki nabarmentzeko eta aitortzeko helburuarekin, eta, era horretan, aurten, bosgarren aldiz banatu da.

Iaz, saria Afammer Nafarroak jaso zuen, Nafarroako Landa Inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteak. Elkartea 1982an sortu zen erakunde aitzindari bat bezala, landa-eremuko emakumeei ikusgarritasuna eman eta haien ahotsa estatuko eta nazioarteko foroetan entzunaraztea lortzearren.

Lehen edizioan, Blanca Fernandez Viguera ikertzaile soziala saritu zuten (2018), IPES Elkartearen sortzaileetariko bat eta generoaren bultzatzailea Familiekin eta Taldeekin Esku-hartze Sozialerako Masterrean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Generoan Espezializatzeko Diplomaren sustatzailea. Gainera, ikerketa-lanari esker, NUPeko ordezkari izendatu zuten Emakumeen inguruan egin zen Nazio Batuen IV. Mundu Konferentzian, Beijingen (Txina, 1995).

2019an, Alaiz Elkarteak jaso zuen saria 50 urtetik gora lanean aritzeagatik mugimendu progresistekin lotutako proiektuetan, izpiritu kritikoa garatzeko helburuarekin, emakume-mota guztiei irekita eta arlo ezberdinetan.

2020. urtean, berriz, Astelehen Lilak/Astelehen Nafarroak jaso zuen saria. Erakundea 2007an sortu zen eraildako emakumeak gutxienez hilean behin oroitzeko eta omentzeko ekitaldia egitearren eta gizartea indarkeria matxista errotik desagerrarazteko beharraz kontzientziatze aldera; modu horretan, erreferentea izatera iritsi  zen berdintasun-arloko prestakuntzan, profesionalentzat zein neska-mutil eta emakume eta gizonentzat.