Lehendakariak iragarri du Nafarroak ekarpenak egingo dizkiola krisiari erantzuteko plan nazionalari faktura elektrikoa jaisteko eta familia eta sektore kaltetuenei laguntzeko

Maria Chivitek Lehendakarien Konferentziaren 26. bileran parte hartu du igande honetan, Javier Remirez lehendakariordearekin eta Elma Saiz kontseilariarekin batera
2022ko martxoaren 13a
videocam Comparecencia de la Presidenta Chivite tras la reunión de la Conferencia de Presidentes collections Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak gaur, igandea, La Palman egin den Lehendakarien Konferentziaren 26. bileran iragarri duenez, Foru Komunitateak ekarpenak egingo dizkio Ukrainako krisiari erantzuteko plan nazionalari, eta, aldez aurretik, ekonomia-, gizarte- eta erakunde-arloko eragileen eta talde parlamentarioen parte-hartzearen mende jarriko ditu.

Lehenengoen parte hartzea lortzeko, Nafarroako Gobernuak datorren astearterako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera bat antolatu du. Bigarrenei dagokienez, Exekutiboak solasaldi bat ospatuko du talde parlamentariekin datorren ostiralean. 

Ukrainako krisiari erantzute aldera, Nafarroak proposatzen dituen neurriak familia eta sektore kaltetuenentzat izango dira eta Lehendakarien Konferentzian energiaren prezio jasangarriago batzuk lortze aldera adostutako hitzarmenarekin uztartuko dira. Gogoratu behar da Europar Batasuna harkor azaldu dela Errusiarekiko mendekotasun energetikoa murriztera eta gasaren prezioa elektrizitate fakturarekiko banantzera enfokatutako Espainiako Gobernuak defendatu dituen tesien aurrean.

Chivite Lehendakariak, Javier Remirez lehendakariordea eta Elma Saiz kontseilaria lagun, esan du “funts europarrek, pandemian eta orain Ukrainako krisian bezala, lagundu behar luketela erakunde arteko lankidetza harremanak sendotzen” eta bere eskaria izan da “herrialde bezala ditugun erronkak gainditu ahal izateko batasuna, oinarri bezala hartuz partaidetza, lankidetza eta konpromiso instituzionala”.

Administrazio izapideak arintzea eta autonomia energetikoa

Zehazki Nafarroako Gobernuak planteatzen du energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoaren proiektuak betearazteko epeak eta tramite administratiboak murriztu eta arintzeko hala nola Foru Komunitatearen eta Estatuko multzoaren autonomia energetikoa hedatzeko funts publikoen erabilera sustatzeko beharra.

Era berean, Foru Komunitateak, duela gutxiko koronabirusaren edo egungo Ukrainako inbasioa bezalako mundu mailako krisi erraldoiek eragiten dituzten desoreka sozial edota ekonomikoak arintzeko funts publikoen ezinbesteko erabilerari eusten dio.

Eta Europa mailan aldaketak garatuko dira Nekazaritza Politika Komunean (NPK), fiskalitatean eta funts europarretan, Europak bizi duen gatazka egoera berriaren arabera. Hori guztia krisi humanitarioaren lanketa eta pertsona errefuxiatuentzako arreta ahaztu gabe; horien ardura, solidaritate hitzarmenen bitartez, bazkide europarrei dagokie. 

Chiviteren parte-hartzea Konferentzian

Ildo horretatik, Chivite Lehendakariak aipatu du bere homologoen aurrean eginiko mintzaldian “asilo edota babes politiken baitan genero ikuspegia kontuan hartzearen garrantzia, izan ere, gerra egoeretan emakumeak eta adinekoak dira babesgabeenak”. 

Maria Chivitek halaber adierazi du Nafarroako Gobernuak “erakunde europar eta espainiarren batasunetik lan egiteko beharra partekatzen duela” aurre egin ahal izateko Ukrainaren inbasio errusiarrak suposatzen duen “segurtasun mundiala bermatzeko erronkari” eta “babesten duela Nazioarteko Gorte Penalaren aurrean salaketak egitea eta Vladimir Putinen erregimenari zigor ekonomikoak jartzea ”.

Funts europarren harira, Lehendakariak gogorarazi du aukera bat suposatzen dutela “eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzeko” eta azpimarratu du “dagoeneko jarduketak garatzen ari direla, ez bakarrik arlo ekonomikoan, baita sozialean ere”.

Landu diren beste gai batzuk

Lehendakarien Konferentziak balio izan du halaber zibersegurtasun arloan autonomia arteko lankidetza bultzatzeko, eta arlo honetan laster onartuko den lege berri baten iragarpena egin da. Halaber hizpide izan dira COVID-19aren erasoa , erronka demografikoa —esparru honetan Espainian neurri aitzindariak sustatzen ari da Nafarroa—, babes zibileko sistemaren garapena, eta konferentziaren araudi berria onartu da.