Beste erkidego batzuetako 50 gazte parte hartzen ari dira Gazteriak antolatutako ingurumen-boluntariotzako auzolandegietan

Bertizen eta Urbasan egokitzapen-lanak egiten dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak bultzatutako egonaldieta
2022ko abuztuaren 3a
Jóvenes del campamento de voluntariado de Urbasa.
camera_alt Jóvenes del campamento de voluntariado de Urbasa.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

11 autonomia erkidegotako 15 eta 24 urte arteko 50 gazte ingurune naturala egokitzeko lanak egiten ari dira uda honetan boluntariotzako ingurumen-auzolandegietan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bultzatuta eta Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak batera finantzatuta.

Uztailaren 16tik 30era, Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Madrilgo Komunitatea, Valentziako Erkidegoa, Murtzia eta Nafarroako  25 gaztek hartu dute parte,  konponketa-lanak eginez Bertizko Jaurerriko hainbat eremutan, tartean, lorategi historiko-artistikoa, lorategi botanikoa, harrera-gunea eta hainbat bidezidor.

Bestalde, 25 gaztek osatutako beste talde bat egokitzapen-lanak egiten ari da pasa den astelehenean hasita eta abuztuaren 15era bitarte, Urbasa Andiako Parke Naturalean. 15 eta 17 urte arteko gazteak dira, Andaluzia, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madrilgo Komunitatea, Valentziako Erkidegoa eta Nafarroakoak.

Gaur goizean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriainek gazteek in situ egiten dituzten lanak ezagutu ditu, eta nabarmendu du “belaunaldi berriek ingurumen-kontzientzia dutela eta garapen iraunkorraren inguruan kezkatzen direla”.

Topaketan zehar, parte-hartzaileek beren iritzia adierazi ahal izan dute datozen egunetan garatuko duten lanaren inguruan, ingurumen-arazoei edo klima-aldaketari buruzko kezkak agertzearekin batera. Amatriain zuzendari kudeatzailearen hitzetan, “era honetako jardueretan parte-hartzeak ematen duen esperientziak talde-lana ez ezik, berdinen arteko bizikidetza, berdintasuna, elkartasuna, ekologismoa eta kultura guztiekiko errespetua bezalako balioak ere sustatzen ditu”.

Ingurumenarekiko sentsibilizazioa

Gune horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) foru-lurralde osoan uda honetan bultzatzen dituen sei boluntariotza-auzolandegietako bi dira, eta Institutuak Kultura, Ingurumen eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusien lankidetza du.

Zehazki, Bertizko Jaurerriko Auzolandegian, mantentze- eta egokitze-lanak egin dira eta, horiekin batera, beste hauek ere bai: bideak eta atsedenlekuak garbitu eta sasiak moztea, heskaiak inaustea, landare exotiko inbaditzaileak kentzea, hesiak eta altzariak eta itxiturak garbitu eta margotzea eta segurtasun-hesiaren mantentze-lanak.

Bestalde, Urbasako Parke Naturaleko boluntariotzako auzolandegian parte hartuko duten gazteek bidezidorren sarea seinaleztatzeko eta mantentzeko lanak egin beharko dituzte, mendiaren antolamendu-banaketaren seinaleak berrikustea, etxolen zenbakiak berritzea, monumentu megalitikoen eta monumentu naturalen seinaleak hobetzea eta sutegiak mantentzeko lan txikiak.

Uztaila eta abuztua artean, 150 gaztek parte hartuko dute Nafarroan egiten diren auzolandegiren batean. Boluntariotzako auzolandegien kuota orokorra 120 eurokoa da, eta, bertan, ostatua eta mantenua sartzen dira mantenu osoan, jarduera osagarriez gain.

Bizikidetza eta topaketa maila pertsonalean

Ingurune naturala hobetzeko eta zaintzeko helburuaz gain, auzolandegi horiek aukera ematen die parte-hartzaileei pertsonalki garatzeko eta haien ohiko ingurunekoak ez diren beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzeko, programa osatzen duten jarduera ludiko eta kultural ezberdinen bitartez; gainera, bizikidetza, elkartasuna eta tolerantzia bezalako balioetan aberatsa den bizipena izateko aukera eskaintzen dute.

Ildo horretan, jarduera ludikoak egiten dira, parte-hartzaileek ingurunea ezagutu eta denbora libreaz goza dezaten; tartean, ginkanak, talde-dinamikak, tokiko sukaldaritzako eta argazkigintzako tailerrak, “herri kirolak” edo Urederraren Iturburua Natura Erreserba bisitatzea, besteak beste.  Auzolandegia lankidetza-eremu bat da, eta boluntarioei aukera ematen die pertsonalki garatzeko nahiz haien ohiko ingurunetik kanpoko jendearekin esperientzia partekatzeko. Bestalde, programaren helburua da, halaber, parte-hartzaileak Nafarroako alde honetako ondare historiko, kultural eta naturala ezagutzera hurbiltzea.