2023ko urtarrilaren 25a

Gobernuak gaurko bilkuran onartutako beste gai batzuk

Nafarroako Elkarteen Erregistroaren eta haren prozeduren erregulazio berria. Foruzaingoaren kaleko jantziak erosteagatik kalte-ordainak jasotzeko baldintzak

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Elkarteen Erregistroa eta haren eskumeneko prozedurak erregulatzen dituen Foru Dekretua onartu du.

Testuari dagokionez, Exekutiboak Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko irizpena eskatu zuen, eta, bertan, erregistro-prozedurak Nafarroako berezitasunetara eta tresna teknologikoetara egokitzen dira, orain arte Estatuko araudia aplikatzen baitzen modu osagarrian.

Zehazki, Foru Dekretu berriak dokumentuak autentifikatzeko prozesua sinplifikatzen du; halaber, erantzukizunpeko adierazpen bakarra ezartzen du, sinadura digitalarekin, online aurkeztutako dokumentazioaren kopiaren zehaztasuna jasotzeko. Era horretan, izapideak azkartzen dira; esate baterako, zuzendaritza-batzordeak berritzea.

Gaur egun, Nafarroako Elkarteen Erregistroan 9.272 entitate daude alta emanda.

Foruzaingoaren kaleko jantzia

Era berean, Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du uniformea jantzi gabe lan egiteko baimena duten unitateei atxikitako Foru Zaingoko langileei kaleko jantzien kalte-ordaina emateko baldintzak arautzen dituen Foru Dekretua.

Urrian eskaera egin eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena jaso da. Onartutako testuaren arabera, aldez aurretik deskribaturiko enplegu-baldintzak betetzen dituzten poliziek 900 euroko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute unitate horri atxikitako lehen urtean, 700 euro bigarren eta hirugarren urtean, eta 550 euro hurrengoetan. Bestalde, arloetako eta komisarietako buruek eta urtean uniformerik gabe 30 lanegun baino gehiago lan egiten duten agenteek urteko 200 euro jasoko dituzte. Urtean, 10 eta 30 egun bitartean erregelamendu-uniformea jantzi gabe lan egiten dutenek, berriz, 100 euro jasotzeko eskubidea izango dute.

Normalean kaleko arropa jantzita lan egiteagatik, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dute Agintaritzen Babesa eta Joko eta Ikuskizunen Babeseko unitateetako foruzainek eta Ikerketa Kriminalaren Arlokoek, honako hauek izan ezik: Salaketa eta Herritarren Arretarako Taldeko kideek edo zerbitzua uniformea jantzita eman ohi dutenek, Lurralde Komisarietako Polizia Judizialeko Taldeek, Segurtasun Pribatuko eta Sistemetako Taldeak, Barne Erregimeneko Brigadak, Automobilaren Delinkuentzia Taldeak eta Ingurumen Ikerketako Taldeak.