2022ko urtarrilaren 26a

Nafarroako Gobernuak osasun eta gizarte arloak lotzeko hitzarmen bereziak arautu ditu

Gaur egungo kontzertuen formula osagarria da, eta irabazi asmorik gabeko entitateei dago zuzenduta
collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru dekretu bat onetsi du, osasun eta gizarte arloetako lotura hitzarmen bereziak arautzeko. Gaur egungo kontzertuen formula osagarria da, eta irabazi asmorik gabeko entitateei dago zuzenduta.

Arauaren helburua da arlo horietan atxikimendu-hitzarmen bereziak sinatzeko esparru arautzailea osatzea; era horretan, osasun-administrazioak tresna bat izango du, segurtasun juridikoarekin eta kontratu-formulak alde batera utzita, osasun-sektore publikoaren eta irabazi asmorik gabeko sektore pribatuaren artean lankidetza ahalbidetzeko, baliabideak antolamenduan integratuz, horiek modu eraginkorragoan erabiltzearren, Nafarroan osasun-laguntzaren oinarri diren printzipioak uneoro zainduta.

Atxikimendu-hitzarmen berezi horiek sinatzeko baldintzen artean honako hauek nabarmentzen dira: behar den administrazio-baimena izatea eta Osasun Departamentuaren osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduen Erregistroan inskribatuta egotea; irabazi asmorik gabeko erakundeak izatea, era horretan erregistratuta eta eratuta, edota estatutuetan beren gain hartzea izan dezaketen edozein onura gizarte-helburuetan berrinbertitzeko konpromisoa; erantzukizun zibileko asegurua izatea, hitzarmenaren xedeko zerbitzuak estaltzeko; eta arlo ekonomikoan eta kontabilitatean, zerga-arloan, lan-arloan, Gizarte Segurantzan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean indarrean den araudia eta osasun-eremuan bateraezintasunen inguruan aplika daitekeen legeria betetzea.

Dagokion hitzarmena egin nahi duten erakundeek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako egindako deialdian adierazitako epearen barruan, eskatutako dokumentazioa aurkeztearekin batera.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaerak Pazientearen Osasun Laguntzako Zuzendaritzak baloratuko ditu, horretarako era daitekeen batzorde teknikoaren bitartez. Eskabideak atzera bota direla ulertu ahal izango da aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera, egindako deialdiaren ondoriozko atxikimendu-hitzarmen berezia sinatu ez bada.

Hautapen-irizpideak

Deialdian, gutxienez, honako hiru hautapen-irizpide hauek zehaztuko dira: zerbitzua emango den herrian edo eremu geografikoan ezartzea; erakundearen egitura, baliabideak, ekipamendua eta zerbitzuen zorroa; zerbitzua emateko egiaztatutako esperientzia-urteak; beste erakunde eta instituzio batzuekin sarean lan egin izanaren esperientzia, jarduera zerbitzua emateko osagarria bada; eta herri-administrazioek egindako auditoretza-txostenak.

Horrez gain, honako hauek baloratuko dira: erabiltzaileen balorazioa, zerbitzua aurrez eman badute; zerbitzuen kudeaketa eta hobekuntzako kalitate-ziurtagiriak eta esperientzia egiaztatua; segimendua emandako arretan edo kalitatean; pertsonak arreta-ingurunean errotzea; jardunbide sozial eta langileen kudeaketako jardunbide egokiak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzera bideratutako neurriak barne; eta erabiltzaileak zerbitzuen prestazioan eta ebaluazioan inplikatzeko mekanismoak ezartzea.

Atxikimendu-hitzarmen bereziak gehienez 20 urtekoak izango dira, gehienez 4 urtez luzatzeko aukera barne. Hasiera batean hitzartutako baldintza ekonomikoak hitzarmenean zehaztutako modu eta epeetan berrikusi eta aldatu ahal izango dira.

Lankidetza publiko-pribatua

Nafarroan, osasun-zerbitzuen hornidura, oro har, titulartasun publikoko baliabideekin egiten da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (O-NOZ) kudeatuta.

Hala ere, tradizionalki, osasun-sistema publikoak kanpoko osasun-erakundeen lankidetza behar izan du, titulartasun publikoak edo pribatukoak izan, osasun-arloko zentroen, zerbitzuen eta establezimenduen dispositibo propioa osatzeko. Helburua da era horretako zerbitzuak eta prestazioak ematea, bi sektoreen arteko lankidetza funtsezko zutabea izanik osasun-sistemaren iraunkortasuna eta kaudimena bermatzeko.

Ildo horretan, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean, bi bide ezartzen dira osasun-zentro eta –zerbitzu pribatuak lotzeko: kontzertuarena (90. art.) eta hitzarmen bereziarena (66 eta 67 art.).

Subdisiaritate-printzipioan oinarritzen diren eta osasun-zerbitzuak modu zehatzean edo koiunturalean emateko lankidetza-instrumentuak diren itunak ez bezala, osagarritasun-printzipioan oinarritzen den hitzarmen bereziak lankidetza estuagoa eta iraunkorragoa eskatzen du; izan ere, zentroa edo zerbitzua osasun publikoaren sarean erabat integratzea dakar. Hortaz, zentro eta zerbitzu horiek argitaratzea da kontua, eta zentro publikoek duten araudi berdin-berdinaren mende geratuko dira, zerbitzu eta prestazioetarako sarbide, tratu eta doakotasun irizpideei dagokienean. Horrez gain, hitzartutako jarduerak eta prestazioak osasun-administrazioak une bakoitzean hartutako programazio edo plangintza zehatzera egokitu beharko dituzte.

Halaber, titulartasun publikoko zentroek dituzten ikuskapen eta kontrol sanitario, administratibo eta ekonomiko berberak izango dituzte, nahiz eta atxikitako sektore pribatuak haren mendeko zentroen titulartasuna mantendu, eta haietan zerbitzuak ematen dituzten langileen lan-harremanak edo harreman zibilak ere bai.