2021ko azaroaren 15a

“Zure ondoan gaude”, A25eko kanpainaren leloa, zeinaren bidez, Gobernuak herritarrei hurbildu dizkie emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko taldeak

Irailera arte, 911 emakume artatu dituzte, aurreko urtean baino % 23 gehiago
videocam Azaroa 25 Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna collections Irudi galeria

Vídeo producido por el Gobierno de Navarra con motivo del 25 de noviembre, Día Internacional para la eliminación de la violencia contra las mujeres.

Nafarroako Gobernuak mila emakume baino gehiago artatuko ditu aurten Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldeetan (EAIV). Duela hamarkada bat hasi zen baliabide espezializatu hori ezartzen, eta eskaria handitzen ari da. Aurten, 911 emakumeri eman die zerbitzua, 2020ko aldi berean baino % 23 gehiagori; eta 60 seme-alabari, aurreko urtean baino % 11 gehiagori.

Igoera horrekin eta arreta hobetu nahi izatearekin, aurrekontu-zuzkidura ere gehitu egin da. 2022. urteari begira, aurrekontua 936.484,27 eurokoa izango da, 2021ean baino %15 gehiago eta duela lau urte baino %40 inguru gehiago.

Arretarako eta errekuperaziorako zerbitzu publiko horiek erantzun integrala eskaintzen diete, arlo sozial eta juridikoan zein hezkuntza- eta psikologia-arloan, indarkeriatik bizirik atera direnei nahiz haien adin nagusiko eta adingabeko seme-alabei. Laguntza jasotzeko, ez dago salaketa jarri beharrik. Zerbitzuak Berriozarren, Tuteran, Lizarran eta Tafallan kokatzen dira baina Nafarroa osoa hartzen dute, Iruña kenduta, zerbitzu propioa izateagatik.

Gizarteari eta, bereziki, indarkeria jasaten duten emakumeei, ezagutzera emateko helburuarekin, talde profesional horiek izango dira Nafarroako Gobernuak azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna, dela-eta egingo duen kanpainaren protagonistak.

Informazioa emateko eta sentsibilizatzeko mezua hau izango da: “Indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta integrala emateko taldeetan bizitza hobe bat izateko atea irekitzen laguntzen dizugu. Zure ondoan gaude”.

Horrela iragarri du lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilaria den Javier Remirezek prentsaurrekoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) kudeatzaile Eva Isturizekin batera.

“Emakume biktimei eta haien seme-alabei arreta espezializaturik onena eskaintzeko Gobernuaren nahiari erantzuten dio kanpainak”, adierazi du Remirez lehendakariordeak, eta, era berean, inkesta egindakoen %99ak artatu eta gero “asko” hobetzen direla dioela. 2020ko inkestan, %100 inguruko portzentajeak lortu ziren baita ere arreta azkar, eraginkor eta kalitatezkoari dagokienean. %99ak esan zuen zerbitzua beste emakumeei aholkatuko liekeela.

Kontseilariak azpimarratu du Gobernuak “apustu irmoa” egin duela berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztearen alde, eta, horretarako, “benetako gertaerak” agerian geratu direla; hala nola, aurrekontua gehitzea, arreta-taldeak profesionalki indartzea eta baliabide berri bat abian jartzea: sexu-indarkeriarako “krisi-zentroa”.

Kontseilariak adierazi duenez, Gobernuak eta NABIk legegintzaldi honetarako planteaturiko helburu estrategikoa da emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitza bat lortzea jarduteko bi ildo nagusiren bitartez: arreta-baliabideak hobetzea (baliabide gehiago, arreta gehiago eta profesional gehiago etengabeko trebakuntzan) eta era guztietako indarkeria guztien prebentzioa hobetzea gure lan guztiaren bidez, genero zeharkakotasuna, emakumeen ahalduntzea, berdintasunezko maskulinitateak eta herritarren sentsibilizazioa jorratuta, INAI/NABIren programa ugarirekin.

Modu horretan, Gobernuak guztira 936.484,27 euro bideratuko ditu 2022an Indarkeria Biktimen Arreta Integralerako Taldeetarako (IBAIT) (+%15,3), 840.000 euro harrera-baliabideetarako (larrialdia, pisuak, e.a., %38 gehiago) eta 141.900 euro emakumeak testuinguru hauetan artatzeko baliabideetarako: prostituzioa, salerosketa-delituaren biktimak eta emakumeen mutilazio genitalaren aurka (+%36,5). Guztira, soilik baliabideetan, 1.918.385 euro izango dira; hots, 2021ean baino %26 gehiago.

Zenbateko horri 1.306.712 euro gehituko zaizkio 2022an, 2023an krisi-zentroa abian jartze aldera; hau da, sexu-indarkeriaren biktimak artatzeko eta gai horren inguruan sentsibilizatzeko baliabide espezializatua. “Horrela, mugimendu feministaren eskaera historikoa beteko da, Espainiak 2014an sinatutako Istanbuleko Hitzarmenaren puntu garrantzitsu bat gauzatzearekin batera”, aurreratu du Remirez kontseilariak.

Arreta espezializatua eta diziplina anitzekoa salaketarik gabe

INAI/NABIko kudeatzailea den Eva Isturizek gogoratu du emakumeen aurkako indarkeriak ezaugarri ezberdinak dituela. “Egitura-izaera du, emakume guztiak baitaude arriskuan. Eta Giza Eskubideen urraketa handiena da une honetan Nafarroan”, azpimarratu du.

Egitura-izaera hori medio, Taldeak profesional espezializatuek eta diziplina anitzekoek osatzen dituzte, arreta integrala eskaintzen dute, eta harrera egiteaz, laguntzeaz eta emakumeak indartzeaz arduratzen dira.

Lau Taldeak Berriozarren (948004952/948004953), Tuteran (948 403665), Lizarran (948 55 36 20) eta Tafallan (948 703428) aurkitzen dira, Gizarte Zerbitzuen arloetan, eta horien bitartez Nafarroa osoari zerbitzua ematen zaio. Iruñean bizi diren pertsonentzat, berriz, Udalak Emakumearen Arretarako Udal Zerbitzua (EAUZ) du (948 42 09 40). Nafarroako Gobernuak duen beste laguntza-baliabidea Delitu Biktimak Artatzeko Bulegoa da (Justizia Jauregia – Iruña), eta arlo juridikoan psikologikoan eta sozialean arreta integrala eskaintzen du.

IBAITen arreta integralaren ereduak genero-ikuspegia du, eta seme-alabak kontuan hartzen ditu. Biktima den emakumearen administrazio-egoera edozein dela ere artatzen du. %25 inguruk aholkularitza jasotzen du, eta %75 tratamenduan aurkitzen da.

2021eko urtarriletik irailera, lau taldek 911 emakume, 49 seme-alaba adingabe eta adin nagusiko 11 seme-alaba artatu dituzte. 2020ko denboraldi berean, 739 emakume, 47 seme-alaba adingabe eta adin nagusiko 7 seme-alaba artatu zituzten. Beraz, aurten, emakumeen kasuan %23ko igoera gertatu da. Seme-alabei dagokienez, igoera %11koa izan da.

2020an 994 emakume artatu ziren (eta 54 adingabe); 2019an 1.060 eta 2018an 963. “Pandemiaren ondorioz, emakume gutxiago gerturatu ahal izan ziren taldeengana, nahiz eta uneoro bermatu telefono bidezko laguntza”, gogoratu du Isturiz zuzendari kudeatzaileak.

IBAIT delakoak duela ia hamarkada bat sortu ziren. Lehena Lizarrako Gizarte Zerbitzuen arloan jarri zen abian 2010ean. Ondoren, Tuterakoa etorri zen (2021an, eta Emakumearen Arreta Integralerako Udal Zentroaren zenbait funtzio ordezkatu zituen), eta, beranduago Tafallakoa eta Iparraldeko Zonakoa (2016).

Denbora horretan, urtean 1.000 artapen inguru egitera iritsi da (2011n 42). Ez da kontuan hartzen Iruñeko arreta, 2020an 366 arreta eskaini zituena, eta Biktimak Artatzeko Bulegoak babesten duena. “Honekin esan nahi dugu urtean 1.300 emakume baino gehiagok jasotzen dutela aholkularitza eta tratamendu publiko espezializatua emakumeen aurkako indarkeria dela-eta”, azpimarratu du.

Arretaren igoera gertatu da IBAITek lurralde-mailan estaldura handiagoa ematen dutelako eta herritarrak pixkanaka ezagutzen eta sentsibilizatzen joan direlako.

Kanpaina

“Aurreko kanpainetan emandako alerta-mezuaren edo indarkeriaren gaineko kontzientziazioaren aurrean, aurten mezua bideratu nahi izan dugu laguntza eta errekuperaziorako sare profesionalera. Egoera horiek jasaten eta zer gertatzen ari den argi ez duten emakumeei harremanetan jartzeko eskatzen diegu. Haien ondoan gaude”, nabarmendu du.

Kanpaina emakumeen aurkako indarkeriaren biktimengana zein haien inguruneetara zuzentzen da, taldeak eta Iruñeko Udalaren zerbitzua hor daudela jakin dezaten.

Tonu atsegin eta seguru batean, emakume biktimei IBAITetara joateko eskatzen zaie kartelean. Irudia Nafarroako Gobernuaren departamentu eta zerbitzu publikoen artean eta toki-erakundeetan banatuko da; guztira, 2.500 ale aterako dira. Iragarkiak egunkari eta tokiko aldizkarietan ere ikus ahal izango dira.

Halaber, telebistetan, zineman eta sare sozialen bidez zabalduko den beste spot bat egin da, eta irratirako iragarkiak; hots, Martzillako abeslaria den Ana Garridoren “Lost” abestiari buruzko lokuzio bat.

Publizitate-kanpainaren aurrekontua 65.000 eurokoa izan da. Horrez gain, 36.000 informazio-liburuxka argitaratuko dira emakume gazte eta helduentzat, hizkuntza ezberdinetan (arabiera, frantsesa, ingelesa eta errusiera), emakumeen aurkako indarkeria espezifikoen azalpenarekin eta autonomia berreskuratu ahal izan duten eta bizirik irten diren emakumeen lekukotzekin.

Arreta-baliabideen beste datu batzuk

NABIk harrera-baliabideak ere baditu (larrialdietakoa, harrera-etxea eta bizileku-pisuak), eta urtarriletik irailera bitartean 221 pertsona igaro dira horietatik, 2020an baino %30 inguru gehiago, (112 emakume eta 109 adingabe). Baliabide horiek gero eta gehiago erabiltzen ari dira.

Era berean, babestutako etxebizitzak eskuratu ahal izateko egiaztapenak gehitzen ari dira (201 eman dira gaur arte; 2020an 144 edo 2019an 163).

INAI/NABIk erakundeen arteko koordinazioa bultzatzen du gure komunitatean, bizirik irten diren emakumeen eta haien seme-alaben prebentzioa, detekzioa eta arreta hobetzeko, Erakundeen arteko Akordioaren bitartez; akordio horren helburua da kalitatezko arreta bermatzea osasun-, hezkuntza-, gizarte-, polizia-arloan eta arlo juridiko eta judizialean. Gainera, Ekintza Plan bat bultzatzen du emakumeenganako indarkeriaren kontra 14/2015 Foru Legea garatzeko Gobernu osoan.

Salaketak

Erakunde arteko Akordioaren arabera, polizia-kidegoetako salaketak hazten joan dira 2015az geroztik; urte horretan, 1010 izan ziren. 2019an, 1.335 erregistratu ziren eta 2020n, 1.549 (%16 gehiago). 2021eko urtarriletik irailera bitartean, 1.213 aurkeztu dira, 2020ko denboraldi beraren antzera ia-ia (1.203). Egunero lautik gora. 2020. urtearekin alderatuta, 29 urtera bitarteko emakumeek jarritako salaketak igo egin dira, salaketa jarritakoen %40 inguru baitira. Salaketen %72 indarkeria fisiko eta/edo psikologikoarengatik izan dira. Erasotzaileen %71 30 urtetik gorakoak dira.