2021ko ekainaren 28a

Ingurumeneko Departamentuak kanpaina abian jarri du erabilera bakarreko plastikozko produktuak saltzeko debeku berrien berri emateko

Hondakinei buruzko Foru Legea eta haren fiskalitatea betez, datorren uztailaren 3tik aurrera debekatuta egonen da birziklatu ezin diren erabilera bakarreko platerak, mahai-tresnak, lastotxoak, monodosiak eta plastikozko beste ontzi batzuk saltzea
collections Irudi galeria

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak  kanpaina bat jarri du abian, erabilera bakarreko plastikozko produktuak, plastiko oxodegradagarriz fabrikatutako produktuak eta monodosia eta/edo birziklagarriak ez diren materialen kapsulak saltzeko debeku berriei buruzko informazioa emateko. Debeku horiek uztailaren 3an sartuko dira indarrean, Hondakinei eta horien Fiskalitateari buruzko Foru Legea betez.

Zehazki, honako hauek izango dira batez ere debekatuko direnak: mahai-tresnak eta platerak, lastotxoak, kotoi-zotzak, edari-irabiagailuak, puxika-makilatxoak, janari/edarientzako poliestireno hedatuko ontziak eta dosi bakarreko eta/edo birziklagarriak ez diren kapsulak; alegia, erabilera bakarreko plastikozko produktuak, oro har, gure itsasoak kutsatzen dituzten hondakin guztien %43a osatzen dutenak.

Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek prentsaurrekoan azaldu duenez, “neurri honen helburua da hondakinen prebentzioa sustatzea eta merkatuan hain barreiatuta dauden produktu horien kontsumoa saihestea, ingurumenaren eta gizakien osasunaren aldetik arazo larria sortzen baitute”.

Gomezek gehitu du “debeku berri horiek betetzearekin erantzunik onena eman diezaiokegula hondakinen eta, zehazki, hondakin plastikoen inguruan dagoen arazo handiari”; modu horretan, herritarrak “gure ohiturak aldatzera, erabilera bakarreko plastikoak alde batera uztera eta horien ordez birziklagarriak eta/edo iraunkorrak diren beste aukera batzuk erabiltzera” animatu ditu.

Horrez gain, kontseilariak ondorengoa gogorarazi du: “Nafarroa aitzindaria izan zen Estatuan Hondakinen eta haien Fiskalitatearen inguruko 14/2018 Foru Lege berritzailea onartzen, eta, horri esker, 2020an erabilera bakarreko plastikozko poltsak debekatu ziren. 2021. urteari begira, Legeak ekonomia zirkularraren bidetik bideratzen gaitu, ingurumen eta osasunaren arloan kaltegarriak diren produktu horiek guztiak debekatuta”.

Kanpaina

“Agur, plastikoa, Adiós” kanpainarekin batera QR kode bat sortu da, OPRECen web orrialdera (Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularrera bultzatzeko Bulegoa) eramaten duena, eta, bertan, arau berriari buruzko informazio tekniko eta xeheagoa eskura dezakegu. 

Bertan, horretarako sortutako azalpen-bideora ere sar gaitezke; horrela, merkatuan galaraziko diren objektuen irudiak eta haien aurreko aukera iraunkorrak nahiz beste informazio-eduki batzuk ikus ahal izango ditugu.

Mezuak honako hauek bezalako leloak ditu: Kanpora, inork ez zaitu festa honetara gonbidatu, alde egin eta ez itzuli, Hau ez da laster arte, zoaz betiko baizik! Eta Agur, Plastikoa, ez dugu zure mirarik izango!

Kanpaina prentsan, irratian, hedabide digitaletan eta sare sozialetan zabalduko da. Halaber, kartelak jarriko dira espazio publikoetan, elkarteetan, igerilekuetan, eta abar, eta tamaina handiko beste 5 olana Bertizko Jaurerrian, Aiotzeko Urtegian, Erriberriko Udaletxean, Iruñeko Ziudadelan eta Pulguerko Urmaelean.