2021ko ekainaren 8a

Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu du Iruñeko Udalarekin, Azpilagaña auzoan alokairuko 36 apartamentuk osatutako blokea sustatzeko adineko pertsonentzat

Proiektua Nasuvinsa sozietate publikoak sustatu du Iruñeko Udalak lagatako zuzkidura-erabilerako partzela batean; bertan, eraikin inklusiboa, eraginkorra eta zurez eraikia aurreikusten da, 60 urtetik gorako pertsonentzat
Iruñeko Azpilagaña auzoko adinekoentzako apartamentuen eraikina birsortzea.
camera_alt Iruñeko Azpilagaña auzoko adinekoentzako apartamentuen eraikina birsortzea.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez, eta Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu dute gaur Azpilagaña auzoan alokairu publikoko apartamentu-blokea sustatzeko, 60 urtetik gorako pertsonentzat, Iruñeko Udalak lagatako zuzkidura-erabilerako partzela batean.

Exekutiboak sei milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du guztira 36 apartamentu eraikitzeko. Foru Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitzako titularra den Jose Mª Aierdik eta Iruñeko alkate Enrique Mayak, Nasuvinsako zuzendari kudeatzailea den Alberto Bayonarekin batera, udal-lurzorua lagatzeko akordioa formalizatu dute gaur Nafarroako Jauregian, azalera-eskubideen erregimenean, 75 urteko denboraldirako.

Aierdi kontseilariak eta Maya alkateak erakunde arteko lankidetza nabarmendu dute, alokairu babestuko apartamentuen eraikin hau horri esker sustatu ahal izan baita hiri finkatuaren ehunean. Era berean, proiektuaren garrantzia azpimarratu dute, adinekoen gizarteratzea eta bizikidetza auzoko hiri-ingurune batean errazteko tresna bat baita, zerbitzu publikoak, hornidurak edo hurbileko saltokiak eskura dituztela, kanpoaldeko beste bizitoki batzuen alternatiba moduan.

Nasuvinsak Azpilagaña auzoko Alzania kaleko 18an proiektatu du eraikina, eta sotoa, bi behe solairu eta beste 9 solairu izango ditu, guztira 36 apartamentu, 34 bi gelakoak eta 2 gela bakarrekoak, 68 eta 52 m2-koak, hurrenez hurren; era berean, denek erabiltzeko zonak izango dituzte: jangela, egongela edo irakurtzeko gela eta erabilera anitzeko espazioak, hainbat erabilerara egokitu ahal izango direnak. Eraikinaren azalera eraikiak 5.000 m2 izango ditu guztira, 3.500 m2 etxebizitzetarako eta gainerako 1.500 m2 erabilera komuneko lokaletarako.

Udal-erabilerako lokalak

Nasuvinsaren eta Udalaren arteko hitzarmenean jasotzen den moduan, behe solairuetan udal-erabilerako bi lokal eraikiko dira, 640 m2-ko azalera erabilgarriarekin, eta bertan erretiratuentzako zerbitzua eta auzoko zentro komunitarioa jarriko dira. Lokal horiek bi sarrera izango dituzte, Altzania ibaia kaletik eta oinezkoen atzeko kaletik.

Banaketa horri esker, eraikinak erabilera inklusiboak izango ditu apartamentuko maizterrentzat nahiz Azpilagañako auzoko bizilagunentzat.

Eraikinaren proiektua  Javier Oficialdegui, German Velazquez eta Jesus Mª Armendariz arkitektoren taldeak idatzi du, Nasuvinsako arkitektoa den Maitane Zazuren laguntzarekin.  Bertan, inklusibitatearen eta adeitasunaren printzipioak kontuan izan dira, eta hainbat elementu berritzaile ditu. Esate baterako, nabarmentzekoak dira altuerako solairuetan zurezko egitura duen eraikina eraikitzea; kontsumo ia nuluko eraikinaren Passivhaus ziurtagiria; energia berriztagarriak soilik erabiltzea –fotovoltaikoa eta biomasa- gainerako energia-eskaera betetzeko; irisgarritasun unibertsalaren Ilunion ziurtagiria; edo apartamentuen barneko diseinuaren aldakortasuna, erabilera edo behar desberdinetara egokitzeko.

Proiektua Nafarroako Udalak bultzaturiko Navarra Social Housing alokairuko etxebizitzen planean sartzen da, guztira 524 etxebizitza dira eta 80 milioi eurotik gorako aurrekontua. Etxebizitza horien %26 jada amaituta daude Iruñerriko Mutiloa, Ardoi eta Erripagaña auzoetan; beste %50 egun eraikitzen ari dira –Tuteran, Lizarran, Beran edo Garraldan­- eta gainerako %24 lizitazio-prozesuan aurkitzen da. Nafarroako Gobernuak plan hori bigarren fase batera zabaldu nahi du, alokairuko etxebizitzen parke publikoa gehitzeko lehentasunezko helburuaren barnean.