2020ko abenduaren 26a

Nafarroak urte bukaerarako aurreikusiriko neurriak gogortu ditu, COVID-19aren bilakabide epidemiologikoa dela eta

Gabon zahar gauean 23:00etan mantenduko da etxeratzeko agindua, familia-topaketak sei pertsonakoak izanen dira gehienez, eta Foru Erkidegoaren perimetroaren itxierak bere horretan jarraituko du

Nafarroak ez ditu malgutuko COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko prebentzio-neurriak, azken egunotako bilakabide epidemiologikoa ikusirik. Hala, Foru Erkidegoaren  perimetroaren itxierak bere horretan jarraituko du, etxeetako  familia-topaketak bi bizikidetza-unitatetako sei pertsonakoak izanen dira  gehienez, eta Urte zahar gauean 23:00etan mantenduko da etxeratzeko agindua.

Hasiera batean aurreikusiriko neurrien gogortzea Lehendakariaren Foru Dekretu batean gauzatuko da; heldu den astelehenean argitaratuko da dekretu hori, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bestalde, oraingoz ez da aldaketarik ezarriko hainbat sektoretako edukierez eta mugapenez den bezainbatean: ostalaritza, merkataritza, ikuskizunak, egoitzak eta kirol-jarduera, besteak beste. 

Osasun Departamentuak atzeman du kasu-kopuruak gora egin duela azken egunotan, eta, “are kezkagarriagoa dena, goranzko joera argi eta garbia”. Izan ere, 14 egunean metaturiko intzidentziak abenduaren 11n jo zuen behea: 179 kasu 100.000 biztanleko. Abenduaren 24an 190 ziren, eta gaur, abenduak 26, larunbatarekin, 200 kasu inguru.        

Era berean, diagnostiko-proben positibotasun-indizea abenduaren 22ko % 3,3tik hilaren 24ko % 5,3a handitu da, eta atzo, hilak 25, berriz, % 7,1era. Oinarrizko birsorkuntza-tasa (Rt), zeinak adierazten baitu infektaturiko pertsona batek zenbat kasu berri eragiten dituen, hilaren erdialdeko 0,67tik abenduaren 23an neurturiko  0,92raino igo da.

Epidemiologia-adierazleek okerrera egitearen ondorioz, Nafarroako Gobernuak, osasun-arduradunen proposamena aintzat harturik, urtearen bukaerarako aurreikusiriko salbuespenak ezabatu ditu, kutsatzeak “ahalik eta gehien” prebenitzeko eta “Eguberrien ondorengo beste pandemia-olatu bati aurrea hartzeko” xedez.  

Osasun Departamentuaren esanetan, hirugarren olatu batek “eragin nabarmena” izan lezake giza bizitzei, osasun-sistemaren gaineko inpaktuari eta beste beharrizan eta patologiei emaniko arretari dagokienez, eta ondorioak eragin ditzake ekonomian eta bizitza sozialean. Horrez gain, ez da ahantzi behar Nafarroan egoera okertzeak “berriz ere negozioak ixtea, edukierak mugatzea eta gainditurik zeuden murrizketetara  itzultzea” ekarriko lukeela.