2020ko irailaren 16a

Nafarroako Gobernuak COVID-19ren aurreko prebentzio-neurriak ez betetzeagatik, zehapen-araubidea bateratzen duen Foru Lege Dekretua onartu du

Maskara erabiltzeko betebeharra ez betetzeagatiko gutxieneko zigorra 300 eurokoa izango da 1,5 metroko distantzia errespetatzen ez denean, eta 600 eurokoa 'botiloietan' parte hartzeagatik

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, COVID-19ren aurreko osasun eta prebentzio neurriak ez betetzeagatik zigor araubidea bateratzen duen Foru Lege Dekretua onartu du. Orain arteko zehapen-araubidea sakabanatuta zegoen legezko hainbat testutan, eta onartutako Foru Lege Dekretuaren bidez osasun publikoaren arloko arau-hausteak argitu eta zehaztuko dira, herritarrei segurtasun juridiko handiagoa eta administratiboki zigorra jartzeko modukoak diren jokabideak ezagutzeko aukera emateaz gain.

Zehazki, COVID-19ari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien inguruko 21/2020 Errege Lege Dekretuan, ekainaren 9koan, prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko zenbait neurri espezifiko ezarri ziren estatuko lurralderako. Foru Komunitatea normaltasun berriaren fasean sartzean, Nafarroako Gobernuak osasun-krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurri gehigarriak eman zituen. Era berean, badira arau-hauste bezala tipifikatutako jokabideak Estatuko Osasunaren Lege Orokorrean eta Estatuko Osasun Publikoaren Lege Orokorrean.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria den Javier Remirezek ondorengoa azpimarratu du: “Nafarroako gizarte gehienak bere betebeharrak betetzen ditu eta modu solidarioan eta arduratsuan jokatzen du, baina araudia betetzen ez duen gutxiengoaren jarrerak bukarazi behar dira. Nafarroako Gobernuak ez ditu onartuko osasun publikoa arriskuan jartzen duten jarrerak edo jokabideak, eta poliziaren eta segurtasun-indar eta -kidegoen bitartez eragotziko ditu”. Uztailaren erdialdeaz geroztik, Foruzaingoak guztira 1.120 salaketa ezarri ditu, horietako gehienak, 910 salaketa, maskaren erabileraren gaineko ez betetzearenak, eta 145 botiloi izenekoetan parte hartzeagatik.

Ildo horretan, nabarmendu du onartutako Foru Lege Dekretuak “ez duela dirua biltzeko asmorik; alegia, helburua ez da zigorrak edo isunak ezartzea, baizik eta era horretako portaera eta jokabideei pizgarria kentzea eta osasun-neurriak eta -gomendioak betetzea bermatzea, herritar guztien osasun publikoa eta, bereziki, talde zaurgarriena zaintze aldera”.

Hiru arau-hauste mota

Foru Lege Dekretuan hiru arau-hauste mota jasotzen dira: arinak, 100 eta 3.000 euro arteko isunaren zigorra izango dutenak; larriak, 3.001 eta 60.000 euro arteko zehapenak dituztenak; eta oso larriak, 60.001 eta 600.000 euro arteko isunarekin zigortuko direnak.

Arau-hauste arinen barnean, besteak beste, honako hauek sartzen dira:

  • Maskararen derrigorrezko erabilera ez betetzea edo maskara behar bezala ez erabiltzea; gutxienez 300 euroko isuna ezarriko da araua hausten duen pertsonak 1,5 metroko segurtasun-tarte fisikoa errespetatzen ez badu.
  • Bide publikoan ‘botiloi’ izenekoetan parte hartzeak gutxienez 600 euroko isuna izango du.
  • Herritarrentzat irekita dauden establezimenduek barnean zein kanpoan banandutako mahaietako aulkien artean segurtasun-tartea ez izatea.
  • Bide publikoan eta leku publiko ireki edo itxietan segurtasun-distantzia fisikoa ez betetzea edota espazio publikoetan taldeentzat ezarritako pertsona-kopurua gainditzea.
  • Espazio publikoetan erretzea bi metroko tartea errespetatu ezin denean.
  • Berrogeialdia ez betetzea kontaktu estua denean eta negatibo eman duenean.
  • Konfinamenduaren agindu orokorra ez betetzea.

Arau-hauste larrien artean, besteak beste, honako hauek aurkitzen dira:

  • Edukiera-mugak edo gehienez baimendutako pertsona-kopurua ez betetzea.
  • Ekitaldiak edo bilerak deitzea, sare sozialen bidez deiturikoak barne, baldin eta deialdian osasun-arauak urratzeko asmoa ikusten bada.
  • Espresuki galarazitako edo etendako lokalak irekitzea eta ekitaldiak eta jarduerak egitea.
  • COVID-19a berretsitako kasu positiboak izatean, etxean isolatzeko betebeharra ez betetzea.
  • Establezimenduen eta jardueren irekitzeko eta ixteko ordutegi berezia ez betetzea.
  • Datuak eman nahi ez izatea edo informazio zehatza ez ematea, COVID-19arekin loturiko egiaztapen eta ikuskapenetan.
  • “Botiloietan” edo antzekoetan parte hartzea, herritarren osasunerako arrisku larria dakartenean.

Arau-hauste oso larriak:

Aurrez deskribaturikoak, baldin eta herritarren osasunerako kalte edo arrisku oso larria sor badezakete.

Pertsona edo erakunde arduradunak

Foru Lege Dekretuak, halaber, arau-hausteen pertsona edo erakunde arduradunak zehazten ditu. “Aisialdiko etxabe”, “pipote” izenekoen edo antzekoen kasuan, legez kanpoko jarduera egiten ari diren pertsona fisikoak izango dira erantzuleak.

Elkarte gastronomiko eta “lagunarteei” dagokienean, ardura legez kanpoko jarduera egiten ari diren pertsona fisikoek izango dute. Osasun-arloko prebentzio-neurriak hartzea galarazten edo zailtzen duten jende-pilaketako ekitaldien edo bileren deialdiaren kasuan, biztanleriaren osasunerako arrisku edo kalte larria dakartelako edo ekar dezaketelako, erantzukizuna horiek egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoena nahiz horiek hedatzen modu eraginkorrean laguntzen dutenena izango da.

Foru Lege Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako zehapen-prozedurak izapidetzen jarraituko da, eta ekintza edo jarduera hori egiten unean indarrean zen araudiaren arabera ebatziko dira.

COVID-19aren polizia-koordinaziorako batzordearen bilera

Zehapen-araubidea biltzen duen FLD hau onartu eta gero, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remirez, eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, José Luis Arasti, COVID-19 poliziaren koordinazio-taldearekin bildu dira asteazken honetan. Bileran izan dira Foru Komunitatean diharduten polizien eta segurtasun-indarren eta -kidegoen ordezkariak.

Bileran, osasun-araudia betetzeaz aritu dira, eta COVID-19aren aurreko prebentzio-neurriak ez betetzearen gaineko zehapen-araubidea aztertu dute.