2020ko maiatzaren 28a

Dronen erabilera obra publikoen eraikuntza proiektuetara eraman du Nafarroak

Lehen hegaldiei esker, material kartografikoa egin ahal izan da Cárcarren eta San Adrianen bi biribilgune egiteko proiektuetarako, bai eta Elizondoko Foruzaingoaren polizia-etxera sartzeko bide berri bat egiteko ere
Obra publikoak eraikitzeko proiektuetarako erabiltzen diren dronen irudia
camera_alt Obra publikoak eraikitzeko proiektuetarako erabiltzen diren dronen irudia  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Lurralde Kohesiorako Departamentua, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, dronak erabiltzen hasi da obra publikoko prozesuetan. Teknologia horri esker, eraikuntza-faseen kontrola eta jarraipena egin ahal izango da, eta, horrez gain, eraikuntza-proiektuak errazago prestatu eta errepide-mapak egunera daitezke, lanak amaitu ondoren.

Obra publikoan dronak erabiltzearen funtzionalitateak testatzeko, proba teknikoa egin zuten Eunateko ermitaren inguruetan, eta, ondoren, hegaldiak programatu dituzte Carcarren eta San Adrianen, irudiak hartu eta herri horietan biribilgune bana egokitzeko proiektuetarako beharrezko material kartografikoa prestatzeko. Beste hegaldi bat N-121-B errepidean burutu da, Elizondoko udal-mugartean, Foruzaingoaren polizia-etxera sartzeko bide berria eraikin nahi baita.

Kartografia Ataleko buruak, Jorge Iribasek, positibotzat jotzen ditu azken asteetan egindako lehen probak: “Maiatzean, lehen hegaldiak Nafarroan burutu ditugu, eta emaitzak onak izan dira. Dronei esker, lurraren eta obren irudiak har daitezke, orain arte lortutako zehaztasun berarekin edo handiagoarekin baina kostu eta denbora gutxiagorekin”.

“Teknologia honen bitartez, lursailaren gaineko hegaldiak ordezka daitezke; hau da, aireontziak eta fotogrametriako enpresak kontratatu beharra zegoen orain arte, eta, aldi berean, hiru dimentsioko eredu batzuk ordezka daitezke, zutikako altxamenduekin egiten zirenak, inguruko irudirik gabe”, nabarmendu du Iribasek.

Zehaztapena eta kostuen eta denboraren murrizketa

Dronak erabilita obrak egiten diren edo lan berriak hastea aurreikusita dagoen lursailen gainean hegan egin daiteke eta, denbora laburrean, lursailaren eredu digital bat egin (MDT) 3 dimentsiotan, akatsik eta deformaziorik gabeko ortoargazki batez gain. Gainera, altxatutako zonaren bideo-sekuentziak egin daitezke.

Material horietan oinarrituta, berriz, telemetriako teknikak eta bolumenak kalkulatzekoak aplika daitezke hainbat funtzionalitaterekin: “Abian jarri dugun lehen fasean, obra egitea aurreikusita dagoen lursailen gaineko irudia burutzen dugu, teknikariek eraikuntza-proiektua egin dezaten”. Ondoren, lanak gauzatzerakoan, dronei esker eraikuntzaren aurrerapenen segimendua egin ahal izango dugu. Proiektua amaitu eta gero, berriz, amaitutako proiektuaren aireko argazkiak lortu ahal izango ditugu eta Nafarroako Mapa Topografikoa eta errepideen mapak eguneratzeko beharrezko kartografia egin.

Obra publikorako aplikatzeaz gain, dronak erabilita Nafarroako Gobernuko Departamentuek era kartografikoko bestelako premiak artatu ahal izango dituzte.

Foru Exekutiboan, Dronen Lantalde Teknikoa sortuko da, SITNAk (Nafarroako Lurralde Informazioaren Sistema) koordinatuta, eta bertan egongo dira, besteak beste, Foruzaingoa, Babes Zibila, Kartografiako Atala eta teknologia hori erabiltzen duten gainerako erakunde publikoak.

100 metroko altuerako hegaldiak

Herri Lanen eta Azpiegituren Kartografia Atalak 2019an erosi zituen bi dron multirotore eta prozesu ondoko software bat. Bi teknikarik pilotaje-ikastaroa egin eta dronen operadore bezala egiaztatu ondoren, hegaldiak egiteko eta obra publikoko proiektuen kartografiak burutzeko beharrezko dokumentazio osoa du Atalak.

Lan horretarako, teknikariek zenbait euskarri-puntu aurrez seinaleztatzen dituzte; hots, dronak hartzen dituen argazkietan kabinetean ondoren lursailean identifika daitezkeen puntuak, eta Nafarroako Geodesia Aktiboko Sarera (RGAN) konektaturiko GNSS gailuarekin koordenatu zehatzak ematen zaizkie, bulegoko ondorengo lanean hegaldiari zehaztapen handiagoa eman ahal izateko.

Drona 100 metroko altueran ibiltzen da, kabinetean aurrez definitutako hegaldi-diseinuari jarraituz; puntu bakoitzaren koordenatuak lortzen ditu, eta horietan lursailaren nadir erako irudia hartzen du.

Irudiak beranduago tratatzen dira, hiru zentimetroko pixel ortoargazkia eta lurraren eredu digitala egin arte. Horiek obra baten fase ezberdinetan aplika daitezke, proiektua egiten denetik hasi eta azpiegitura hori mapa kartografikoetan sartu arte.