2020ko apirilaren 19a

COVID-19aren ondoriozko eskariei erantzuten ari zaizkie 1.300 boluntario baino gehiago, Nafarroa, Orotan Lagun plataformaren bidez

Nerabeek zein 80 urtez goitikoek, zaintza sozio-sanitarioan, ikasleentzako laguntzan, mantenuan edo 3D teknologian dihardute

Egunotan, Foru Erkidegoko 1.314 herritar boluntarioki ari dira COVID-19ak eragindako premiei erantzuteko laguntza ematen, Nafarroa, Orotan Lagun plataformak kudeatzen dituen boluntario-poltsetan. Adin orotako pertsona horiek esparru anitzetan egiten dute lan: zaintza sozio-sanitarioa eta gizarte-barneratzea; ikasleentzako laguntza; mantenua, logistika eta banaketa; 3D joskintza eta inprimaketa; eta teknologia berrien erabilera.        

Nafarroako Gobernuak martxoaren erdian abiarazi zuen, Nafarroa, Orotan Lagun plataformaren bitartez, osasun-krisiaren karietara sortzen ari ziren boluntariotza-ekintzen koordinazioa, ekintza horiek erabateko segurtasunez egin ahal izateko eta erakunde eta gizarte-zerbitzuak boluntarioekin harremanetan jartzeko. Ordutik hona bertze 1.000 lagun inguru gehitu zaizkie aurrez zeudenei, eta hala iritsi da laguntzeko gertu dauden 1.314 pertsonako kopurura.     

Osasun-alarman zehar suertatu diren premien arabera, plataformak hainbat lan-poltsa eratu ditu zerbitzu horiek emateko. Gaur egun sei ari dira lanean: ikasleentzako laguntza, zaintza komunitarioa eta sozio-sanitarioa, informatika-zerbitzuak eta 3D inprimaketa, garraiobideak eta makineria erabiltzea, eta ehungintza industriala edo joskintza. Talde horiek hainbat eratako lanak egiten dituzte, hala nola babes-mozorroak inprimatzea, maskarak jostea, premiazko produktuak banatzea, azpiegituren mantenu- eta egokitzapen-lanak (iturginek eta elektrikariek eginikoak), eta hezkuntzarako laguntza.   

Adin orotakoak

Laguntzeko prest daudenen artean 15 urteko gazteak eta 80 urtez goitikoak daude (parte-hartzaileen kopurua antzekoa da adin-tarte orotan), eta emakumezkoak gehiago dira. 

Boluntarioen artean jarduera-eremu ugaritako pertsonak daude: ikasleak, irakasleak, eremu sozio-sanitarioko profesionalak, familian zein lan-arloan zaintzaile aritzen direnak, informatikaren, diseinu grafikoaren eta komunikazioaren sektoreko profesionalak, gizarteratzearen alorreko espezialistak, banaketan eta logistikan lan egiten dutenak eta, oro har, eremu anitzei buruzko ezaupideak dituztenak. “Bere burua hainbat zerbitzutarako eskaintzen duen jendea dugu eta eskertzekoa da guztien laguntza, duten denbora libre urria ere eskaintzen baitute”, adierazi du Nafarroa, Orotan Lagun plataformak.  

Herrietako boluntarioak

Nafarroa, Orotan Lagun plataformak Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinaturik lan egiten du (bertzeak bertze Tuteran, Tafallan, Zizur Nagusian, Arangurenen eta Peraltako eskualdean), baita Pamplona / Iruñako adinekoen zenbait egoitzarekin eta Elikagai Bankuarekin ere. Hala, plataformak gertuko eremuetan jarduteko aukera eskaintzen die boluntarioei, hiriburuko auzoetan nahiz Foru Erkidegoko hainbat udalerritan sorturiko laguntza-taldeekin bat eginik. Horrez gain, Nafarroa, Orotan Lagunek enpresek eta kolektiboek eginiko boluntariotza-proposamenak helarazi dizkie Nafarroako Gobernuko departamentuei, lankidetzarako balizko bideak sortze aldera.    

Nabarmendu beharra dago talde anitz eratu direla auzoetan eta auzokide-komunitateetan, laguntza emateko osasun-krisi honetan etxetik irten ezin diren eta erosketak eta bestelako mandatuak egiteko, maskotak ateratzeko eta abarretarako hala behar dutenei. Nafarroako Gobernuak gida-lerro batzuk argitaratu ditu boluntario horientzat guztientzat, jarduera horiek segurtasun osoz eta kutsatzeko arriskurik gabe egin ditzaten.

Nola eman izena

Boluntario izan nahi dutenek www.navarramasvoluntaria.es webgunean eman dezakete izena, harremanetarako datuak eta beren soslaiaren deskribapen laburra adieraziz, eta posta-kodea erantsiz, gertuko tokiren batean zereginen bat eman ahal izateko. Datu horiei esker egunero zerrendak osatu eta, behar bezalako akreditazioa baldin badute, eskatzen dituzten erakundeei igortzen zaizkie, boluntarioen kudeaketa errazteko.   

Informazio gehiago nahi dutenek navarramasvoluntaria.es webgunean bila dezakete, edo info@navarramasvoluntaria.es posta elektronikoko helbidera mezua idatziz eskatu.