2020ko urtarrilaren 14a

Gobernuaren, Parlamentuaren eta Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza instituzionalari esker, Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa eguneratu ahal izan da Nafarroan

Foru Exekutiboak 2017az geroztik urteko lankidetza-hitzarmena sinatzen du Funtsarekin, eta dagoeneko 22.000 erregistrotik gora ditu Datu Basean
Ezkerretik eskuinera: Nerea Pérez Ibarrola, Unai Hualde, Ana Ollo 
eta Fernando Mendiola. 
camera_alt Ezkerretik eskuinera: Nerea Pérez Ibarrola, Unai Hualde, Ana Ollo eta Fernando Mendiola.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza instituzionalari esker, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko errepresaliatuen datu-basea eguneratu ahal izan da. Baseak 1936ko kolpe militarraren ondoren errepresioa jasandako 22.555 pertsonaren inguruko informazioa du egun, eta https://memoria-oroimena.unavarra.es/ helbidean kontsulta daiteke.

Datu-base berria gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan, Nafarroako Parlamentuan, honako hauek parte hartu duten ekitaldian: Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo; Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde; Dokumentu Funtseko zuzendaria, Fernando Mendiola; eta bertako koordinatzailea, Nerea Pérez Ibarrola.

Bertan, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok honako hau bezalako lankidetzen alde hitz egin du; izan ere, “politikoki aztoratuak diren unetan, inoiz baino beharrezkoagoa izaten da bakearen, bizikidetza demokratikoaren eta memoriaren alde apustu egitea”.

Ildo horretan, Gobernuak “NUPeko ikerlariekiko harreman estua bultzatu izana azpimarratu du, Emilio Majuelo irakasleak zuzenduta, profesionaltasun eta zorroztasun osoz egin baitute 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan gertatu zena dokumentatzeko lan zaila, memoriaren garrari bizirik eutsiaz”. Horretarako, Nafarroako Gobernuak lankidetzako hitzarmen egonkorra du 2017az geroztik NUPeko Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsarekin, eta laster 80.000 euroko hitzarmena sinatzea aurreikusten da.

Testuinguru horretan, 2016. urtean, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak hiru txosten enkargatu zituen. Lehen txostenean, Espainiako Estatuan Memoria Historikoa kudeatzeko zeuden esperientzia eta arautzeko esparru ezberdinak jaso zituzten, Nafarroako Memoriaren Institutua izan zitekeenaren programazioaren orientazioak eta edukiak ezartzearekin batera.

Bigarren txostenaren helburua Nafarroako geografiaren luze eta zabaleran frankismoaren inguruan egon zitezkeen ikur, legenda, aipamen eta pertsonaia guztiak biltzea izan zen, 33/2013 FLko 11. artikulua betetze aldera. Bilketa lan hori analisi historiografikoaren eta interpretazioaren lanak bermatu zuen.

Hirugarren txostenean, berriz, Nafarroan zeuden Memoria Lekuen inbentarioa egin nahi zen, zegokien analisi historiografikoarekin eta esanahiaren interpretazioarekin, ondorengo lege-erregulazio baterako abiapuntutzat izatearren, eta hori Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuei buruzko 29/2018 FLrekin iritsi da.

Txosten horiek Nafarroako Memoriaren Institutuaren dokumentazio-zentroa osatzen dute, eta erakunde horrek foru exekutiboaren memoria-arloko politika publikoak kudeatzen ditu. Erakundearen helburu nagusiak dira Nafarroan Memoria kontserbatzea eta hedatzea, ondare memorialistarako sarbidea erraztuaz.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek nabarmendu du Funtsa “aitzindaria dela, eta ez dela ikerketara bakarrik mugatzen, baizik eta hedatzeko ere balio duela, hori bereziki garrantzitsua izanik, are eta gehiago orain ikusirik frankista garaian eraildako milaka pertsonaren hilketa ezerezten ari dela. Era horretako diskurtsoei aurre egin beharra daukagu, dagoeneko ganbera autonomikoetan entzun daitezke, eta badirudi laster Kongresura iritsiko direla. Frankismoaren edozein apologia zentsuragarria da”. Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak “egiaren, justiziaren eta biktima guztiekiko erreparazioaren” alde lanean jarraitzeko ideiari eutsi dio.

Fernando Mendiolak, Memoria Historikoaren Nafarroako Dokumentu Funtsaren zuzendariak, bestalde, Dokumentu Funtsaren azpian dagoen prozesu soziala, zientifikoa eta historiografikoa aipatu ditu, eta haren iritziz, “ezagutza solidoaren gainean eraikitako Memoriaren politika publikoak finkatzera bideratutako lankidetzaren adibide dira. Erakundeen inplikazioa eskuzabala eta sendoa izan da, eta elkarteen eta partikularren lankidetza bultzatzeaz gain, horren parean egon da”.

Azkenik, Nerea Perezek, Funtsaren koordinatzaileak, zehaztapen batzuk egin ditu datu-basea aurkitzen den web orrialdean “eguneratzeko egindako lan teknikoaren eta metodologikoaren” inguruan. Horren helburu nagusia “erabilera publikoa bultzatzea” besterik ez da. Era berean, guztiek Emilio Majueloren zuzendaritza azpimarratu dute.