2019ko maiatzaren 22a

2019-2023ko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren koberturaren hedapen unibertsalaren alde apustu egin du

Helburua pertsona guztiei beharrrezko zaintzak eta laguntzak eskaintzea da, horien autonomia osatu eta hobetzeko, eguneroko jardueretan erabakiak har ditzaten

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran akordio bat onetsi du zeinaren bidez, 2019-2023ko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu den eta koberturaren hedapen unibertsalaren alde apustu egiten du. Helburua pertsona guztiei beharrrezko zaintzak eta laguntzak eskaintzea da, horien autonomia osatu eta hobetzeko, eguneroko jardueretan erabakiak har ditzaten.

Planak Nafarroako gizarte-zerbitzuen egoeraren diagnosia hartzen du abiapuntutzat. Horretarako, ulertu behar da gizarte-zerbitzuak aldaketa-prozesu batean daudela murgilduta, gizarte-laguntza moduan konfiguratzen direnetik gizarte zerbitzu unibertsal gisa eraikitzeraino, ongizate-sistemako beste euskarri bat izateko. Planak plangintza-prozesu bati ematen dio amaiera, eta gainontzeko lanak ildo berdinetik doaz edo plan honek dituen sinergia edo joera berdinak dituzte.

Funtsezko alderdiak

Planak funtsezko bost alderdi jasotzen ditu Nafarroako gizarte-zerbitzuen etorkizunerako oinarrizko elementu eta lehentasun estrategikoekin lotuta, alegia, gizarte-zerbitzuen eskaintza orokortzea eta erabiltzaileen koordainketa birbanatzen eta murrizten joatea pixkanaka; gizarte-zerbitzuetako lehen mailako arreta berrantolatzea eta gertuko gizarte-zerbitzuak irmotzea; gobernantza eta babes sozialeko sistema-multzoaren sektore arteko integrazioa; botere publikoen lidergoa eta hirugarren sektorearekin itun estrategikoa; eta Errealitate Sozialaren Behatokia, ezagutzaren eta berrikuntzaren eragile-multzoa dinamizatzeko funtsezko agentea den aldetik.

Jarduera-ildoak

Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak onartzen du gizarte-zerbitzuen helburua, jarduera-sektoretzat hartuta, pertsona guztiei beharrezko zainketak eta laguntzak ematea dela, egunerokoan hartu beharreko erabaki eta burutu beharreko jardueretarako autonomia eta familiarekin eta erkidegoarekin harremanak osatu edo hobetzeko.

Epe luzera, aurreikusten da Nafarroako gizarte-zerbitzuak unibertsalak izango direla, balio erantsi handikoak eta ezagutzan oinarrituak, sektore publikoak bermatu eta zuzendutakoak eta hirugarren sektorearekin eta erkidegoaren beste agente batzuekin batera ekoiztutakoak.

Eraikitze-prozesuan dagoen gizarte-zerbitzuen eredu berriak lau balio erantsi ditu: kalitatezko esku-hartze soziala, pertsonengan oinarritua eta erkidegoaren ikuspegia duena, unibertsal bihurtzea; gizarte-zerbitzuen sistema publikoko integrazio bertikala gauzatzea lehen mailako arreta sendotuz, gero eta hurbilagoa, prebentiboa, genero-aniztasunari erantzuteko gai, belaunaldi-artekoa, funtzionala eta kulturala izan dadin; gizarte-zerbitzuen sektore arteko integrazioa beste politika publiko, sozial eta ekonomikoekin; eta sinergia berrien bilaketa lidergo publikoa duten agenteekin, berrikuntza teknologiko eta soziala sustatzea lortzeko, hirugarren sektorearekin kolaborazioa barne.

Gizarte-zerbitzuetako eredu berri honen lau balio erantsiek sistemaren eraldaketarako beharrezkoak diren bost ildo estrategikoekin gurutzatzen dira. Elkartasun horretatik 36 jarduera estrategiko sortzen dira, jarduera hauetan oinarrituta: baliozko prestazioak garatzea (8 jarduera estrategiko); eraginkorragoak izateko berrantolatzea (6 jarduera estrategiko); sistemaren gobernantza artikulatzea (10 jarduera estrategiko); arautegia aldatzea eta garatzea (4 jarduera estrategiko); eta adimen digitalizatua sortzea (8 jarduera estrategiko).