2019ko apirilaren 23a

NL-NEZek gutxienez 13,3 milioi euro bideratuko ditu aurten Enplegu Zentro Berezietako nahiz Laneratze eta Gizarteratze Enpresetako 2.000 lanpostu ingururako

Inbertsioetarako laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 23ra arte egonen da irekita, 275.000 euroko aurrekontuarekin

Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpeko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gutxienez 13,3 milioi euro bideratuko dizkie aurten Foru Komunitatean dauden 16 Enplegu Zentro Bereziei (EZB) eta 10 Laneratze eta Gizarteratze Enpresei (LGE), 2.000 langile ingururen soldatak partzialki diruz laguntzea xede duten laguntzen bitartez, desgaitasuna nahiz bazterkeria sozialeko arriskua duten langileak eta pertsonal tekniko laguntzailea barne hartuta.

Zehazkiago esanda, aurten, NL-NEZek 10.300.000 euro bideratuko dizkie EZBei, Europako Gizarte Funtsaren kargura, eta beste 3.075.000 euro LGEei. Aurreko urtearekin alderatuta, aurrekontuaren hasierako igoera % 9,6koa izan da, baina dexente handiagoa izan daiteke, berrikitan SMIari aplikaturiko igoeren eraginez.

EZB nahiz LGEei zuzenduriko laguntza horiei atxikita, Nafarroako Aldizkari Ofizialak inbertsiorako dirulaguntzen deialdia argitaratu du astearte honetan. Aurrekontu erabilgarria 200.000 eurokoa da EZBen kasuan eta 75.000 eurokoa LGEendako. Eskaerak aurkezteko epea ostegunean hasi, apirilak 24, eta maiatzaren 23ra arte luzatuko da.

Inbertsiorako laguntza hauen helburua da enpresa horiei lanpostuak sortzen eta merkatuan duten lehiakortasuna hobetzen laguntzea, instalazioetan, makinetan, ekipamendu eta aplikazio informatikoetan nahiz ibilgailuetan egindako hobekuntzen bitartez. Kalkuluen arabera, laguntza horiekin 28 lanpostu berri sortzen ahalko dira.

EZBetan, gutxienez langileen % 70ek % 33 edo gehiagoko desgasitasun izan behar dute. Eta LGEen kasuan, langileen % 30 eta % 50 bitartek bazterkeria sozialeko arriskuan edo egoeran egon behar dute. NL-NEZek laneratzeko zailtasunak dituzten bi kolektibo horietako pertsonen SMIaren % 50 eta % 75 bitarte diruz lagunduko du, pertsonal laguntzailearen lansariekin eta soldata-kostuekin batera.