Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa (aurrerantzean, NFAEA), auzialdi bakarrean, honako hauek berrikusten ditu: Nafarroako Foru Ogasunak zergak aplikatzeko eta zerga-zehapenak ezartzeko emandako egintzak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko gainerako jarduketak, horien gaineko ebazpenek administrazio-bidea agortzen badute eta administrazioarekiko auzibidean errekurritu badaitezke jurisdikzio horren arauekin bat.

Zerga Arloko Txosten eta Ebazpen Organoan du jatorria, zeina Foru Diputazioaren 1981eko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez sortu baitzen, garai hartako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Teknikoko atal gisa. Ogasuneko zuzendari nagusia zen buru, eta idazkaria, lau kide eta atxikitako administrazio-langileak aritzen ziren hartan. Ebazpenak gehiengoz hartzen ziren, eta lehendakariak kalitateko botoa zuen berdinketa gertatuz gero. Foru Diputazioak berretsi behar zituen ebazpenak, baina ezetsi ere egin zitzakeen. Halakoetan, espedientea organoari itzultzen zitzaion, ebazteko moduari buruzko jarraibideekin batera.

Gaur egun, sistema nabarmen aldatu da, eta auzitegiak autonomia funtzionala du bere eskumenak baliatzeko, ondoren berresteko beharrik egon gabe. Organikoki, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren mende dago, eta zerbitzuko zuzendaritza baten parekoa da.

NFAEAk modu autonomoan antolatzen du bere jarduera, eta zergen eta zuzenbide publikoko gainerako sarreren kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta bilketa egiten dituzten organoen eginkizunetatik bereizita betetzen du berrikusteko eginkizuna. Auzitegia osatzen duten kideek modu pertsonal eta indibidualean betetzen dituzte beren eginkizunak, kanpoko jarraibideak bete beharrik gabe, baina auzitegiko kide guztiek batera hartzen dituzte erabakiak, gehiengoz. Norbait ez badago gehiengoarekin ados, boto partikularra ematen ahal du idatziz, eta hura aipatu beharko da erreklamazioaren ebazpenean.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak arautzen ditu, 153.etik 159.era bitarteko artikuluetan, haren osaera eta eginkizunak (lege hori urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuak garatu zuen, haren bidez onetsi baitzen egintzak administrazio-bidean berrikusteari buruzko Erregelamendua), eta batez ere erreklamazio ekonomiko-administratiboak aztertu eta ebaztea dagokio, baita aparteko berrikuspen-errekurtsoak ebaztea ere, norbaitek erreklamazioa jartzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak emandako administrazio-egintzen aurka.