(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 2003ko ekainaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, laguntzak ezartzen dituena laborantza hainbaten artean egiteko atalak sor daitezen Nafarroako lehen mailako kooperatiben barnean, nekazaritzako ...

FORU AGINDUA, 2003ko ekainaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, laguntzak ezartzen dituena laborantza hainbaten artean egiteko atalak sor daitezen Nafarroako lehen mailako kooperatiben barnean, nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuetan

(2003ko 93. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 21ean)

Atarikoa

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2003ko maiatzaren 28ko Foru Aginduak laguntzak ezarri ditu nekazaritzako ustiapenen elkarte bideragarriak sor daitezen nekazaritza azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuetan. Elkarte horiek kooperatibak, eraldaketarako nekazari elkarteak nahiz bestelakoak izan daitezke, baina guztiek helburu nagusitzat izan behar dute lurrak batera ustiatzea.

Nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremu askotan lehendik ere badira nekazaritzako lehen mailako kooperatibak. Bidezkoa da, goian aipatutako elkarteekin egiten den moduan, laguntzak ezartzea kooperatiba horientzat ere, baldin eta hainbat kideren artean laborantza egiteko atalak sortzen badituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoaren itzalpean, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da dirulaguntza publikoak ezartzea, Nafarroako lehen mailako nekazari kooperatiben barnean laborantza hainbaten artean egiteko atalak sor daitezen, nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuetan.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunak Nafarroako lehen mailako kooperatibak izan daitezke, Nafarroako kooperatibak arautzen dituen uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta gainera, beren helburuen artean, estatutuetan hala jasorik, laborantza hainbaten artean egiteko atal bakarra aurreikusten badute, beren bazkideen zerbitzurako soil-soilik.

3. artikulua. Baldintzak.

Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, Nafarroako lehen mailako kooperatibek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuan, atalerako jarritako lurrak hainbaten artean ustiatzea izan behar dute helburu nagusia.

b) Gutxienez kooperatibako hiru kidek osatu behar dute laborantza hainbaten artean egiteko atala, nekazaritzako ustiategien titularrak diren aldetik. Pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke, eta Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako mugak izanen dituzte.

c) Estatutuetan honako betebeharrak jaso behar dituzte:

-Lurrak erabili eta aprobetxatzeko eskubidea jarri duten kideen partaidetza-moduluen banaketa eta beren lana ere jarriko dutenei egokituko zaizkienak.

-Kideak kooperatibarekin Derrigorrezko Erreserba Funtserako egiten dituen eragiketei aplikatuko zaien gutxieneko portzentajea, ezertan galarazi gabe Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoa.

-Laborantza hainbaten artean egiteko ataleko kideren batek atala utziko balu kooperatibaren ekonomia babesteko hartuko liratekeen neurriak agerrarazi behar dira, eta atalaren jatorrizko helburuak betearazteko neurriak ere bai. Bereziki, jatorrizko laborantza lurren azalerari eutsi beharko zaio, eta kideren batek atala utziz gero, sei hilabeteko epean berrosatu beharko da jatorrizko azalera.

-Kooperatibak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi behar dizkio laborantza hainbaten artean egiteko ataleko kideen mugimenduak.

-Kooperatibaren itzulketak kideei kreditatzeko irizpideak, betiere kooperatiban egiten den jarduera edo zerbitzuaren arabera, eta kontuan izanik, horri dagokionez, litekeena dela bi bazkide mota izatea.

d) Laborantza hainbaten artean egiteko ataleko kideek jartzen dituzten lurren azalerak, guztira, ustiapenaren oinarrizko azaleraren gutxieneko balioa jo behar du, esku-hartzeetarako eremuko nekazaritza azpiegiturei buruzko foru dekretuan ezarritako gutxieneko balioa hain zuzen ere, eta ez du gainditu behar ustiapenaren oinarrizko azaleraren gehieneko balioa elkartutako kideen kopuruaz biderkatuta ateratzen den zenbatekoa, kontuan izanik, lehorreko lurrak eta ureztatzekoak batera diren eremuetan, foru dekretu horretan aurreikusten den bihurketa faktorea.

e) Kideren batek zuzenean eta pertsonalki lan egiten badu emaitzako ustiapenean, edo langileren bat kontratatzen bada, kide edo langile horrek behar adinako gaitasuna izan behar du nekazaritzan aritzeko, nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzei buruzko apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuaren 1 eta 10 bitarteko artikuluetan adierazitako moduan, edo bestela, frogatu egin behar dute nekazaritzan aritu direla bost urtean, gutxienez, edo nekazaritzarako prestakuntza ikastaro edo mintegiak egin dituztela, urtean 25 ikastordu eginez, arestian aipatu bost urteak osatu arte.

f) Laborantza hainbaten artean egiteko ataleko kideek esku-hartzeetarako eremuan dituzten laborantza lur guztiak jarri behar dituzte atalerako, hala beren jabetzako lurrak nola errentan edo beste modu batera hartuak dituztenak. Beretzat gordetzen ahal dute, finka bakarrean, salmentarik gabeko nekazaritzako jarduera bat egiteko adinako azalera, gehienez ere bederatziehun metro karratu.

g) Laborantza hainbaten artean egiteko atalak hamabost urte iraun beharko du gutxienez.

h) Laborantza hainbaten artean egiteko atala bere eremuko nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko foru dekretua onetsi ondotik eratu behar da, eta lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onetsi baino lehen.

i) Laborantza hainbaten artean egiteko atala sortzean eratzen den ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatu behar da.

j) Helbide sozialak Nafarroan egon behar du.

4. artikulua. Laguntzak.

Nafarroako lehen mailako kooperatibek, laborantza hainbaten artean egiteko atala sortuz gero, eta foru agindu honetan ezarritako baldintza eta konpromisoak betetzen badituzte, laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte:

a) Laborantza hainbaten artean egiteko atala eratzeko gastuen eta lehenbiziko urteko funtzionamendu eta kudeaketa gastuen %100eraino, gehienez 15.000 euro. Zehazki honakoak dira dirulaguntza jaso dezaketen gastuak: aholkularitza gastuak, notarioarenak, estatutuak egin eta argitaratzekoak, administrazio eta kontabilitateko kudeaketarenak, eta funtzionamendu gastuak.

b) Kontabilitate gastuen, urteko kontuak ikuskatzeko gastuen eta kooperatibako gastu orokorretatik atalari dagokion zatiaren %50eraino, laborantzari dagozkion gastuak alde batera utzita, atala abian jartzen denetik bost urte iragan arte; gehienez ere, 24.000 euro guztira, bost urte horietan.

5. artikulua. Eskabideak.

a) Laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio, edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkeztu ahalko dira.

b) Eskabideak aurkezteko epea nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeko foru dekretua onesten den egunean hasiko da eta lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onesten diren egunean amaituko da.

c) Laguntza eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio, gutxienez:

-Kooperatibaren IFZren fotokopia.

-Laborantza hainbaten artean egiteko atalaren estatutuak eta eraketa agiria.

-Laborantza hainbaten artean egiteko ataleko kideen zerrenda, eta kapital sozialaren banaketa.

-Ataleko kide bakoitzak jarritako lurzati eta azaleren zerrenda eta bakoitzak beretzat gordetzen dituen lurzati eta azaleren zerrenda.

-Kideek jarritako laborantza lurren azalerari bost urtez eusteko konpromisoa.

6. artikulua. Eskabideen tramitazioa.

1. Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, eskaerak ebatziko ditu. Betiere, aurrekontuan nahiko diru egotea izanen da laguntza emateko baldintza.

2. Laguntzari buruzko administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan sartzen den egunetik hasita. Epe hori eskatzaileari ebazpenik eman gabe bukatzen bada, hark ulertzen ahalko du bere eskaerari ezetza eman zaiola.

7. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena eman dezan, aurretik frogagiriak aurkeztu beharko dira, foru agindu honetan dirulaguntzaren xedetzat aipatu diren gastuak egin direla egiaztatzeko.

2. Frogagiriak aurkezten direnetik hasita hiru hilabeteko epean ordainduko da dirulaguntza.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusita dagoen dirulaguntza hartzen duten kooperatibek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten duen edozein egiaztapen onartzea, eman edo hartutako dirulaguntzekin zerikusia dutenak.

b) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

c) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza kobratu izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

d) Laguntza jasotzeko ezarri diren baldintza guztiak betetzea hamabost urtean gutxienez.

9. artikulua. Laguntza itzultzea.

Dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuenak, xedatzen du arau-hauste eta zehapenen araubidea.

2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, hots, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duenari.

11. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Onuradunen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari idatziz, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu hau aplikatzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 70001-72120-7700-531202 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Ustiategien oinarrizko azalerak eratzeko laguntzak").

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa