Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 45. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 11n)
Atarikoa
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak barne merkataritzaren arloko eskumen osoa du.
Nafarroako Parlamentuak Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea onetsi zuen. Foru lege hartan ezartzen da legeak indarra izanen zuela salerosketaren arloan eta lurraldearen antolamenduaren arloan behin betiko ebazpena eman ez zaien saltoki handiei buruzko baimen espedienteetan.
Foru lege hark lurralde ereduaren figura jasotzen du, bere printzipio inspiratzaileak _txikizkako merkataritzak ohiko egiturari eustea, haren hazkundea harmoniatsua eta orekatua izatea, plusbalioen banaketa zuzenagoa izatea eta gizarte eragileen parte-hartzea egiazkoa izatea_ edukiz hornitzeko funtsezko elementu gisa.
Lurralde eredu loteslea zen; bertan arautu ziren baimenak lortzeko prozedurak eta, horrekin batera, inplikatutako administrazio publikoen erabakiak definitu ziren irizpide objektiboekin.
Lurralde eredu horren garapenari emaniko garrantzia bosgarren xedapen gehigarrian dago adierazirik, hilabeteko epea ezartzen baita Gobernuak lurralde ereduaren arloko foru legea garatzeko erregelamendua onets dezan.
Lurralde eredua munta handiko afera izan arren, Nafarroako Gobernuak agindu hori saihestu izan du, eta, Nafarroako Merkatarien Federazioak agerian utzi duenez, gaur egungo zehaztugabetasun juridikoa baliatu nahi du sektorean tentsio larria eragiteko, Nafarroan merkataritzaren banaketan desoreka larriak eragin ditzakeena.
Foru lege honen bidez ekidin egin nahi da zehaztugabetasun juridiko hori, ekidin daitekeen modu bakarrean ekidin ere, eta aintzat hartu, bidenabar, Nafarroako legegintza organoko gehiengoaren borondatea.
Artikulu bakarra
Saltoki handiak ezarri edo baimentzeko lizentziak edo baimenak emateari dagokionez, moratoria bat ezartzen da, saltoki handien lurralde ereduak indarra hartu artekoa, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriari jarraikiz.
Moratoria horrek eragina izanen du merkataritzako lizentzia berariazkoaren eskaera guztietan, baldin eta aldaketarako foru lege honek indarra hartzean uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 23.4 artikuluak aipatzen duen Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emailearen txostena ez badute.
Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.